Nerea Elustondo
Buru makiaveliko batek bakarrik asmatu dezakeen istorio bat kontatuko dizut Azkarate. Baziren behin, bi bertsolari gazte. Uda zen. Auzoan jai herrikoiak zirela eta preso eta iheslarien senideen omenezko kalejiran kantatzeko gonbidapena jaso zuten bi gazteek. Bertsolariek ohi dutenez, egin zuten euren bertso saioa.
Igaro ziren udazkena eta negua. Udaberri usainik gabe iritsi zitzaien bi gazteei epailearen aurrera joateko «gonbidapena». Kalejira batean bertsotan aritzea delitua omen eta Audientzia Nazionalak inputatu zituen.
Ohartu zara honezkero, ez dela istorio bat. Bertsotan egitea (ere) delitu da gurean! Jagoba Apaolaza gasteiztarra eta Iker Pastor Zalduondokoa dira inputatuak. Hil honen 24an eta 25ean, neguan, epaiketa dute Madrilen.
Protagonistak ez gara gu, baina izan gintezkeen. Etorkizuna gure esku dagoela sinesten ari garen uneotan, hemen nork agintzen duen erakutsi nahiaren erakustaldi zentzugabe bat gehiago.
Jagobari eta Ikerri elkartasuna adierazteko, Bertsolariak Libre egitasmoa jarri dute abian. Ekintza ugari ari dira burutzen, baina bihar zortzi (otsailaren 22an) bertso-agerraldi masibo bat egingo da Gasteizko Matxete plazan. Bertsozaleak eta bertsolariak, denak gaude gonbidatuta agerpenean parte hartzera. Zenbat kamiseta eskatu behar ditugu?
Gorka Azkarate
Bertsotan egitea delitu gurean, diozu. Eta zer ez da, bada, gaur egun, delitu? Ia ezerk ez gaitu harritzen honez gero, eta hori da, zalantzarik gabe, kezkagarriena. Komunikabideak itxi, hainbat eta hainbat elkarte klandestinitatera kondenatu, eta makina bat herritar atxilotzen dituzte inguruotan, gaur bai eta bihar ere bai. Beste inon gertatzen al da horrelakorik? Noiz arte iraungo du zentzugabekeria honek guztiak?
Bertsolariak inputatu izana, gainera, larria iruditzen zait oso. Bertsolari bat ezin baita kantatzen duenagatik epaitu, kanta baitezake guardia zibil erretiratu baten paperetik zein auto-bonba bat jartzera doan norbaiten paperetik. Hala ikusten dut nik behintzat. Jagobak eta Ikerrek euren pentsaera politikoa izango dute, baina ezeren gainetik bertsolariak dira, euren bertso jardunean ariko zirenak kalejira hartan… Zenbat bertso ez genituen, bada, kantatuko gutako bakoitzak, «inputagarriak»! Hitzak neurtzen hasi behar al dugu, bada? Badirudi baietz…
Ez dakit noraino helduko garen gurpil ero honetan, baina Euskal Herrian gertatzen ari denak ez dauka izenik. Egoerak hobera egingo duen itxaropena badaukagu, baina…