Maialen Akizu (Urretxu, 1996) bost urterekin hasi zen Zumarragako eta Urretxuko bertso eskolan. Ordutik, hamaika sari lortu ditu.
Nolatan bertsolari?
Duela 13 urte haurren bertso eskola berreskuratu zen eta orduan hasi nintzen. Bost urte nituen. Gainontzekoak zaharragoak ziren, baina gogo handia nuen eta utzi egin behar izan zidaten.
Giro ona aurkitu al zenuen bertan?
Bai. Adin eta ikastetxe ezberdinetako haurrak elkartu ginen. Egun, bertso eskolako irakaslea naiz, Manex Mantxolarekin eta Amaia eta Mikel Iturriotzekin batera.
Beraiekin entrenatzen al duzu?
Gabiriara ere joaten naiz. Izan ere, ama bertakoa da. Kanpoko lagunekin abesten ere saiatzen naiz.
Ba al dago alderik Urretxuko eta Zumarragako eta Gabiriako eskolen artean?
Bai. Estiloa, gaiak, kantatzeko era, umorea… erabat ezberdinak dira. Bi iturri ezberdinetatik edatea oso aberasgarria da.
Aurten azkenekoz parte hartuko duzu Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.
Hala da. Berriro irabaztea gustatuko litzaidake. Aurten ezberdina izan behar da: afari giroan egin behar dugu.
Zeintzuk dira zure erronkak 2014rako?
Gogotsu nago. Eskolartekoari bukaera polita eman nahi diot.
Nahi adina plaza al dituzue?
Nahi baino gutxiago. Umetan plaza batzuetara gogo txarrez joaten ginen. Egun, abesteko gogoa dugu eta ez dugu plazarik. Bertsolari asko gara, eta plaza gehienak BECeko zortzi finalistentzat dira. Normala da.
Nolako bertsolaria zara?
Zaila da erantzutea… Orain arte bakarkako lanetan erosoago sentitu naiz, baina egun ofiziotan aritzea nahiago dut. Gainera, natural abesten saiatzen ari naiz. Lehen potolokeriak botatzeko ohitura nuen. Umoreari lehen baino garrantzia handiagoa ematen diot. Bestalde, bertsoa saltzen dakidala esaten didate.
Hori ona da!
Ona botatzea, hobea!
Nola ikusten duzu emakumeen papera bertso munduan?
Nik ez dut Maialen Lujanbiok edo Nerea Elustondok sentitu zuten bakardadea sentitu. Beti beste neska batzuk izan ditut ondoan. Hori dela eta, ez dut asko hausnartu gai horren inguruan.