Josu Zabaletak (Legazpi, 1948) Espainiako Itzulpengintzako Sari Nazionala jaso du berriki. Itzulpengintzan aitzindari izateagatik eta bere jardunean hizkuntza literario eta poetikoa sortu eta garatzeagatik egin diote aitortza, besteak beste.
Bere lan ibilbidea beti egon da itzulpengintzari eta euskal sorkuntzari lotuta. Senez itzulpengintza aldizkariko zuzendaria izan da, Hordago argitaletxeko euskarazko lanen arduraduna, Lur hiztegiko zuzendaria ere bai, baita Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen sortzaileetako bat ere.
Espainiako Itzulpengintzako Sari Nazionalarekin saritu zaituzte. Zer esan nahi izan du sari honek zuretzat?
Uste ez nuen aitorpen bat izan da niretzat. Batez ere nire kideen aldetik, hemengo itzultzaile lanbideko lankideek aurkeztu baininduten, Arantxa Auzmendik bereziki. Inoiz ez diot behar bezala eskertuko. Horrez gainera, sari honek euskararen munduan izan duen entzuteak harritu nau. Ni itzultzaileekin nago batez ere zorretan, Lur hiztegi entziklopedikoan izan genituenak, Rosetta Testu Zerbitzuak enpresan izan ditudanak… eta haiei eskertzen diet batez ere. Eta sari honek haien lana aintzat harrarazteko balio badu, horixe onena.
Ez da hau jaso duzun lehendabiziko saria, Euskadi Saria ere bitan irabazi duzu aurretik.
Ez zait iruditzen sariok itzultzaile bati aparteko ospea edo ohorea ematen diotenik. Idazle edo musikari bati sari bat ematen zaionean, beraien izena entzuten da eta haren obra entzutera edo irakurtzera bultzatzen du sari horrek. Itzultzaile bati sari bat ematen zaionean, haren izena baino gehiago itzulpena bera entzuten da. Eta itzulpenak irakurtzera bultzatzen duela sinetsi nahiko nuke.
Itzulpengintzak zer garrantzi dauka eta izan du euskal literaturan?
XX. mendera arte idatzi ziren liburuen ia erdiak itzulpenak ziren. Baina gaur egun ere, euskal literaturaren puska handi bat kopuruz itzulpena da. Literatur itzulpenek ia beti behartu eta zabaldu egin dute euskal literaturaren tradiziotxoa: forma berriak ekartzen dituzte, eredu berriak proposatzen. Horrek, hain zuzen, itzulpena literaturaren aurrerarazle, akuilatzaile bilakarazten du.
Eta zertan eragin du batez ere?
Gaur egun ez gara ohartzen, kanpotik egin diren itzulpenez gainera, Euskal Herriaren bizitza bera euskalduntzeko egin dela, beharbada, itzulpen ahaleginik handiena gure artean. Euskal Herriaren bizitzaren parte handi bat gaztelaniaz adierazten zen orain dela berrogei urte.
Hazten jarraitzeko beharrezkoa da orduan?
Gauza jakina da literatura baten biziberritzearen oinarrian itzulpen ahalegin handi bat izan ohi dela beti. Ez gara salbuespenak izango. Euskal literaturak aurrera egingo badu, itzulpena ondoan beharko du. Euskal literatura munduko literatura izango bada, munduko literaturak euskal literatura izen beharko du.
Beste hizkuntzetako itzulpenek euskaraz egindakoekin talka egiten al dute?
Gaur egun euskal literaturari ez dio ezer kentzen inguruko beste hizkuntza batzuetako itzulpen literarioak. Itzulpena beti da alderagarri, beti aldera daiteke jatorrizko testuarekin. Hala ere, zinez esan dezaket euskarara egiten diren literatur itzulpenak beste horiek bezain onak direla.
Itzulpengintza sormen lana ere bada, baina merezi duen aitortza egiten zaiola uste al duzu?
Geroz eta gehiago. Gaur egun zinez esan daiteke itzulpena aintzat hartzen hasia dela. Nolanahi ere, garai batean oso nabarmen bereizten ziren euskal literatura, itzulpena eta literatura. Dena den, gaur egun ez dago literaturarik munduko literatura baten barruan ez bada. Itzulpen mundu baten barruan, hortaz. Euskararen eta eremu urriko beste hizkuntza batzuen kasuan, are nabarmenago.
Itzulpen lan bat hasterakoan zein da jarraitzen duzun metodologia?
Jatorrizko testua irakurri, irakurri eta irakurri; ongi aztertu, aztertzeko behar diren baliabideak inguratu eta hobeto aztertu; testuaren alderdi guztiak aztertu, edo ahal direnak: zer, nola, norentzat… idatzia den. Eta gero, poliki-poliki itzultzen hasi. Bukatu eta berrikusi, berrikusi, berrikusi…
Itzulpen on bat egiteko zein irizpide jarraitu behar dira?
Itzultzaileak imitatzaile ona izan behar du, ahalik eta onena. Bere lana baino areago jatorrizko testuarena erakusten ahalegindu behar du. Imitatzaile ona ez da imitatzailea ikusarazten dizuna, hura ezkutatu eta imitatua gogorarazten dizuna baizik.
Itzulpen txar batek literatur lan on bat zapuztu al dezake?
Zapuztu esateko adina, ez dakit. Askotan esan izan da itzulpen txar bat hobea dela egin gabea dagoena baino. Ez naiz ausartzen horrenbeste esatera ere. Baina badira mesede handirik egiten ez duten itzulpenak ere.
Itzultzaileak itzultzaile baino lehen irakurle izan behar al du?
Itzultzaile izan baino lehen eta itzultzaile izan ondoren. Itzultzailea izateko irakurlea izan behar da beti; itzulpena bera irakurtzeko beste modu bat da. Horixe du ona besteren artean itzultzeak: ikastera behartzen zaitu, bizitza guztian ikastera. Hain zuzen, ikasteko irakurtzen da, eta irakurtzeko ikasten. Ikasitakoaren arabera ulertzen da irakurtzen dena; ikasi gabe ez dago irakurketarik, letrak ikusi besterik ez da egiten.
Zer da itzuli ez duzun eta gustura itzuliko zenukeena?
Definizioz itzuli gabe dagoen guztia. XIX. mendeko frantses literatura asko gustatzen zait; XX. mendeko italiar literatura ere bai, gaur egungo errusiar literatura ere bai. Beste batzuetara ez naiz horren ongi iristen.