«Gure etxean gozozaleak izan gara beti, eta gozogintzan aritzeko zaleak ere bai», dio Lucia Alvarezek (Urretxu, 1983). Langabezian geratu, eta telebistan sortze-gozogintza saioak ikusten hasi zen. Internet «meategi bat bezala» hartu zuen, eta bideoak, tutorialak zein blogak jarraitzeari ekin zion. Horrekin guztiarekin egin zuen lehenengo pastela. Ordutik, formazioa jaso du eta senideentzat nahiz lagunentzat tarta ugari sortu du. 2014an gozogintza lantegia irekiko du Urretxun; han gozo goxoak eta politak egingo ditu Irina Tartarova ezizenarekin.
Tartak dekoratzeko, besteak beste, koloretako azukre pastak, koloratzaile bereziak eta lanabes andana erabiltzen du. Errezeta errazen artean jogurt potoarekin egiten den bizkotxoa aipatu du, «oraindik erabiltzen dut»; zailena, berriz, «dekoratzeko erabiltzen ditugun loreak egitea da».
‘Cupcake’
Pastelak egiteaz gain, magdalenak, cupcake-ak eta galletak sortzen ditu, «hauek guztiak pertsonalizatuak egin daitezke». Euskal Herrian gozogintza tradizio luzea dagoela onartuta, «estetikari ez zaio horrenbesteko garrantzia eman. Amerikako Estatu Batuetan edo Ingalaterran urte asko daramatzate gozogintza hau egiten eta ahoa ohituago daukate. Dekoratutako pastel horiek guretzat gozoegiak badira, kanpokoa kendu eta barrukoa jan dezakegu. Hala, begietara gozoak diren pastelak jan ahal izango ditugu».
Gabonetarako sagar eta kanela tarta proposatu du, gurinaz eta gazta zuriaz egindakoa; pastela edo cupcake-a elurrez, zuhaitzez eta opariz dekoratuko luke. Lucia Alvarezek Irina Tartarovaren eskutik abentura gozoa hasiko du aurki.