Eskualdeko hainbat kultur elkarte eta Herrikoetako ordezkariak, Jon Gorrotxategi beasaindarra, Xumai Matxain zaldibiarra eta neroni Madrildik bueltan gabiltza azken hilabeteetan. Xumai eta biok azkenekoz joan gara aste honetan hara, eta asko dira aurrerantzean joan beharko dutenak. Eta, asko, gehiegi, oraindik gurera itzuli ezin direnak.
Gure aurkako auzi hau arazoa baino aukera izatea nahi genuela esan genuen hasieran, uste genuelako, uste dugulako, konponbidearen aldeko konfiantzak eta zubiak eraikitzeko baliatu behar genuela. Horretan saiatu gara orain artean, eta horretan segi asmo dugu; gutako batzuri espetxe zigorra jarriko digutela uste dugulako.
Gu, ezker abertzaleko militanteak gara, eta hala aitortu dugu Madrilen auzitegian ere. Baina epaiketaren amaieran izan ohi den azken hitz baterako, azken alegatorako, tartean ez dugu gure aldarrikapena egingo, euskal herritarren ordezkaritza zabal baten esku utzi dugu azken hitz hori. GoiBerriren ale hau argitaratu den egun berean egin dute publiko adierazpena aurpegi ezagun ugarik.
Azken hitz hau ez baita gure aldarrikapena, edo ez gurea bakarrik behintzat; gure ustez Euskal Herrian jada sortu den sujetu berri baten, gehiengo berri baten adierazpena da eta zuena egiten baduzue kopiatu eta etxe atarian, dendako leihoan, facebook-en edo nahi duzuen tokian jarri eta hedatzeko deia egin nahi dizuegu. Honela dio gehiengo berriaren adierazpenak:
«Gu» berriarena
Zubiak eraiki nahi ditugu lehen harresiak zeuden lekuan. Gurea bando herria izan da. Identitatearen inguruko bateko eta bestekoena, ideologiaren araberakoena… eta garaile eta garaituena, «eurak» eta «gu», betiro. Baliteke, oraindik ere, hala izatea neurri batean. Baina bi urteko prozesu demokratikoaren ostean, subjektu berri bat sortu da, “gu” berri bat; gu, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizun berri baten alde egiten dugunak, konfrontazioa eremu politiko hutsera mugatuko den etorkizunaren jabe izan nahi dugunak; denok irabazle izango garen etorkizuna.
Etorkizunerako zubiak. Atzera begirako estrategia “antiterrorista”-ri lotzea herri honen etorkizunaren eraikuntzarako zama latza da. Eragile politiko eta sozial orok eman du urratsen bat denok batera ekin behar diogun etorkizuna eraikitzeko. Gehiago beharko dira, baina agerikoa da lekuz kanpo daudela konponbidea eten edo oztopatu asmoz eraikitzen dituzten harresi berriak, eta epaiketa hau horietako bat da, garrantzitsua gainera. Garaiz eta lekuz kanpo dagoen anakronismoa da.
Ilusio zubiak. Epaiketa hau, antzeko beste ekinbide batzuen antzera (edo estrategia beraren baitan egiten ez diren urratsen moduan) frustrazio eragile da. Herritarrok ilusio desioz gaude, ordea, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizuna eraiki nahi dugu, errespetua eta aitorpena oinarri izango dituena.
Justizia zubiak. Bada arrazoibide eta tresna juridiko aski epaiketa honen emaitza bakearen aldeko urrats txiki bat izan dadin. Justizia, garai berri baterako trantsizio ikuspegitik aplikatzen hasi behar da. Gure aurkako epaiketan berez delitu ez diren ekimenak aurkeztu ditu akusazioak froga gisa, hala aitortu du, gainera; helburuak dituzte epaitzen, ez bitartekoak, jardun politikoa dute epaitzen eta ez delituak. Egungo testuinguruan, politikak irten egin behar du eremu polizial eta juridikotik.
Horregatik guztiagatik, adierazpen honetan prozesu judiziala bertan behera uztea eskatzen dugu, edo auzipetu denak absolbitzea edo egokien den modua, baina 40 gazte hauek libre nahi ditugu.
Ion Telleria (Auzipetua)