Igor Susaeta
Hasteko, agur bero eta zintzo bat Ormaiztegiko Arana tabernako ahizpei, San Andresetan gure basakeriak irribarre benetako batekin agoantatzeagatik; batez ere Izazpiko puntan, ezustean, agurtu ninduenari.
Beste batean deskribatuko ditut ordu txikietako astakirtenkeriak eta hankasartzeak. Badakizu? Etorkizunari buruz hausnartzen nabil. Bai, bai. Oraina bizitzeko-eta esaten dute ustezko iraultzaile izandako burges berriek elkarrizketatzen dituztenean, baina etorkizunak arduratzen nau; eta asko, gainera. Izango da, igual, egunero-egunero bizi dugunari argiak baino ilunak ikusten dizkiodalako. Eta ez naiz ari herrialde proiektuez-eta. Ez, ez, ez dakizu zenbateraino aspertzen nauten diskurtso absolutistek. Ari natzaizu zutaz, nitaz, hartaz, besteaz eta hangoaz, gutaz, eta elkarren artean komunikatzeko hartu ditugun bideez. Geroz eta oparoagoak omen, geroz eta aukera gehiago omen. Baina aniztasun horrek aurrez aurreko komunikazioari zenbateraino eragiten dion ikusten dudanean, ia-ia deprimitzeraino tristetzen naiz. Irudikatzen baititut keinurik, solasik eta irribarrerik gabeko harremanak. Hotzak, Unai, geure baitara are gehiago bilduko gaituztenak. Ez da izango, ordea, hautu pertsonal bat. Zerbaitek, norbaitek, bultzatuko gaitu, eta okerrena da ez digutela bakarrik egoten erakutsi. Izua diogula bakardadeari.
Bikotekide batek bestea ordezkatzen duela geure barrura egin beharreko bidaia hori saihestu nahi dugulako nola edo hala, adibidez. Baina bidean hausturarik ez gertatuta ere, harantz goaz, ziztu bizian. Badaukagu zeren aurka edo alde borrokatu, lagun.
Unai Kerejeta
Gogoratzen dut bai, Ormaiztegiko festetan nola ibili zinen Susaeta jauna. Ni ere han nintzen eta! Gogoan dut ordu txikietan elkartu ginela eta esan zenidala bazkaria eduki zenuela… eta ez nau harritzen gau hartan zuk basakeriak egin izana. Kar, kar, kar.
Bide batez, ez da ideia txarra hurrengo idatzia ordu txikietako pasarteen inguruan egitea. Baditut makina bat kontatzeko modukoak, beste batzuk berriz… ez dira hemen kontatzeko modukoak.
Komunikazio-inkomunikazioari buruz, berriz, arrazoia eman beharrean nago. Adibide garbienetariko bat da mugikorra piztu eta whatsappean 200 mezu dituzunekoa, hori bai, ia denak, lerdokeri-lizunkeriak, prefabrikatutako txisteak, beste bat ez dakit non bazkaltzen ari dela (eta plateraren argazkia), zapatila berriak erosi dituela besteak…. baina tajuzko ezer ere ez. Eta baldin badago, mezu itsaso horretan galtzen da, inork irakurri gabe.
Eta bitartean, ziur talde horretan dauden guztiek dituztela euren kezkak eta beldurrak, ametsak eta desioak… baina horiek sekula ez ditut ezagutuko. Ados guzti honekin, ezta Igor?
Internetarekin ere berdin, sare sozialetan mila lagun baino gehiago eta gero igande arratsalde aspergarri batetan ez duzu inor zinemara, paseatzera joateko edo sikiera hitz egiteko aurkitzen.
Gu ere ez ote gabiltza horrela, e-mailez baino ez gara eta kontaktuan jartzen. Noiz hartu genuen azkenekoz pote bat, kafe bat edo edari isotoniko bat elkarrekin?