Jakitea elkarteak saria eman berri dio Maria Zabalari (Goizueta-Nafarroa, 1925), betiko sukaldaritzan aritu izanaren aitortza gisa. Zabala 50eko hamarkada hasieran iritsi zen Legazpira, San Sebastian egun batean, herria «xenda» bat baino ez zenean, ume bat besoetan eta bestea eskutik ezin eramanda, eta elurretan aldapan gora egin zuela biziki gogoan du. Azken 30 urteetan Zabala Legazpiko Gizarte Zentroko sukaldean aritu da lanean, musu truk. Egun egunero joaten da gizarte zentrora kartetan jokatzera; zentimo bat jokatzen dute partidako, «gure mahaia zentroko onena da».
Jakiteak saria emango zizula jakin zenuenean zer sentitu zenuen?
Poza eta emozioa. Legazpin Olaria eman zidatenean ere halaxe sentitu nintzen, nori eman eta niri… Korosti dantza taldekoek ere omenaldi bat egin zidaten. Urtean beste dantza talde batzuekin hiru truke egin ohi dituzte, eta dantzari gonbidatuei neuk eman izan diet gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen urterik urte.
Sukaldaritza zaletasuna ala ogibidea izan da zuretzat?
Beharrak eraman ninduen sukaldeko sutegira. Goizuetatik atera eta Donostiara joan nintzen neskame, baina nire eginkizun nagusia umeak zaintzea zen eta sukaldean ez nintzen gehiegi aritu.
Goizuetara itzuli zinen eta meategietako kantina hartu zenuen; hango sukaldean hasi al zinen?
Bai. Langile asko zegoen barrakoietan, eta gu etxe batean geunden. Ez nuen soldatarik, baina etxea, argia eta egurra debalde genituen. Gizona meategietako guardia zen.
Zein menu jartzen zenien meatzariei?
Potajea urdai pixka batekin, garai hartan babarrun asko jaten zen. Afaltzeko arrautza bakarra ipintzen nuen hiru lagunentzat, ilar gutxi batzuekin eta patatekin; horrekin nahikoa behar zuen, halabeharrez. Herriko langileak kamioietan etortzen ziren eta haiek beren jana ekartzen zuten; nik kanpokoei ematen nien jaten. Ordurako Extremadurako (Espainia) langileak zeuden, bat baino gehiago Esako urtegia eraikitzera etorritakoa.
«Meatzetako kantinan ez nuen soldatarik; etxea,
argia eta egurra debalde genituen»«Afaltzeko arrautza bakarra jartzen nuen hiru
lagunentzat, ilar gutxi batzurekin»
Zerk ekarri zintuen Legazpira?
Gure aita 33 urte zituela hil zen, anaia soldadu nuen eta ea Goizuetan geratuko ginen galdetu zigun, han aterabide handirik ez baitzegoen. Gure beste anaia Legazpin bizi zen, San Inazio auzoan. Brinkolako harrobian hasi zen lanean eta ondoren Patrizio Etxeberriaren lantegian; haren atzetik etorri ginen senarra eta biok.
Nolakoa zen Legazpi 50eko hamarkadaren hasieran?
Patrizio Etxeberriaren lantegia txikitxoa zen, eta Legazpi xenda bat. Muruko behiak San Inazio ondoan bazkatzen ziren eta guk egurra pinudietatik hartzen genuen. San Juan eta San Inazio auzoak zeuden, beste auzorik ez zegoen. Gizarte zentroa dagoen tokian ez zegoen ezer, eta kultur etxearen atzealdean etxe bat zegoen, dentistaren etxea.
Pentsioan hasi zinen lanean, baina ez sukaldeko lanetan.
Pentsioan lan egiten zuenak besoa hautsi zuen, eta bere tokia betetzeko deitu ninduten, garai hartan seguruak eta horrelakoak ez zeuden. Alaba zaharrena Arrasaten nuen (Gipuzkoa), izebaren tabernan lanean, eta nirekin ekarri nuen. Handik gutxira Patrizio Etxeberriaren etxean hasi zen lanean.
Zeintzuk ziren zure eginbeharrak pentsioan?
Lantegian ari zen jendea zegoen pentsioan. Egunean 60 ohe egiten nituen, 60 logela eta hiru korridore. Komunak ez nituen zenbatu, baina atera kontuak. Sukaldeko arduraduna ez zegoenean bakarrik lan egiten nuen bertan. Handik goiko pentsiora bidali ninduten, eta beste 5 urte egin nituen. Goikoan sukaldean egin nuen lan, 44 lagunei jaten ematen nien eta garbiketak egitera bi emakume etortzen ziren. Guztira, 26 urte egin nituen Etxeberriarentzat lanean.
Zure umeak non geratzen ziren zu lanean ari zinen bitartean?
Nahikoa koskortuta zeuden, eta beren kasa moldatzen ziren. Hori bai, eguerdian etxera etorri eta bazkaltzen ematen nien aurreko gauean prestatutakoarekin. Umeez gain, guk apopiloak ere izan genituen.
Nolako tratua zen apopiloekin egiten zenuena?
Nafarrak ziren eta eurek urdaia zein babarrunak ekartzen zituzten eta nik ardoa nahiz ogia erosten nuen. Nik erositakoa kobratzen nien loarekin batera, baina asko ere ez zen. Etxekoak ziren. Pentsa, behin Fatimara (Portugal) joatea otu zitzaigun eta apopilo batek etxera eraman zituen gure umeak, Nafarrora.
«Pentsioan 60 ohe, 60 logela eta hiru korridore
egiten nituen egunero»«Gizarte zentroko ospakizunetan bazkariak eta
afariak egiten genituen»
Bizitza zati bat Patrizio Etxeberriaren etxeari lotuta egin duzue. Nolako gizona zen?
Gure alaba bere etxera lanera eraman zutenean, alabari galdera bat egin zion: gure fabrikatik zein da zure aitak gogokoen duen erreminta? Sega zela eta ordubetean aitari eramateko sega ekarri zion. Nik ez daukat Patrizio Etxeberriaren kexarik.
Gizarte zentroko sukaldean 30 urte egin dituzu.
Bai, senarraren bitartez hasi nintzen, eta orain arte. Gauza gutxi zegoen hemen, gizarte zentroan, eta pentsiotik ekartzen genituen zopa-ontziak, kazoak eta lapikoak. Gerora erosi genituen hemen edukitzeko tresna guztiak; orduan aldundiak dirua ematen zuen, orain ez. Ospakizunak zeudenean bazkariak edo afariak egiten genituen, 300 lagunentzat ere bai.
Nola kalkulatzen dira kantitateak 300 lagunentzat?
Litro bat hiru lagunentzat, oilasko bat lau lagunentzat… Eta lehenengoek errepikatzen badute faltan izango duzu.
Eta menu bat, adibidez?
Haragi zopa, entsalada, oilaskoa, melokotoia eta anana.
Inoiz ez duzu kobratu, ezta?
Ez, urteak egin ditugu hemen musu truk lanean. Inoiz mahaikoei zertxobait gehiago eskatu diete eta eman egin digute.
Egun ez dirudi oso modan dagoenik ezeren truke lan egitea. Zer deritzozu?
Bada horregatik ari dela dena galtzen. Jendeak orain dantzan baino ez du egin nahi.
Gutxirekin bizi izan zara zu. Guztia edukitzea hain ona dela uste al duzu?
Gaur egun jendea ez dago ohituta larre motzean bizitzen.
- Elkarrizketaren bideoa ikusgai dago hemen.