Inazio Usarralde
Zein itxura hartu dion urte berriari estreinako egun hauetan? Segundo gutxi batzuetan pentsatzen jarrita, ez dun oso zaila sumatzea datozen hilabeteetan hedabideek nolako albisteak haizatuko dizkiguten. Esate baterako, etxe askotan krisiaren adarra lepo barrenean mehatxuka izango diten. Gure poltsikoek gero eta zulo gehiago izango ditizten, hori seguru: argia gora, hipotekei (ezin) eutsi, lehendik aski txikia dutenen soldataren batzuk jaitsi…
Euskal Herriko egoerari erreparatuta, berriz, ez geundekenan batere gaizki pauso baikorrik ikusiko bagenu presoen eta iheslarien etorreran eta ETAren desarmearen auzian. Bi gai horietan aurrerapausorik izanez gero, beste gauza batzuk ere mugituko ditun. Horrekin batera, independentzia zaleok adi-adi erreparatu beharko zienagu Katalunia eta Eskoziako prozesuei, eta hango indarrarekin geure bidea egiten hasiko bagina…
Emakumeen aurkako indarkeriak gurean ez balu albisterik sortuko pozik nengokenan.
Horri guztiari, Madrildik iragarri diren bi gaiek ere nire arreta piztuko diten: Wert legea (hezkuntza) eta Gallardón legea (abortua). Horiek gurean zein eragin izango duten ez dun erraza igartzea baina, seguru asko, ez dun gure onerako izango!
Beraz, ez zaigun besterik geratzen: funtsean, alor guztietan, Lazkao, Euskal Herri edota mundu hobe bat nahi badugu, ahalegintzen segitu beharko dinagu, bakoitza bere etxetik hasita!
Joxepa Madariaga
Urte berria, urte zerria, urte zirria, urte irria... Puntu asko jarri dizkidak, eta denei ezin diedanez erantzun, bi gaitaz ariko nauk:
Batetik, bertsoen errimetan, olatuaren puntan bukatu diagu 2013.a eta hasi 14.a. Aparretan ez gaituk itoko, noski, hi eta ni, bertsozale segituko baitiagu. Asko izango dituk, ordea, bertsoa = BEC formula dela uste izan eta, ondoko hilabeteetan, muturrekoa hartuko dutenak gure herrietan antolatuko ditugun bertso-afari eta bazkari, bertso-poteo eta era guztietako saioetan. Maila apalagoan, lasaiago jardun beharra ditek bertsolariek, bertso onak botaz eta saio onak eginez, tartean direla ez hain onak eta baita txarrak ere. Bertsolaritzak bertsolari asko behar ditik, BECeko zortzi izarrak baino askoz gehiago. Bertsozaleak behar ditik, herrietan, auzoetan, elkarteetan, eskoletan, kalean; saioak antolatuko dituzten, bertsoarekin gozatuko duten zaleak. Izan gaitezela, beraz, 14.000 baino gehiago egunez egun, han eta hemen.
Bestetik, ETAren desarmea, presoak, independentzia … gaien bueltan: triste nagok, egungo estrategia politikoak hala eskatzen duela eta gure onerako omen dela esaten ditek, baina tristura sentitzen diat lege oso gogorrak aplikatu ondoren, beren kondena bete (askok zegokiena baino handiagoa), kalean libre utzi eta beren familia, lagun eta herri kideok ongietorririk ezin antolatu izan dugulako, ezin izan dugulako sentitzen dugun poza adierazi, ezin izan ditugulako besarkatu. Bihotzean mina sentitzen diat. Aurrerapausoak ematen ari gaituk eta pazientzia beharko diagu. Halaxe, sendatuko ahal zaidak bihotzeko mina!