Aisialdi guneaz gain, ondare natural aberatsa jasotzen duen eremua da Oiangukoa. Ingurua aztertu eta kudeaketa plana eginda, herritarrengana gerturatzeko lehen pausoak ematen hasi dira Aranzadi eta Udala elkarlanean.
Ordiziarrek asko erabili eta estimatzen duten ingurua da Oiangukoa. Zaindu eta mantendu beharreko gunea da, balio natural eta paisajistiko nabarmenekoa. Aisialdi gunea eta larreez gain, inguruan duen baso masa oso aberatsa da, gainera, ikuspuntu ekologikotik.
Azken urteetan polemikak ere zipriztindu du Oiangu, golf eremuaren proiektua zela-eta. Gunearen lehengoratzea izan da Ordiziako Udalaren azken bi urte eta erdiko erronketako bat. Herritarrekin parte hartze prozesua ireki zuten parkearen etorkizuna zehazteko; hala, golferako jarritako hormigoizko 28 zutoinak kendu zituzten; mahai, eserleku eta erretegiak konpondu; eta Oianguren baserriaren teilatua ere konpondu zuten. Parte hartze prozesu horretatik jasotako ideia izan zen Aranzadi Zientzia Elkarteari Oiangu eremuaren gaineko azterketa egin zezan eskatzea ere. 2013an zehar osatu zuten Aranzadiko Botanika sailekoek Natur Balioen Azterketa eta Interes Bereziko Guneen Inbentarioa. Ondoren, Oiangurako kudeaketa plana osatu zuten eta otsailean lehen ekintzak garatzen hasi dira. Udalak bost urterako hitzarmena egin du Arazadirekin parkea kudea dezan.
Zuzenean hartu du parte azterketan eta kudeaketa planaren diseinuan Yoana Garciak (Ordizia, 1984); Aranzadiko Botanika saileko kidea da bera.
Natur ondarea
Aranzadik egin duen azterketan ondare naturalaren hainbat aldagai ikertu dituzte: habitatak, fauna eta flora espezieak, eta paisaia. Ondare natural aldetik garrantzitsuena aisialdi gunearen inguruko basoak eta horiek larreekin batera osatzen duten mosaiko egiturazko paisaia da. Azaleraz horren eremu zabala ez bada ere, biodibertsitatearen ikuspuntutik garrantzi handia duten hariztia eta haltzadia bezalako baso autoktonoak jasotzen dira bertan. Baso mota horiek Gipuzkoan zein EAEn bereziki suntsituak izan dira beste landaketa artifizial batzuen mesedetan eta hainbat azpiegitura eraikitzeagatik. «Ordiziakoa baso masa jarraia da, dibertsoa, ikuspuntu ekologikotik oso garrantzitsua», dio Garciak. Bertan dauden zuhaitz eta landare espezie gehienak arruntak dira Gipuzkoan; baina, Oianguk duen berezitasuna dibertsitatea da.
Yoana Garcia Aranzadiko kidea:
«Baso masa jarraia da, dibertsoa, ikuspuntu
ekologikotik oso garrantzitsua»«Ezagutzen duzun hori maitatzen duzu; eta
maitatzen duzuna zainduko duzu»
Bereziak dira Oiangun aurki daitezkeen zuhaitz mugarratuak ere. Ikazkinek ikatza egiteko adarrak mozten zizkietenez forma berezia dute gaur egun zuhaitz horiek. «Forma horrek ahalbidetzen du zuhaitz horietan animalia, landare, goroldio zein onddo espezie ugari bizi ahal izatea», dio Garciak.
Hariztira inguratu eta basoa bera dentsoa, landarez josia, ikusten dugunean askok «zikin» dagoela uste duten arren, hor dagoena «aberastasuna» dela dio Garciak, zaindu beharreko aberastasuna: «Zuhaitz zahar baten adar bat erortzen denean hor utzi behar da onddoak garatzeko, xomorroak bizi ahal izateko, txoriak jateko xomorro horien bila joateko, ugaztun txikiak bertan ezkutatu ahal izateko…». Egunez animaliarik ez ikusteak ez du esan nahi basoan bizirik ez dagoenik.
Baso horiek, inguruko landa-eremuko elementuekin batera mosaiko itxurako paisaia osatzen dutela azpimarratzen du Garciak; ekologikoki zein paisajistikoki balio handia du.
Altamirako putzuak ere harreta berezia merezi duela uste du Aranzadiko kideak. Artifizialki sortua izan den putzu bat da, baina inguru heze horrek fauna eta landare espezie ugari garatzea ahalbidetzen du. Garciak dioenez Txingudi edo Salburua bezalako hezegune handiak baloratzen ditugu, baina txikiak ere kontuan hartu beharrekoak dira. «Urteetan zehar ez zaie kasurik egin, asko nahita lehortu dira», dio berak. Altamirako putzuan badago, gainera, Gipuzkoan soilik beste lau lekutan dagoen landare espezie bat: urzain-belarra edo Alisma lancolatum.
Didaktikoki ere balioa izan dezakeen eremua da Altamirako putzua. Bertara bisitak egin, uretatik laginak hartu eta zein landare edo animalia espezie dauden ikusteko leku aproposa dela uste du Garciak.
Parkearen kudeaketa
Behin azterketa naturalistiko eta paisajistikoa eginda, ingurunea mantendu eta hobetzeko asmoarekin kudeaketa plana diseinatu zuten Aranzadi Zientzia Elkartekoek. Landu beharreko gaien artean jaso dute Oianguko habitat naturalak, seminaturalak eta espezie berezien kontserbazioan lan egitea. Biodibertsitatearen babesa ardatz nagusi izanik, espazioaren erabilera jasangarria eta iraunkorra bideratzeko egituraketa ere garatu dute.
Parkeak aisialdiaz eta ingurumenaz gozatzeko eskaintzen duen aukera aprobetxatuz, natur balioak ibiltariengana hurbildu eta naturarekiko sentsibilizazioa lantzea ere jasotzen du kudeaketa planak. Naturaren aldeko egitasmoak lantzearekin batera garrantzitsua da jendeari erakustea, horien aldeko kontzientzia har dezaten. «Ezagutzen duzun hori maitatzen duzu, eta maitatzen duzuna zainduko duzu», dio.
Paperetik ekintzetara
Oianguko balio naturalak herritarrengana hurbiltzeko ingurumen heziketa eta sentsibilizazioa lantzen egingo dute ahalegina. Planean jasotako lehen ekintzetako bat garatu zuten joan zen asteburuan, Txoribox programarena. Parkean dauden zuhaitz gazteek zulo naturalik ez dutenez, hegaztiek babesteko eta ugaltzeko ordezko gisa erabil ditzaten hogei habi-kutxa jarri zituzten.
Altamirako putzuaren konpontzea, fruta arbolen landaketak, habitat naturalak berreskuratzea, hitzaldiak eta irteerak, informazio panelak… Elkarlana oinarri hartuta, egitasmo zerrenda luzea osatu dute kudeaketa planean. Guztiak dira beharrezkoak Yoana Garciaren ustez.