Gaueko 23:45. Betazalei eutsi ezinik dago, baina ez dirudi besoetan duen txikia lotarako dagoenik. Begi beltz handiak zabal-zabal eginda dauzka bularretik esnea dzanga-dzanga edaten duen bitartean. «Noizko hartuko du loak?», dio berekiko. Pilak non dituen jakingo balu, berehala kenduko lizkioke. «Alkalinak ditu, seguru!». Alaba zaharrena 22:00etatik dauka lo, baina txikitxoak nahiago du esna egon, nonbait. Larritzen hasita dago, biharamunean txosten garrantzitsu bat aurkeztu behar baitu lantokian, eta argi erakutsi nahi die bulegoko ur handiko arrainei etxetik ere ederki asko lan egin dezakeela.
Hogei minutu ingurura geratu da mutikoa ziplo. «Bazen garaia…». Kontu handiz sehaskan utzi du, eta irrikaz begiratu dio alboko ohe handiari. Gustura etzango litzateke han, baina txostena amaitu behar du. Ordenagailu aurrean jarri, eta kafe kikarari hurrupa txikiak egiten dizkion bitartean, jo eta su hasi da teklak astintzen. Hirurak pasatxo itzali du. Hankak arrastaka eta tximak nahastuta, oheraino iritsi da. Etzan orduko, aldiz: «Amaaaaaa! Mamuak daude! Beldur naiz!». June da, lehenengo lo sakonetik esnatu berritan oihuka. «Grrrrr….». Ezinean iritsi da alabaren logelara. «Amatxo, egingo duzu lo nirekin?». Beheko ohea atera, eta luze etzan du gorputz nekatua. Alaba hitz eta pitz hasi zaio, mamuek halako eta herensugeek holako egiten dutela. Haren hitz aspertua amaitu aurretik hasi da, ordea, zurrungaka.
Negar hotsak esnatu du: txikia, oraingoan. Hura ere lasaitu beharko du, ba! 6 hilabete betetzera doa, eta titi eske ari zaio gizajoa. Ordulariak goizeko 04:30 direla salatu dio. Eta oraindik apenas deskantsatu duen. Hartu Oier eta bere ohean sartu du. Pentsatu du bertan emango diola titia, eta hartara, haurra lo geratzen denean ez duela mugitu beharko. Izan ere, toki handia dauka ohean; senarrak ez baitu ia inoiz lorik egiten etxean. Enpresa gizona da, eta harantz eta honantz ematen du urte osoa. «Bi asterako Txinara noa, bihotza. Europan negozio batzuk itxi behar ditut, maitea. Pare bat egun baino ez dira izango». Arrosarioa bezala entzuten ditu beti senarraren hitzak, asper-asper eginda.
05:00ak pasatxo izango dira ametsen munduan murgildu denerako. Eta 07:00etan jo dio iratzargailuak; hark ez baitu barkatzen. Non dagoen jakin ezinik esnatu du zarata ozenak, eta hasi du beste egun bat: dutxatu, gosaldu, garbigailua martxan jarri, eta presaka, June esnatzera. Hari gosaria eman bitartean, Oier esnatu, titia eman eta jantzi. Oheak egin eta etxea txukundu. Biekin korrika ikastolara. June han utzi eta erosketak egitera. Zuzenean etxera. Bazkaria prestatzen duen bitartean, hankarekin Oierrenen kulunkaulkia astintzen du. Telefonoak jo, eta senarra bestaldean: «Moldatzen naiz, bai! Zu lasai gizona!», erantzun dio, etsipenez. Eguerdian, segi berriz Juneren bila. Bazkaldu, harrikoa egin eta behar beste fardel aldatu. Bazkalostean, zaharrena ikastolan utzi, eta txikia orgatxoan lo duela, txostena aurkeztera abiatu da bulegora. Urduri dago. Urduri eta akituta.
Bihar da Emakumeen Nazioarteko Eguna. Bihar eta beti.