Idoia Luzuriaga
Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan aipamenez gainezka egongo gara ziurrenik, argitaratu eta argitaratuko diren guztiak irakurri, entzun eta ikusi ezinda. Ez nuke nahi betekada horretan parte izaterik, baina emakumeak garen aldetik ez dugu zertan aipatu gabe geratu behar, ez Tere? Izan ere, instituzioek eta politikoek ondo aprobetxatuko baitute pankarta atera eta argazkia eta adierazpenak egiteko aukera, gero eta gutxiago jasaten dudan zuzentasun politikoarekin. Eta zein den goxoa berdintasunaren gaia horretarako…
Berdintasun legeen ondorioz botere politikoek berdintasunerako egitura sarea osatzen joan dira. Estruktura horien itzalean lortu ahal izan diren emaitzen onura ezin daiteke ukatu, noski, hori ez litzateke bidezkoa, eta badira arlo horretan seriotasunez eta zintzotasunez ari direnak. Baina txanponaren bestaldean, kontzientziak isilarazteko instrumentuak sortu dira, parekidetasun sail fantasmak, berdintasunaren belo faltsuaren gordelekuak, titulua besterik ez duten kargu izendapen antzuak. Dena den, utz dezadan inora eramango ez nauen ezkortasun hau, egungo egoera ezin baitugu duela mende erdikoarekin konparatu. Zuk eta nik, eta gutako askok, emakume, ama eta hezitzaile garen aldetik, badugu biharko gizon eta emakumerengan berdintasun eta erantzukidetasunaren kontzientzia suspertzen eta elikatzen lan interesgarria etxeko gazteenekin ere, eta hori bai benetako erronka polita!
Tere Madinabeitia
Benetan dela erronka! Baina ezertan hasi aurretik, guk geuk geure buruan sinistu egin behar dugu, emakume izan eta sentitu, eta besteek gugatik esaten dizkiguten eta esaten dituzten guztiak alboratu. Ni emakume naiz eta kitto. Hortik abiatu behar gara, mezu positiboarekin, eta ez dugu inguruan etengabe jaurtitzen dituzten mezu eta diskurtso ezkorrak entzun ere egin behar. Nahikoa da, aspertuta gaude gure desberdintasunaz, gure desabantailaz, gure beldurrez, gure menpekotasunaz… besteek ezarritako desberdintasunak, beldurrak, desabantailak, menketosaunak… direlako, eta guk gehienetan isil-isilik sinistu ditugunak. Eta zuk diozun bezala Idoia, etxetik hasi behar dugu. Emakume bakoitzak etxean dauka erronka. Etxekoa konpondu lehenengo, eta gero atera dadila kalera (ez dut honekin esan nahi kalean ezer egin behar ez denik, ojo!). Norberak badu nahiko lan buruan ezarri dizkioten estereotipo eta ideia zahartuak eta atzeratuak onartu eta aldatzen. Has gaitezen horrekin, eta gero joango gara poliki-poliki inguruak eta ingurukoak matxinatzen. Geure buruan konfidantza izanda bakarrik lortuko dugu hainbeste aldarrikatzen den berdintasun hori, ezin gara geratu besteek berdintasun horren alde egiten dutenaren zain. Guk egin behar dugu iraultza!