Ion Muñoa
Udaberriaren atari-festak, inauteriak, gain-gainean ditugu eta badugu garaia mozorroak prestatzen hasteko. Irudimenari bide eman eta aukerarik ez zaigu faltako norbere izana utzi eta beste zerbaiten/norbaiten mozorroa janzteko kanpotik eta barrutik. Izan tradizionalago edo modernoago, izan transzendentalago edo lurtarrago, umorez beteta beste norbaiten larruan jartzea da kontua.
Mozorroen aukeraketaren atzean, ordea, badago mundu kultural eta sinboliko bat, erreferenteen mundu bat. Ez da gauza bera pailazoz janztea edo Spiderman-en arropak soineratzea; ez da berdina Ziripot bihurtzea edo andaluzez disfrazatzea; ez da igual Txatxo-ren litsak soinean eramatea edo Ipar Ameriketako indioen jantzien telak zintzilik eramatea. Ez da gauza bera.
Gure mundu erreferentziala Hollywood-etik abiatu eta Madrildik bueltan iristen bazaigu (Parisek honetan ez digu hainbeste eragiten zorionez eta zoritxarrez), ez da harritzekoa Tolosan nahiz beste herrietan kapela handidun mexikarrak, guardia zibilak (jada hau ere ezin), zonbiak, bakeroak, toreroak, Bob Sponja-k, Hello Kitty-ak eta abarrak koloretsu ikustea kaleetan salto, dantza eta brinkoka. Aitzitik, badirudi ikastola eta eskoletan ohikoak direla joaldun, Txatxo, Ziripot eta antzekoen euskal tradizioko (?) mozorroak. Guk gure haurrei gurea den hori irakasten ez badiegu, nork irakatsiko die ba? Nola ikasiko dute ba zer den gurea eta zer ez? Baina inauterietan halakoak egin, eta gero egunerokoan, ez ote daude oso urruti mundu erreferentzial horretatik liburu, telebista, joko, xaboi, pintura, koaderno, karpeta eta abarretan? Ez ote ditugu inauteritan bi bider mozorrotzen gure haurrak?
Eneritz Gorrotxategi
Inauterietan bi bider, eta egunerokotasunean ez ala? Geu ere ez al gara egunero mozorrotzen, gizartean hain barneratuta dauden rolak segi beharraren segi beharraz? Tamalez gizartean bizi dugun egoera gordinak ez du egunerokoan irribarre askorik egiteko aukera handirik uzten, eta inauterietan bada ere, geure buruaz eta ingurukoaz barre egiteko lizentzia hartu nahi duenari ez diot nik oztoporik jarriko. Batzuk nahikoa izaten dute ileorde bat jartzea eta besteek, berriz, karroza osoa apainduta izanagatik ere graziaren erdirik ere ez. Norberak ematen dion umore kutsua da balio duena.
Egun bateko mozorroa, mozorro hutsa da; eta ez dut uste gain hartuko dionik urtean zehar egindako lan mardulari. Hautatzen den mozorroak, egiten denak, prestatzen denak, beti ematen du ikasteko bidea, baina erreferentziak egunero eta uneoro hartzen dituzte haurrek, ez pentsa! Etxeko sukaldean hasten da heziketa: nondik gatozen eta nora goazen etxean ikasten da, ez da ikastola edo eskolaren kontu hutsa. Helduok gara haurrek ulertuko dutenaren inguruan interpretazioak egiten jarduten dugunak.
Aurten ere izango dira Bob Sponja-k edo Hello Kitty-ak, Mielotxin, Ator eta Txatxo-ak baina ziur nago «txorixo, zerri eta lapurrak» ere ez direla faltako, batzuk gainera, mozorro asko behar ez dutenak izango dira. Ikusiz ikasten da eta ondo pasatuz ere bai.