Urtea udalerri bat gehiagorekin bukatu du Gipuzkoak. Igeldori herri izaera onartu, eta 89. senidea bihurtu da. Goierrik gaur egun 22 udalerri ditu, baina azken bi mendeotan gora-beherak izan dira. Herri batzuk batu, besteak bereizi, denetariko joerak izan dira.
Batzeko joera 1960ko hamarkadan izan zen. Frankismoaren atzaparrek oratuta, ekonomikoki itota zeuden herri asko. Aldamenekoekin elkartzea izan zuten irtenbidea, nola udalak bultzatuta, hala goragoko organoek behartuta. Bi batze kasu izan ziren Goierrin.
Altzaga Itsasondori lotu zitzaion, 1966an. Biztanle gutxiko herria izanik, «finantza egoera larrian» zegoen. Eskaera onartu zioten, eta Itsasondoren menera igaro zen. Udal beregaintasuna 1992an berreskuratu zuen, Udalbatza eratu eta atzera herri gisa ibilian hasiz.
Lehenago, Oria Ibaiko Batasunean egon zen Altzaga, Itsasondo, Arama, Gaintza, Legorreta eta Zaldibiarekin batera. 1615ean hiribildu titulua erosi eta Ordiziaren eraginpetik atera ondoren, Gipuzkoako Batzar Nagusietara multzoan joateko —eta gastuak gutxitzeko— izan zen elkargoa, 1845 arte.
Beasainen ingurura
Industri jarduera handitzeak Beasaini ekarri zion aberastasunaren anparoan, inguruko herri beregainak ere erakarri zituen. Beasaini batzen lehenengoa Gudugarreta izan zen, 1882an. Udalerri izana zen 1615etik —ordura arte Seguraren agindupean zegoen—. Txikia zen Gudugarreta, eta ekonomikoki bideragarria ez zenez, lehenago ere saiatu zen Beasainen sartzen, baina Gipuzkoako agintariek ukatu egin zioten eskaria. 1882an lortu zuen.
Behin XX. mendean, beste bi herrik egin zuten gauza bera: Arriaranek 1927an eta Astigarretak 1929an. Astigarretaren kasuan, bizilagunek eskaria egina zuten aurretik ere, «nahiz eta Beasain hasiera batean baietza emateko uzkur azaldu zen», dio Josetxo Zufiaurre etnografoak Beasaingo mugak liburuan.
Arriaranek bestelako bidea egin zuen. 1692an Itsasorekin elkartu zen, eta orduz geroztik udalerri bakarra osatu zuten, alkate funtzioa bi urtean behin txandakatuta. Hala, 1927an Itsasorekin lotura eten, eta Beasaingo auzo izatera igaro zen.
Orain 210 urte Olaberria Lazkaotik bereiztu zen, 1804ko urriaren 15ean ofizialki.
Ezkio eta Itsaso
Batutako azkeneko kasua Ezkiok eta Itsasok osatzen dute. Oraindik indarrean da, nahiz eta bereizte asmoak planteatu dituzten bi herrietako bizilagunek, aurten.
Itsasok eta Ezkiok 1965ean osatu zuten udalerri bakarra: Ezkio-Itsaso. 1385ean Urretxuri batu zitzaion Ezkio, eta horregatik Segurarekin iskanbilak izan ondoren, 1441ean Segurara lotu zen. 1661ean banandu zen Areriako alkatetza nagusitik. Itsaso 1461ean izendatu zuen Gaztelako erregeak herritzat, eta Arerian sartu zen.