Espainiako espetxe ezberdinetan 22 urte egin eta gero, herria, mendiak, koloreak, usainak… aldatuta aurkitu dituzte Kepa Solanak eta Juani Delgadok etxera bueltan. 1991n atxilotu zituzten, elkarrekin. 2009ko urrian eta 2012ko otsailean ziren irtetekoak, baina Parot doktrina ezarri eta 10 urtez luzatu zieten ordurako beteta zuten kartzela zigorra. Urriaren 22an Estrasburgoko Areto Nagusiak bigarrenez bota zuen atzera doktrina eta azaroaren 26an eta 27an lortu zuten askatasuna, bi legazpiarrek.
Bista atzera botata «kartzela pertsonak suntsitzeko tresna» dela azaldu du Solanak. Barruan gauzak beste dimentsio bat hartzen dute, horregatik «edo ohitu egiten zara edo erotu egiten zara», dio. Kartzela barruan «defentsak eraikitzen dituzu bizirauteko. Orain, kalean defentsa horiek apurtu eta egunerokoan bizitzen ikasi behar dugu», dio. Giltzapean etorkizunaren kontzeptuak esanahia galtzen du, nolabait, eta «egunez egun bizi beharra dago», dio Delgadok. Garrantzitsuak dira guztiz, hala ere, kanpoan dagoenarekiko zubiak, harremanak eraikitzea, baita «barruan zure hizkuntza bera erabiltzen duten lagunak edukitzea ere», adibidez.
Biak bat datoz espetxeko bizimodua oso gogorra dela esatean, «batez ere euskal presoen kasuan», zehaztu dute. Kartzela guztiak ezberdinak diren arren, euskal presoen kasuan egunero «preso bakoitzaren gaineko informeak idazten dituzte». Pertsona kontrolpean edukitzeko, presioa egiteko bitartekoak dira horiek Solanarentzat. «Intimitatea ere lapurtzen dizute. Urte guzti hauetan nire bikoteari ‘maite zaitut’ esan diodan bakoitzean, norbaitek entzun edo irakurri duela jakin badakit».
Bizirautearen borroka
Azken urteetan «presoen borrokari esker» barruan zenbait gauza aldatu direla diote, «gauza materialak batez ere». Baina, oinarrian, egoerak gogorra izaten jarraitzen du: «Presoek protestan jarraitzen dute oraindik, eta gu analfabeto batzuk eginda ateratzen gara kartzelatik», dio Solanak.
Kalean egonagatik buruak oraindik barruan jarraitzen du, ezinezkoa baita goizetik gauera 22 urte bat-batean ezabatzea. Delgadori 2012ko otsailean, ateratzeko zehaztuta zuen egunean bertan, jakinarazi zioten Parot doktrina ezarri ziotela. «Niri baino lehenago beste preso batzuei ere ezarri zieten, eta burua hasita zegoen jada egoerara egiten. Dena den, danbatekoa handia izan zen», dio.
Solanak bere bikotekidearen bitartez jakin zuen, «telefonoz, irteteko data baino lau hilabete lehenago». Une «gogorrak» izan zirela diote biek. «Inpotentzia sentitzen duzu, are gehiago, ilegala dela jakinda», zehaztu du Solanak. Baina etsi eta «asimilatzea baino ez da geratzen» dio Delgadok; izan ere kartzelan «esperantza galtzen ere ikasten da».
Doktrina atzera botatzeko saiakeren berri izan zutenean mesfidantzaz jarraitu zituzten albisteak. Solanak aitortu duenez, «urriaren 22an hasi nintzen ni sinisten». Delgado ere iritzi berekoa da: «Kalean egon arte oso zaila da guztiz sinistea, espetxekoa beti izan baita gezurrez jositako mundua». Legeak oraingo honetan beraien alde egin badu ere, guztientzat ez dela berdina diote, «legea espainiarrentzat eginda» dagoela uste du Solanak. Dena den, «Estrasburgokoa zaplazteko handia izan da demokratentzat», Delagoren iritziz.
Estrasburgoko epaiak bazterrak nahastu dituela jakin badakite biek, eta «zenbait komunikabideren aldetik egon den desinformazioa ikaragarria» izan dela uste dute. Solanak irakurketa garbia egiten du gaiaren inguruan: «ETAk borroka armatua baztertzen zuela iragarri zuenean errealitatea beste bat izatera pasa zen, baina batzuk oso eroso bizi ziren egoera horretan».
Etorkizuna «gure esku»
Biktimen gaiak sortu duen zalapartaren gainean, biktimek justizia eskatzea ulertzen duela dio Solanak, «baina ez dut mendeku nahia ulertzen» zehaztu du. Ondorioak alde guztietan egon direla eta, «biktima guztiak aintzat hartuta, alde guztietatik eman behar dira pausoak, bakoitza gauden lubakietatik ateratzeko», dio. Biktimen mina ulertu beharra dagoela, baina «borroka armatuaren bidea aukeratu genuenon bizitza ere ez da erraza izan» uste du Solanak.
Guztiarekin borrokatzeak merezi izan duela ondorioztatu du Delgadok, eta etorkizuna «konplexua» bada ere, «gizartearen eskuetan zati handi bat» dagoela uste du. Solanaren iritziz, bestalde, «aldebakartasunaren kontzeptua» garbi eduki beharra dagoela eta «euskaldunoi gugan sinisten hasteko garaia iritsi zaigula» dio. Espainiak bake prozesua «kakaztu» nahi duen arren, «Euskal Herriaren historia beste balio batzuetan» eraiki behar dela esanez amaitu du.
- Elkarrizketaren bideoa ikusteko klikatu hemen.