
Urtzi urdinaren zale gara guztiok. Baina hodeiek eta lainoek estali egiten dute askotan. Era berean, gure gizartea ere hodeiek eta laino beltzek estaltzen dute sarriegi. Momentu hau, laino beltzen garaia da Euskal Herrian. Uste genuen, biolentzia amaiturik, honezkero aurrerapauso handiak emanak izango genituela. Baina gauzak beste ari dira gertatzen.
Aspektu juridikoa eta politikoa errealitatearen bi plano diferente dira. Hemen gertatzen ari dena (atxiloketak, debekuak…) juridikoki «defendagarria» bada ere, politikoki esan al daiteke beste horrenbeste?
Madrilgo gobernuak bakearen interpretazio barra dauka, eta, kosta ala kosta, hori inposatu nahi die beste guztiei. Ez dago debaterik. Eta joko-zelaitik bota egin nahi dituzte indarkeriaren absentzia hutsa ez dela nahikoa defenditzen dutenak.
Gero eta garbiago ikusten da tesi savaterinoa ezarri nahia, hau da, indarkeria ez ezik ideologia abertzalea errotik garbitu behar dela, ideologia horren sostengu diren faktore eta argumentu guztiekin batera; esate baterako, euskara. Nik esango nieke, Savater eta konpainiari, nazionalismoa urnetan borrokatu behar dela. Beste hau ere sarritan entzunak gara: euskara ez da erabili behar arma politiko gisa. Horretan ados gaude, baina hori esaten zutenek berek darabilte orain. Nik gauza bat erantsi nahi nuke: euskara kohesio-faktore garrantzitsua da, eta hala izan behar du. Poztuko nintzateke behingoz isilduko balitz, «euskararen inposizioa» dela eta, askok jotzen duen gezurrezko tronpeta hori.
Bestalde, esaten zuten terrorismorik gabe edozertaz mintza zitekeela. Praktikan non geratu da hori? Bestela, galdetu katalanei.
Beste aspektu bat, biktimen erabilpen politikoa, niri penagarria iruditzen zaidana. Egoera «gainditzen» lagundu behar zaie biktimei, horretarako behar dituzten laguntza guztiak eskainirik, eta mendekura bultzatu gabe.
Urtarrilaren 7an, Ramon Jauregiren artikulu bat zetorren DVn, non azpimarratzen den: «El fin dela violencia ha sido una victoria de la democracia limpia y rotunda». Badira hain garbia izan ez delako zantzu eta aztarna batzuk (Europak Espainiako estatuari belarritik emandako tiraizoak, eta abar), baina, lehena lehen, Ramon, momentu honetan gauzak oso gaizki egiten ari zarete; hain gaizki, betidanik biolentziaren kontra egon garenak zeharo dezepzionaturik sentitzeraino. Badakit ez zaudetela gobernuan. Hori da gutxienekoa. Makurrena da ez zaudetela oposizioan ere.
Beraz, hodeiak nagusi. Hodeien gainetik, ordea, ortzia beti urdin dago. Horretaz oroitze hutsak gogor eusten digu etsipenean ez erortzetik. Eta ohartzen garenean, zeru urdina azal dadin asko egin dezakegula, momentu horretatik aurrera egoera aldatu egiten da. Gure beldurrak, loturak, dependentziak, haserreak… indargabetzen hasten dira. Eta lainorik gabe, ikusiko dugu eguzkia; eta hodeirik gabe ilargia. Proiektuei, gorrotoa baizik gorrotatu gabe, bultza egiten diegunean, ostarte zabalak azalduko dira zeru-ortzian. Uneoro dugu aukera izar berriak ager daitezen laguntzeko. Etsipena eta desesperazioa dira baztertu beharrekoak.
Rufino Iraola Garmendia (Erretiratua)