Badira 38 urte Sahararrak euren lurretatik ihes egin eta Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan babestu behar izan zutenetik. Ordutik, kanpo-laguntza da errefuxiatuen kanpa- lekuetako biztanleen bizibide bakarra. Saharako herriari egun bakoitza zapalkuntzaren azkena izan daitekeen itxaropenarekin bizitzen laguntzeko, eta baliabide materialak emateko, justiziaren, kulturaren, osasunaren, hezkuntzaren, gizarte-laguntzaren eta nekazaritzaren arloko zereginak bete ahal izan ditzaten laguntzeko helburua dute. Azken batean, bizirik jarrai dezaten.
Hainbat pertsonak, erakundek eta gobernuk zokoratua duten gatazka da Mendebaldeko Sahara herriarena. Eta 38 urte igaro dira. Aspaldi begiak itxita bizi dira, Saharako herriari egunez egun giza eskubideak ukatzen zaizkiola ez ikusteko; belarriak estaltzen dituzte, gai horretan erantzukizunak hartzea eskatzen duen jendarte-mugimenduaren ahotsa ez entzuteko; eta ahoa ixten dute, esaten dutenarekin zapaltzailea ez mintzeko.
Ondorioz, gogorra da Sahara okupatuan, sahararrek bizi duten egoera. Ondorioz, krudela da 200.000 sahararrek Arjeliako desertuan, desertuaren gordinean, errefuxiatu kanpamenduetan bizi duten egoera.
Honetan, Mendebaldeko Sahararen gatazka ez ahazteko ahalegin xumea da Goierriko Sahararen aldeko lagunak dugun giltzarri nagusia. Gure xumetasunean hainbat egitasmo burutzeko ahaleginean jarduten dugu.
Aurreko astean, Saharako herritarrentzat elikagaiak biltzeko kanpaina abiarazi genuen Goierriko hainbat ikastetxetan eta supermerkatutan. Lau egun eta helburu bat: 200 kutxa janariz betetzea. Helburua soberan gainditu da eta Goierriko familiek eta herritarrek erakutsitako jarrera eta elkartasuna itzela izan da. Guztira, 3.800 kilo janari eta konpresaz betetako 15 zaku bidali ditugu Euskal Karabanara. Dagoeneko guztia kanpamenduetara bidean da.
Elkartasunari esker, modu eta leku ezberdinetatik jasotako elkartasuna ezinbestekoa du Saharako herritarren errefuxiatu kanpamenduetako bizitzak, bizirauteko.
Soilik antolatutako egitura sendoari eta elkartasun sentimendu handiei esker, izan dira gai gizarte antolatu bat eraikitzeko desertuaren gordinean.
Eta honetan, oraingoan ere, goierritarrek agertu duzuen jarrera, Sahara herriari dagokion aitortza eta askatasuna aldarrikatzeko baliatu nahi dugu.
Hurrengo egunetan eta hilabeteetan ere bidean topatuko gaituzue. Oporrak bakean egitasmoa ate joka dugu, eta haur sahararrak goierriko familietan uda pasatzeko aukerak handitzeko «harrera familiak» topatzen egingo dugu ahalegina. Errefuxiatu kanpamenduetako haurren bizi-maila eta bizi-kalitateari modu eraginkor batean eragiteko sortu zen egitasmoak ere goierritarren eskuzabaltasuna eta konpromisoa behar baitu.
Mila esker eta laster arte!
Goierriko Sahara herriaren aldeko lagunak