Beasaingo Usurbe antzokiaren ondoan dagoen aldapan, 24 orduz janaria eta edaria saltzen duen makina dago. Aurrez Nafarroa etorbidean, Gernika pasealekuaren parean, zegoen makina hau eta bertan Zegamako Anatxe baserriko arrautzak zeuden salgai. Orain, Alegiko (Gipuzkoa) Ibai Ganzarainek erosi du makina eta areto ondora eraman du, «bistagoan gelditzen delako». Anatxeko arrautzak saltzen jarraitzeaz gain (dozena erdia 1,50 euroan), beste hainbat produktu ere erosi litezke.
Altzoko (Gipuzkoa) jogurtak kristalezko ontzietan saltzen ditu: bi neurritakoak daude, 0,65 euroan batzuk eta 1,60 euroan besteak. Gaztak laurdenkaka bilduta saltzen ditu zazpi euroan, Idiazabalgo Aranburu etxekoak eta Gabiriako Baztarrika baserrikoak; ketuak eta ketugabeak daude aukeran.
Baztarrikako ardi-esnea ere saltzen du, ostiraletik asteartera bitartean, «asteburuan jende gehiagok egiten duelako mamia eta Osasun sailak bost eguneko epea ematen duelako esne horren salmentarako», dio Ganzarainek. «Geroz eta esne gehiago» saltzen omen da eta, eskaintza egunerora zabaltzea ari da pentsatzen.
Produktu horiez gain, Ameztoi marka zarauztarrak prestatutako janaria ere saltzen da makinan: txipiroiak tintan eta haragi bolak saltsa espainiarrarekin.
Eskaintza handiagoa
Laster, produktu gehiago ere eskuratu ahalko dira: «Nafarroako zainzuriak, piperrak, barazki heltzeakaria, orburuak eta beste barazki batzuk».
Euskal Herriko produktuak dira makina honetan saltzen jarri nahi dituenak. Negozioa ongi pentsatua du. Orain arte aipatutako makinaren ezkerrean litxarreriak eta antzekoak saltzeko makina bat dago, eta beste aldean gelditzen den kristalaren lekuan pantaila digital bat jartzeko asmoa ere badu, hala nahi duten enpresek bertan publizitatea jar dezaten. Oraingoz, makinetako edukia iragartzen duten marrazkiak eta oharrak daude.
Ez dira apurtzen
Itxura batera, eman dezake arrautzak halako altueratik behera erori eta hautsi egingo direla, baina, makina honek igogailu txiki bat dauka, aukeratutako produktuaren altuerara igotzen da eta orduan erortzen da produktua, oso altuera txikitik, eta arrautzak ez dira hausten. Bertako produktuak 24 orduz esku-eskura daude janaria saltzeko makina honetan.