Ikurrina legeztatzea eta mende bat lehenago galdutako foruak berreskuratzea izan ziren, besteak beste, Alkate Taldearen kezkak, 1977an. Goierriko bost-bat alkate hasieratik ibili ziren, Martin Perez de Albeniz Ormaiztegikoa tartean.
Historia zikloen errepikapena dela diotenek, Euskal Herrian adibide bat baino gehiago aurkituko dute. Udalbiltzak Euskal Herritarrak gara ekitaldia egingo du, bihar, Ordizian, eta tartean «euskal herritartasun ildoa» landuko dute. Orain 37 urte ere sentipen bera egikaritu nahi izan zuten zenbait alkatek, 41 urteko itzalaren ondoren Euskal Herriari, bere ikurrei eta legeei argitasuna itzularazi nahiz. Alkateen Taldeak hartu zuen euskal politikaren abangoardia; Bergaran eta Deba Goienean sortu zuten, eta Goierrin zabaldu zen berehala.
Franco hil ondoren, 1976an demokrazia organikoa ezarri zen, haren arauetara. Alkateak aldatu zituzten herrietan, baina lehengo lepotik segi nahian: hatzez. Herri mailan gizon herrikoiak —artean denak gizonezkoak ziren—, elkarteetan lana egin eta ekitaldiak-eta antolatzen iaioak, sartu ziren udalbatzetan. Bestetik, herriaren sukarra aspaldian ez bezain gora igota zegoen. Aldarrikapenak, protestak eta euskal herritartasuna sendotu zezakeen edozer lortzeko irrika zegoen. Bi osagaiek bat egin zuten, eta zenbait alkatek dimisioa eman zuten, presioaren presioaz.
Halako zerbait gertatu zen Ormaiztegin ere. Martin Perez de Albenizek (Viana, Nafarroa, 1939) 1976ko martxoaren 28an hartu zuen alkatetza. «Aurrekoetatik inork ez zuen segitu nahi. Ni beasaindarra naiz, eta aitonaren herrian, Vianan, jaioa. Ezkonduta etorri nintzen Ormaiztegira. Irizarren nenbilen lanean, eta hortik kanpora saltsa askotan: elizaren inguruko gaietan, eskubaloian, Basotxulo elkarteko lehendakaria nintzen… Lankideek ere animatu ninduten».
Alkate Taldean hasieratik parte hartu zuen Perez de Albenizek. Harekin batera, Goierritik Gabiriako alkatea (Andres Goia), Urretxukoa (Juanito Arbizu), Legazpikoa (Prontxio Larrañaga) eta Zaldibiakoa (Juan Mari Etxeberria) bildu ziren, lehen unetik.
Ikurrina, lehen auzia
Euskal foruak kendu zituztenetik mende betera hasi zen, Bergaran, atzera euskal estatutua berreskuratzeko mugimendua, 1976an. Ondoren, Alkate Taldeak ikurrina legeztatzea, preso politikoen amnistia eskuratzea, estatutua lantzea —Nafarroa barne—, eta udal hauteskundeak aurreratzeko eskatzea izan zituen Espainiako Gobernuarekin borroka gai.
Artean alderdi politikoak jokoz kanpo zeuzkaten, eta Alkate Taldeak hartu zuen gidaritza. Madrilera joan ziren, Rodolfo Martin Villa Gobernazio ministroarekin elkarrizketatzera, 18-20 bat alkate. Tartean Perez de Albeniz, Etxeberria, Larrañaga eta Arbizu, auto berean joanak.
«Marcelino Orejak bazkaltzera gonbidatu gintuen, Vianako Printzea jauregian. Izugarrizko bazkaria egin, eta lorategietara atera gintuen gero. Han lasai hitz egin gezakeela esan zigun, jauregian ‘dena entzuten’ zela eta. Martin Villari zuzenean foruen gaiarekin ez hasteko gomendatu zigun, bestela han bukatuko zuela bilera. Ikurrinarena ateratzeko modua ikusten genuen».
Adolfo Suarez zen Espainiako presidente, eta harekin hitz egitea ere lortu zuten, bileratik telefonoz. «Ikusarazi ziguten ikurrinarena baietz baina ezetz, ezetz baina baietz… Usaina hartu genuen Donostian ateratzeko asmoa zegoela. Ez geunden horretarako prest».
Hala, 1977ko urtarrilaren 19ko iluntzean udalbatzarrak deitu zituzten, herrietan. «Ikurrina nola jarri, bakoitzaren arabera utzi genuen. Ormaiztegin, Jose Julian Baztarrika zinegotzia eta ni irten ginen balkoira».
Ikurrina lortzea ere ondo pentsatu beharrekoa izan zen. «Zaldibiako alkatea eta biok joan ginen Donostiara, Ordiziako frontoi ondoan geratu, eta haren autoan, Madrilgo matrikula zeukalako. Horrela, Donostian bueltan Guardia Zibilak geratzea zailagoa izango zela pentsatu genuen. Beldurrez joan ginen». Gauez itzuli ziren, kotxean lau ikurrina hartuta: Ormaiztegi, Gabiria, Urretxu eta Zaldibiarako.
Oztopoa, Nafarroa
Ikurrina legeztatzea lortu zuten. «Baina helburua ez zen ikurrina, Estatutuaren zerbait ateraraztea baizik. Madrilgo bileran denetik hitz egin genuen, baina ikurrinari buruz gehiena. Nafarroa aipatzea laletxe zen jada».
Bigarren bilera bat ere egin zuten Martin Villarekin, Donostian. Hernaniko alkate Ignacio Iruinek eta ministroak aurrez aurreko gatazkatsua izan zuten: «Elkar iraindu zuten. Iruin aretotik atera genuen, bestela Guardia Zibilak eramango zuen. Esan ziguten komunitateetan banatuko zela estatua. Guk Nafarroa ere sartu beharra zegoela esaten genuen, haiek ezetz, Euskal Herria puskatu nahi zutelako. Hori zen gakoa».
Alkate Taldearen lekua alderdi politikoek hartu zuten, pixkanaka, eta bere horretan desegin zen mugimendua. 1979an egin ziren lehen udal hauteskunde demokratikoak.
Euskal Herriaren proiektuak Nafarroarik gabe zentzurik ez duela dio Perez de Albenizek. «Guztiok gara nafarrak. Izenak berdin dio, hala ere. Nafarroarik gabe dena mozten da: nekazaritza, lurraldea, garapena… Benetako muga Ebron dago, han garbi bereizten da lerroa».
Etorkizunean, Euskal Herria batzea alkateen mugimenduaren antzeko joeretatik etorriko dela ziur esaten du Perez de Albenizek, alderdietatik aparte.
Talde izaera sendoa zuen mugimenduaz oroipen polita
Alkate mugimenduaren garaiaren oroitzapen «polita» geratu zaio Martin Perez de Albenizi. Taldekoen artean giro ona zegoela dio, eta herrietako festetan elkar gonbidatzen zuten bazkaltzera, familia eta guzti.
Gertakari haiekin «beldurra» ere pasatu zuen, geroago. 1981ean militarrek estatu kolpea jo zutenean, adibidez. «Berez ausarta naiz, baina orduan ordu txarrak izan nituen, otsailaren 23 hartan. Ikurrina jarri genuenean ez nintzen jabetu, eta gero ere ez. Baina orduan konturatu nintzen zer esan nahi zuen».