Poltsa bete egitasmo eman diote hasiera Goierriko merkatariek 2014ari. Garai zailak bizi dituen sektorea den arren; geldirik geratzeko asmorik gabe, ekintza berriak sortu eta ideia berriak garatzen dabiltza lanean. Elkarren lehiakide izan beharrean, elkarlanean aritzea dute helburu.
Herrien bizkarrezur dira dendak, azokak eta ostatuak; auzoei eta kaleei bizia ematen dienak. Aberastasuna sortzen dute; lana ere bai. Egoera ekonomikoaren okertzeak eta erosketa ohituren aldatzeak zaildu egin du merkatarien egoera. Internet bidezko salmetakedo ordutegiak luzatzeak aldaketak eragin ditu sektorean.
Bailaran Beasaingo (Bareak), Ordiziako (Ordizian) edo Lazkaoko (Lazkaon)merkatariak, esate baterako, elkarteetan antolatuta daude. Segura da herri txikietan elkartea duen bakarra, Maduragain.
Handiek zein txikiek, laguntza eta babesa izan dezaten lanean dabiltza Goierriko Merkataritzaren Dinamizaziorako Bulegoan. Urtebete pasatxo darama bulegoaren arduradun Gorka Goikoetxea donostiarrak. Fisikoki Goikoetxeak berak Beasaingo Bareaken bulegoan lan egiten badu ere, izenak dioen bezala, Goierri osoko merkataritza dinamizatzeaz arduratzen da. Urtarrilaren amaieran bildu ziren Beasaingo Igartza jauregian herrietako merkatari elkarteetako ordezkariak; udal zinegotziak zein teknikariak; eta, Goitur eta Goiekiko arduradunak. Bertan, Goikoetxeak 2014rako egitasmoen berri eman zien.
2015erako Goierriko Merkataritza Txartela
prest eduki nahi duteKanpora begira, sarean produktuak saltzeko
ataria sortu nahi dute: ‘Goierri Marketplace’ gunea
Landu beharreko lehentasunen artean «elkarlanarena» azpimarrazen du Goikoetxeak. Herri bakoitzean udalak eta merkatal elkarteek (elkartea duten herrietan behintzat) elkarrekin egiten dute lan. Ez da gauza bera gertatzen herrien artean, ordea: «Elkarren konpotentzia gisa ikusi beharrean, saltoki edo elkarteen artean kooperatu beharra dago. Indarrak batu behar ditugu, lana elkarrekin egin eta ondoren bakoitzak berea egin dezala».
«Lehia» inguruneen arteakoa dela dio Goikoetxeak, ez eskualde barruko herrien artekoa. «Goierriren lehiakideak Donostialdea edo Tolosaldea izan daitezke; baina, Beasain eta Ordizia ez dira lehiakide, elkarren osagarri baizik», dio dinamizatzaileak.
Egitasmo berritzaileak
Merkatarien zein erosleen baldintzak hobetzeko asmoarekin, Goikoetxeak Goierriko Merkatal Txartela sortzea proposatu zien Igartzako batzarrean. Ordizian, Beasainen eta Lazkaon, badute berea; baina gero eta gutxiago erabiltzen dela eta ez duela jende berria erakartzen ikusi dute. Helburua, herri guztietarako balioko lukeen txartela erabiltzea da. «Erabiltzaileentzat abantaila ugari izango ditu. Herri guztietan erabili ahal izango da, udal baliabideak erabiltzeko aukera ere bultzatu daiteke. Visa txartela izango da, dirua ateratzeko ere balioko du, eta horrek balio gehiago emango dio», esan du Goikoetxeak. Hala ere, horrek ez du oztopatuko elkarte bakoitzak bere saltokietarako kanpainak egitea. Dinamizatzailearen asmoa eskualdeko merkataritzaren irudia indartzea da. Oraindik, txartel berria martxan jarri aurretik, merkatariekin eta banketxeekin lanketa egiteko dago; dena ondo joanez gero, 2015erako prest edukitzea espero dute.
Internet aukera gisa
Interneteko salerosketarako aukera arrisku gisa ikusi beharrean, aukera indartsua dela nabarmendu nahi du Goikoetxeak. Horregatik proposatu du Goierri Marketplace denda birtualaren ideia. Oraindik ideia hutsean dagoen arren, bailarako enpresak web atari batean biltzea da helburua, euren produktuak online sal ditzaten. Sarea enpresentzat erakuslehio garrantzitsua dela uste du. Garai berrietara egokitzea ezinbestekoa izango da merkataritza txikiari eusteko.
Elkarlanean aritzea onuragarria dela uste dute Goierri garaian ere
Urretxu-Zumarragan Bi-Tartean eta Legazpin Ilinti elkartea ere bizilagunek erosketak herrian bertan egin ditzaten sustatzeko lanean dabiltza. Ilinti elkarteko lehendakaria da Albon Retegi. Saltokiak eta ostalariak elkarteetan biltzea «onuragarria» dela dio berak. Dendetan hobariak izateko edo hainbat kanpainetan parte hartzeko erosketa txartela martxan dute Legazpin; «azkenean helburua jandeak bertan erostea da, hortaz erakargarri egin behar dugu», dio lehendakariak. Aurreko urteetako dinamika berarekin jarraituko dute kanpainak eta ekintzak egiten. 1991z geroztik hasi ziren elkartzen eta lanean Urretxuko eta Zumarragako merkatariak ere Bi-Tartean elkartean. Saltokien arteko koordinazio lanak egin eta topagune izatea dute helburu. Erosketa txartela indartzeaz gain, urtean zehar erosketak sustatzeko kanpainak egingo dituzte.