Lumak, parpailak, oihal zatiak, sokak, gerrikotxoak… denetariko apaingarriak jartzen dizkie Josune Zabaletak (Zegama, 1989) botintxo-ei. Bota takoidunak, takoi gabeak, australiarrak bezala ezagutzen diren etxeko zapatilen tankerako botak… denekin ausartzen da Zabaleta, eta arrakasta handia ari da izaten.
Haur Hezkuntza ikasten ari bada ere, denborapasa polita aurkitu zuen zegamarrak duela hiru hilabete inguru. «Interneten ikusi nituen lehen aldiz horrela apaindutako botak. Gero, Beasaingo Arteka dendan ikastaro bat egin nuen, eta bertako irakasleari horrelako apaingarriak egiten irakasteko eskatu nion, eta horrela hasi nintzen», dio.
Eskua hartzen ari da
Hasieran Interneten ikusten zituen adibideak imitatuz hasi zen edergarriak egiten, baina, eskua hartzen ere hasi da eta material gehiago ere ari da gutxika-gutxika lortzen. Orain, eskuartean duen materialaren eta okurritzen zaizkion ideien arabera lan egiten ere hasi da.
Olentzerok eta errege magoek botintxo-en salmenta gehitu dutela dio, eta dagoeneko 20 pare baino gehiago saldu ditu. Bota batzuk erosi eta apaindu egiten ditu, baina, asko jendeak ekartzen dizkio, berak apain ditzan. «Postaz bidaltzen dizkidate batzuetan, eta apaintzen ditudanean postaz itzultzen dizkiet nik ere», azaldu du.
Nahi izanez gero, norberak eskatutakoaren arabera egiten ditu apaingarriak. Horrez gain, zapata pare batzuk erosi eta apaindu ere egiten ditu, gehienei gustatzeko modukoak, taila ezberdinetan, eta horrela ere erosten dizkiote.
Bota normalak apainduta 55 euroan saltzen ditu, bota australiarrak apainduta 40 euroan eta umeen bota australiarrak 25 euroan. Postaz bidali edota eskura eramaten dizkioten botak, berriz, 20 euroren truke apaintzen ditu. Postaren gastuak eroslearen kontu.
Josune Zabaletaren pitxiak ikusgai daude Interneten ere ikus litezke. Batetik, botintxo.wordpress.com blogean eta bestetik Facebooken eta Twitterren ireki dituen orrialdeetan Botintxo izenean.
Lortu duen arrakasta ikusita, gerora begira jarri du begirada Zabaletak. Botak apaintzeaz gain, eskulan gehiago egiten hasteko asmotan da. «Aurreraxeago kalentadoreak egiten hasiko naizela uste dut; orain egiten ditudan apaingarrien modukoak, baina, bota bakarra apaindu ordez, bota guztientzako balioko duten apaingarri aldagarriak». Feria batzuetara joaten hastea ere badarabilki buruan.