Tere Madinabeitia
Ezetz eta ezetz esaten nuen, baina azkenean hasi naiz WhatsApp aplikazioa erabiltzen. Telefono mugikorrak eskaintzen dituen beste hainbat aukera bezala, gaztetxoentzako zela iruditu zitzaidan hasieran. Erabilera nere adineko jendearen artean ere zabaltzen joan zen heinean, nik ere behar nuela erabaki nuen. Eta eskerrak! Izan ere, gaur egun ez baitzara inor «uatxapa» ez baduzu. Nola, bestela, zuzenean hitz egin zure lagun eta senitartekoekin? Nola, bestela, jaso eta bidali bideo eta argazki xelebre guztiak?
Aitortu behar dut nere komunikazio beharretarako mesedegarria izan dela, jendeak telefono deia hartzen ez badu, «uatxapari» beti, baita lanpetuenak ere, erantzuten diolako. Horrela lortu dut elkarrizketatu nahi nuen hainbatekin harremanetan jartzea.
Baina, egia esan, gehiegizkoa ere iruditzen zait. Gure familian, esaterako, mutiko koskorrenek ere erabiltzen dute, eta oraintxe igaro berri ditugun Gabonetan egin genuen afari batean, telefonoak eta «uatxapak» mahai gainean izan genituen. Bat, txisteak kontatzen zituzten audioak eta bideoak jarri eta jarri aritu zitzaigun afalostean. Besteak, telefonoa eskuetan hartu eta andregaiarekin berriketan jardun zuen ia gau osoan zehar. Eta okerrenak, zaharrenak izan ziren, batak besteari aplikazio horrekin bidal daitezkeen argazkiak nola «tuneatu» erakusten ibili ziren eta.
Noraino iritsiko gara? Dohainik denaren aitzakiarekin, etxekoekin, familiarekin, lagunekin eta hain lagun ez direnekin komunikatzeko erabiltzen dugu, baita ondoko gelan badago ere. Ez ote zaigu ahaztuko elkarrekin hitz egitea eta benetan komunikatzea?
Idoia Luzuriaga
Nire lagunartean, ni izan nintzen aplikazioari heldu nion azkenetakoa eta sarritan entzun behar izan nuen «ordua banuela». Eta egia da, oso aplikazio praktikoa da. Zuk diozun bezala, norbaiten arreta lortzeko, hitzordua jartzeko, edozeren berri izateko, taldeka erabakiren bat hartzeko, sarritan ikusten ez dituzunekin konektatuta egoteko… bikaina da. Baina, «erabiltzen jakitea» beharrezkoa da, bestela jasanezina izatera heldu daiteke. Jasanezina, lagunarte edo familiarte egoera batean protagonismo gehiegizkoa har dezakelako eta jasanezina ni hara iritsi baino lehenago, haiek ni zertan jardun naizen badakitelako. Gaueko ordu txikitan gertatzen eta esaten direnak bertan izan garenontzat gera daitezela, mezedez! Pribatutasuna erabat galtzen da eta soinu, irudi, mezu, bideo eta txisteek interferentziak sortzen dituzte aurrez aurreko komunikazioan edo norberaren bakardade eta lasaitasun momentuan. Hori gutxi balitz, batzuetan, aurrez aurreko komunikazioa ordezkatzera jotzen dute. Gainera, egia esaten badizut, eta desatsegina izateko arriskupean jarrita, iristen zaizkidan berri batzuk bost axola zaizkit. Horregatik, nik mugak jartzen dizkiot aplikazio honi. Isilean jarri ditut zenbait talderen «txatak», taldetik atera izan naiz burua gehiegi berotu didatenean eta telefonoa itzali izan dut. Gero, bueltatzen ahaztu eta baten batek aurpegira bota dit «ez dago zurekin kontaktuan jartzeko modurik!». Bueno, noizbait «on line» ez egoteko eskubidea izango dugu ba!