Ipuin bat asteko bederatzi urtean zehar. Hori da Mertxe Aizpurua (Ordizia, 1967) ipuin kontalariaren marka, oraingoz. Ordiziako udal liburutegian 4 urtetik 9 urtera arteko haurrei ipuinak kontatzen dizkie. Kontaketarekin uztartzen ditu Jakintza ikastolan egiten duen antzerki irakasle lana eta gozoki denda batean egiten duena; «umeak dauzkat beti inguruan», dio. Urtetan San Joan suan Marirena ere egin du; aurten ez da aterako Mari bezala, «baina sorgin arruntarena» egiten jarraituko dut. Antzerkiko ikasketak egin zituen Donostian, «duela denbora asko…».
Nolatan hasi zinen Ordiziako liburutegian ipuin kontaketak egiten?
Aurretik beste neska batek egiten zituen, hark utzi behar zuela, eta Blas Usabiaga liburuzainak deitu zidan erreleboa hartzeko prest ote nengoen galdetzeko. Baiezko borobila eman nion. Aukera paregabea zela pentsatu nuen. Bertigo pixka bat ere sentitu nuen, izan ere, haurrak publiko zorrotza eta oso naturala dira. Umeak, zerbait gustuko ez badute, aspertu egiten dira eta beste edozertan hasten dira; liburutegian, esate baterako, hasperenak egiten edota bira egin eta apaletako liburuak begiratzen.
Urte osoan aritzen al zara astean behin liburutegian ipuinak kontatzen?
Kontaketa gehienak negu partean egiten ditugu. Urrian hasi eta apirila bitartean izaten dira, astean behin, arratsaldeko bostak eta erdian beti.
Lau eta bederatzi urte arteko haurrentzako kontaketak dira, baina adin tarte bitxia da, lehenengo haurtzaroa eta bigarrena nahasten dituelako.
Egia esateko, zer pentsatua eman digu azkenaldian eta beharbada aldatuko dugu. Datozen haurrak gero eta txikiagoak dira. Nagusiagoak ez datoz txikien aldean etortzeko handiegiak direla uste dutelako. Adin tarte hori jarri zen bere garaian, baina, agian, eskariaren arabera doitu egin beharko dugu.
Saioak ere doazen umeen arabera moldatzen al dituzu?
Bai, noski. Ez da gauza bera haur txikiagoei ala haur nagusiagoei ipuina kontatzea. Saioetara datozen haurren ezaugarrien arabera prestatutako ipuinak moldatzen ditut. Ume asko etortzen da, haurren liburutegia lepo egoten da, 45 bat haur etortzen da, batez beste.
Zein da kontaketaren dinamika? Mozorrotzen al zara? Maletarik edo antzekorik ba al daramazu?
Ni ez naiz mozorrotzen, haurrak atera, eta poltsa laranja handi batetik hartzen ditudan objektuekin mozorrotzen ditut: ileorde edo pelukak, kapelak, loreak… Ipuinekin zerikusia duen edozer gauza ateratzen dut. Haurrek poltsa ikusi, eta badakite ipuina dagoela.
Nola prestatzen duzu kontaketa bakoitza?
Hasteko eta behin adinari erreparatu beharko nioke, baina nahastuta daudenez, nik ipuin bat prestatzen dut eta datozen haurren arabera inprobisatu egiten dut, moldatu, alegia.
Nola?
Hizkuntza eta keinuak aldatzen ditut. Horiek dira, hain zuzen, ipuin kontaketaren giltzarri nagusiak. Ahots tonuen, keinuen eta esaeren bitartez haurra ipuinaren mundura gonbidatzen duzu. Gure kontaketetara datozen umeak berdinak izaten dira luzaroan, eta beren eboluzioa gertutik ikusten dut. Poliki-poliki konfiantza hartzen dute, batzuetan harrotzeraino ere, eta hori ere ez da oso ona. Edozein kasutan, lehen aldiz ateratzen direnean lotsatuta ikusten ditut, eta kontaketa gehiagotara datozen heinean, denek eskua altxatzen dute erdira ateratzeko. Niri haurrak kontakizunaren parte izatea gustatzen zait; horregatik, ipuinak beti formula berarekin amaitzen ditut: orain txalo bero bat zuentzat, eta beste bat niretzat.
Eta ipuinak nola aukeratzen dituzu?
Ipuin bat kontatzeko hogei bat irakurtzen ditut. Liburutegian hartzen ditut, ikastolan begiratzen dut, Interneten bilatzen ditut… Ipuin batzuk motzak dira eta nik 45 minutu inguruko kontaketak egiten ditut. Inoiz ez dut irakurritako ipuin bat bere horretan kontatu, moldatu egiten ditut. Pertsonaiak aldatzen ditut eta berriak sartu edota bukaerak nire beharretara egokitzen ditut.
Aurretik esan duzu ipuina gustuko ez badute aspertu egiten direla. Ez da erraza izango denen gustuko ipuina kontatzea, ezta?
Amaieran ea gustatu zaien galdetzen diet. Inoiz batzuek asko gustatu zaiela eta beste batzuek batere ez zaiela gustatu esan izan didate. Ipuin bat denen gustukoa izatea oso zaila da.
Zuri zer ematen dizu ipuin kontalari jardutea?
Umeekin hartu emanean egotea etengabean; asko erakusten didate. Emozioak eragiten dira ipuinekin, ni barrea sortzen saiatzen naiz; hori da gainera gehien betetzen nauena, haurren barrea entzutea. Gainera, burua lantzeko balio dit; ipuinak irakurtzen eta moldatzen ditut, eta dagoeneko sorginak eta ipotxak belarrietatik ateratzen zaizkit.
Zein da zure ipuin faboritoa?
Beldurra zer zen jakitera joan zen baten ipuina.
Kontatuko zenuke?
Gazte batek ez daki beldurra zer den. Gaztelu sorgindu batean hiru gau egiten baditu, erregeak bere alaba ezagutzeko aukera emango dio. Ez du beldurrik pasatzen, alaba ezagutu eta maitemindu egiten dira. Neskak haurdun dagoela esaten dionean gazteak beldurra zer den ezagutzen du lehenengo aldiz; aita ona izango ote da?