Xabier Mendiguren Elizegi (Idazlea)
Abenduaren 27an, ostiralean, Beasaingo Usurbe antzokian, 13. aldiz ospatuko da Gau Laburra izeneko jaialdia, azken urtean gure artean egin diren film labur onenen emanaldia. Noizbait bertan izan bazara, badakizu gutxi gorabehera nolakoa izaten den. Inoiz agertu ez bazara, hemendixe egiten dizut gonbita, ikustea merezi duelakoan.
Film laburrak ikusteko gero eta aukera gutxiago izaten dugu: bai zinemetan, bai telebistan, desagertu egin dira programaziotik. Interneten aurki litezke, topatuz gero, baina jakin egin behar milaka zaborren artean gauza txukunak bilatzen. Eta hala ere, esango nuke kortoak direla zinemaren oinarria: batetik, hor trebatzen direlako zinemagile gazte guztiak eta film luzeak egiteko finantzaziorik ez dutenak; bestetik, laburra luzerako pauso bakarrik ez, berezko zinema-modu bat ere bada, artista askok goraipatua eta landua: ordu eta erdiko pelikulak berez dakartzan molde estetiko eta tekniko estuetatik libre, kontatzeko gai nahiz estiloen ugaritasuna dasta dezakegu horrelakoetan.
Horren froga dira hilaren 27an ikusi ahalko ditugun hamabi film laburrak: Borja Cobeagaren Democracia, Aritz Morenoren Cólera, Asier Altunaren Zela Trovke, Lander Camarero eta Iñigo G. Quesadaren Spanish Sindicalist, Aitor Apeztegia eta Xanti Ramirezen Thailandia, Alberto Gastesiren Ahaztutako denboraren mapa, Javi Alonsoren Hombre blanco, hombre negro, Izibene Oñederraren Hotzanak, Oskar Tejedorren Atrapados, Lander Camareroren Goenkale: amaiera, Arantxa Echevarriaren De noche y de pronto eta Koldo Almandozen Bandera.
Izen zerrenda hutsa bota dut hor, baina titulu horietako bakoitzaren atzean istorio bat dago, bakoitza bere gisakoa, denak ere desberdinak: badira fikziozkoak, dokumental kutsukoak, animaziozkoak, esperimentalak, parodikoak, misteriozkoak, poetikoak, kritika sozialekoak, txiste tankerakoak, euskaraz nahiz gaztelaniaz eta baita ingelesezkoak ere…
Hitzordua, esan bezala, urteko azken ostiralean dugu; gure artean izango dira zuzendarietako batzuk ere, beren filma aurkezteko, hasi aurretik, eta nahi duten ikusleekin hitz egiteko, ondoren. Eguberri egunetako tripakaden ondoren, bestelako plan bat, goierritarrentzat.