Bertsolaritza genero ikuspegitik aztertu eta eraldatzeko asmotan lanean dabil Nerea Elustondo (Legazpi, 1981). Gaztetxotan heldu zion bertsolaritzari berak; Bertsozale Elkarteko genero taldean dabil gaur egun.
Buru-belarri ibili da lanean joan den larunbateko Bertso Eguna antolatzen. Generoa izan zuten sakoneko gai; umorea bidelagun. Konplexurik, lotsarik eta taburik gabe oholtzaratu ziren emakumeak. Ez ohiko irudia eman zuten. Zer pentsatua eman zuten. Bide berririk ireki ote zuten? «Ez gara biktimak, ez dugu negar egin nahi; emakume garela ospatu nahi dugu», dio berak.
Bertsozale Elkarteko genero taldeko kidea zara. Zein helbururekin egiten duzue lan?
Hiru emakumezkoz eta hiru gizonezkoz osatutako borondatezko taldea da hau. 2009an sortu zen, elkarteko koordinatzaileek proposatuta. Elkarteak jasotzen dituen sail bakoitzean genero ikuspegia txertatzen ahalegintzen gara. (U)morez jardunaldiak, hitzaldi irekiak edo sortzaileentzako formazio ikastaroak antolatzen ditugu. Saiatzen gara hori guztia jendarteratzen. Sarean daude antolatu ditugun jardunaldien bideoak…
Generoa lantzeko interesa ba al dago bertsolarien artean?
Nik uste dut gero eta gehiago direla interesa dutenak. Hala ere, oraindik badira kostatzen ari diren esparruak.
Aurtengo Bertso Eguna emakumeek antolatu duzue, emakumeak izan zarete protagonista…
Eta emakumeentzako eta gizonentzako pentsatu eta egindako saioa izan da. Badirudi generoarena emakumeon kontua dela, baina, hau guztion kontua da.
Jorge Oteizari buruz egin zenean nik ez nuen sentitu gizonentzat bakarrik zenik.
Matxismoa da denok izorratzen gaituena; emakumeak zein gizonak. Gu ez goaz gizonen kontra, gu matxismoaren aurka goaz.
Bertsozale Elkarteak berak proposatu zuen Bertso Eguna generoaren gainean antolatzea, ezta?
2008an Bertsozale Elkarteko Sustapen Batzordeak generoa gai hartuta Bertso Eguna antolatzeko proposamena egin zuen, baina orduan ez genuen posible ikusten.
Entzuna dut 1993. urtean bildu zirela batzuk. Gu duela hainbat urte hasi ginen mugitzen. 2003an lehen topaketa gisako bat egin genuen; 10 lagun elkartu ginen. Gutxi ginen, baina guretzat izugarrizko esperientzia izan zen. Han hasi ginen bertsolaritzaren eta emakumeen gaineko taldeko gogoeta egiten. Irailean, 10 urte geroago, antzeko deialdi bat egin eta Askizun (Getaria) 45 emakume bertsolari elkartu ginen. 16tik 66 urte arteko emakumeak; kezka eta mamu beretsuekin. Askizukoaren ondoren iritsi zen, berriro, Elkartearen proposamena. Oraingoan bai, apustuari heltzea erabaki genuen.
“Matxismoa da denok izorratzen gaituena; emakumeak zein gizonak”
Erronka potoloa izan al zen?
Bertso Eguna entzutearekin zerbait garrantzitsua irudikatzen dugu, serioa. Kursaala da, 1.800 ikusle… Horrelako saio asko ez dira egiten. Gure taldearen filosofia izan da garrantzia hori kentzea, presioa kentzea; horrek askeago lan egiteko aukera eman digu eta nik uste emaitza hobea ekarri duela.
Zer izan da lehen topaketa hartatik gaur egunera aldatu dena?
Emakumeen artean mugimendua sortu da, gogoeta asko ere egin da. Pentsa, Bertso Eguna antolatzen 37 lagun ibili gara, denak boluntario. Asko ikasi dugu.
Hala ere, ikusleen arreta bereganatuko zuen emakumeen presentziak eta gaiak berak.
Aurretik ere bazegoen ikusmina, eta nik uste dut, inor ez zuela indiferente utzi aurtengo Bertso Egunak. Publiko zabal baten aurrean gaia azaleratzeko behintzat balio izan du, eta zerbait mugitu zela esango nuke. Orain ikusi egin beharko da zein ondorio uzten duen horrek. Duela 20 urte, dozena erdi ez ziren izango mikrofonora hurbiltzen ziren emakume bertsolariak. Larunbatean, parte hartu zuten 56 sortzailetatik 48 ziren emakumeak, eta badira gehiago ere. Garrantzitsua iruditzen zait jendea horretaz ohartzea. Ez gatoz inori lekua kentzera, baina guk ere nahi dugu gure espazioa.
“Hiru emakume jarri zituzten sexuaz hizketan; aho bizarrik gabe aritu ziren”
Generoaren gaia zerbait serio eta ilunarekin lotzen da; zuek umoretik landu duzue.
Emakumeok genero bazterketa biktima bezala bizi izan dugu. Zein gaizki gauden, ezin dugu hau egin, ez bestea… beti negarrez. Traumak izaten jarraitzen dugu, baina ezin dugu biktimismoan erori. Emakume izatea ez dugu trauma bezala bizi, emakumeak garela ospatu nahi dugu.
Bertso Egunarena, beraz, aitzakia izan da genero ikuspegitik bertsolaritzaz gogoeta egiteko?
Dudarik gabe. Guretzat jabekuntza eskola bat izan da. Gogoeta asko partekatu ditugu, bizipenak ezagutu. Esperientzia izugarria izan da.
Topaketa horretan jasotakoaren arabera, nolako egoera bizi duzue gaur egun emakume bertsolariek?
Jaso dugun tradizio guztia maskulinoa da. Gizonen bertsoak ikasten genituen, gizonen posturak, kantakerak, umorea… gizonak imitatuz egin ginen bertsolari. Tradizio eder hori jaso dugulako zordun sentitzen gara, baina zein dira gure posturak? Kantaerak? Umorea? Horren bila gabiltza.
Emakumeek bere eredu propioa sortu behar dute?
Ez dakit eredu den hitza. Emakumeok gure espazio propioak behar ditugu. Bidea emakumeok eta gizonek, denok, egin beharra daukagu.
Zer da emakumeei gehien kostazen zaizuena?
Beharbada, umorea. Umorean indar handia dute erreferente konpartituek, eta badira zenbait gai historikoki tabuak izan direnak emakume baten ahotan. Launbatean hiru belaunalditako hiru emakume jarri zituzten sofa batean eserita sexuaz hizketan. Aho bizarrik gabe kantatu zuten. Ederra izan zen! Publikoan, emakumeak gozatzen, gizon batzuk ere bai; baina bat baino gehiagori egin omen zitzaion deseroso xamarra. Nik uste, oso bide interesgarria egin dezakegula umoreari tiraka.
Emakume bertsolariak oholtza gainean ordezkatuta al daude?
Taula gainean %20 gara emakumeak. Bertso eskoletan aritzen diren haurren %48 neskak dira. Helduetan %26. Plazetan %20 gara; 2005ean txapelketetan %15 parte hartzea izan zen; gaur egun %21ekoa. 2013 Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen fasean %30 ginen emakumeak.
Zergatik dago haurretatik gaztetxoetara horrelako aldea?
Nerabezaroa iristen denean neskei mamuak etortzen zaizkigu. Neskak eta mutilak oso ezberdin hezten dira. Mutilei beti publikoa izaten erakusten zaie, patioa okupatzen… Gu ere oso berandu ohartu ginen gure inguruan zerbait arraroa gertatzen zela. Sentitzen genuena beste emakumeek ere sentitzen zutela ohartu ginen.
Txapelketa Nagusia pasa berri denean, egokia al da Maialen Lujanbio, adibidez, emakumea dela azpimarratzea?
Nabarmena da emakumea dela. Batzuetan azpimarratzea komeni da, beharbada, baina berak Bertso Egunean kantatu zuen bezala: emakume hitza sarri entzuteak, bete egiten gaitu. Ez zait iruditzen Maialenen meriturik handiena lehenengo emakume txapelduna izatea denik; ez ekarri duen iraultza eta gero.
Emakume gehiagoko saioak ikusiko al ditugu?
Helburua ez da zazpi emakume eta gizonezko bat aritzea; kontua litzateke horrela aterako balitz hori natural bizitzea. Publikoak bertsolari gisa ikus ditzala.