Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, 25. Lilatoia egingo dute etzi Donostian, eta emakumeek bost kilometroko ibilbidea beteko dute; nabarmena izango da goierritarren parte hartzea, batik bat ordiziarrena eta legazpiarrena
Bihar Emakumeen Nazioarteko Eguna da, eta etzi Donostian 25. urtez Lilatoia korrituko dute 3.000 emakume inguruk. Batzuek taldean korrika egitearen plazeragatik egingo dute korri, beste batzuen motibazioa emakumeen aukera berdintasunaren aldarria izango da eta askoren pausoetan biak uztartuko dira. Iaz Legazpitik 80 emakume inguru joan zen Lilatoira eta ordiziarrak ere talde gisa joan ziren. Aurten ere, Donostiako kaleak beteko dituzte lilaz jantzitako korrikalariek.
Proba motza da, 5 kilometroko korrikaldia. Etziko lasterketan ez da gizonezkoentzat tokirik izango, deialdia emakumeentzat baita soilik. Irteera 11:00etan izango da Bulebarrean, eta beroketak ordu erdi lehenago hasiko dira. Lasterketa patinetan ere egin ahal izango da.
Etzi goierritarrek ez dute kale egingo. Iaz legazpiarrek saria jaso zuten parte hartu zuen talderik handiena osatu zutelako; 80 legazpiar inguruk parte hartu zuen. Mila Elorza etzi lasterketara joango diren legazpiarren izenak jaso ditu. «Lasterketa popularra da eta denontzako tokia dago, korrika egin gabe azkar ibiltzen direnentzat ere bai».
Aldarria baino, aitzakia
Legazpiko taldea aerobic gelatik atera zen. «Orain lauzpabost urte bospasei lagun joaten ginen. Gero ahoz ahokoari esker zabaldu egin zen, eta iaz marka guztiak apurtu genituen». Aurreko urteko arrakastaren ondoren, «emakumeak konturatu dira Lilatoia oso gutxi entrenatuta ere egin daitekeela». Baliteke aurten hainbeste legazpiar ez joatea, «emakume gutxiagok eman du izena. Astirik gabe dabiltzala, gutxi entrenatu dutela, ez direla animatuko eta horrelakoak esan dizkigute». Edozein kasutan, 40 bat korrikalari legazpiar Donostian izango dira etzi.
Elorzaren hitzetan, «Lilatoia aldarria baino gehiago, kirola egiteko aitzakia bat da». Taldean korrika egiteari ere garrantzia berezia eman dio, «errazagoa da taldean entrenatzea. Hala ere, okerrena da taldeko batek huts egiten badu beste guztiak atzera botatzen direla errenkadan».
Ordizian orain bi urte berdintasun sailak deitutako bilera batek 40 emakume bildu zituen. Deialdia taldean korrika egiteko prest zegoen emakume taldea osatzeko zen. Edurne Saezek Goierriko Hitza-ren bitartez izan zuen bileraren berri. «Hainbeste elkartu ginen ezen bi talde osatu zituztela», dio Saezek. «Bilera hartan adin ezberdineko emakumeak ikusi nituen. Ni sekula korrika egin gabe nengoen, baina jakin-min ikaragarria neukan».
Edurne Saez (Korrikalari ordiziarra)
«Etxekoek badakite guretzat korrika egiteko
asteko tarteak sakratuak direla»
Inoiz korrika egin gabe korrika egiten hasterik bazegoen galdetu zuen Saezek bileran, eta baiezko borobila jaso zuen entrenatzailearen aldetik. Izan ere, taldeak entrenadorea dauka eta ez daukate saltzeko; «hauspoa ematen digu», dio.
Elkarrekin korrika egiteko emakume taldea sortu zuten. Dagoeneko bi urte pasa dira ordutik, eta taldea are indartuago dago egun. Mari Jose Jauregi ere taldeko kidea da, eta esan duenez «aurretik kirol asko egindakoa nintzen arren, berriz ekitea gogor-gogorra egin zitzaidan».
«Tarte sakratua»
Saezek zein Jauregik seme-alabak koskortuta dituzte jada, eta orain korrika egiteko denbora dutela diote. Astearte eta ostegun arratsaldetan ordu eta erdi gordetzen dute taldean korrika egiteko, «etxekoek badakite guretzat tarte hori sakratua dela», dio Saezek Jauregik baiesten duen bitartean. Taldean haur txikiak dituztenak ere badira, izan ere taldekideen profila oso bestelakoa da; adibidez, nagusienak 57 urte ditu eta gazteenak 26.
2012ko udaberrian elkartu zirenean Lilatoia egiteko asmoak bultzada eman zien eta hurrengo urteko Lilatoira joan aurretik Ordiziako San Silbestrean atera ziren; horretarako abendu hartako igande guztietan entrenatu zuten.
Mila Elorza (Korrikalari legazpiarra):
«Lilatoia, aldarria baino gehiago, kirola egiteko
aitzakia da niretzat»
Orduz geroztik, motibazioa hazi baino ez da egin. «Ez dugu kale egiten, eguraldi onarekin zein txarrarekin korrika egiten dugu», azaldu du Saezek eta Jauregik gehitu du, «lanetik atera eta korrika egitera noa, elurpean edo euripean ia denak elkartzen gara. Entrenatzaileak barre egiten digu, eta gurea kezkatzeko modukoa dela esaten digu».
Taldekideak nor bere erritmora doaz; egun 20 inguru dira. Jauregiren arabera, «gurea ez da lehia, atzean geratu denari lagundu egiten diogu, eta inor bakarrik joan ez dadin saiatzen gara». Korrika egiten dutenetik fisikoki eta moralki «hobeto» sentitzen direla diote. Saezen hitzetan, «korrika egitea gogorra da, baina ondorengo poztasuna itzela da. Hasieran sufritu egiten duzu, gero gozatu». Etziko Lilatoian egongo dira, izan ere, Saezen iritziko, «lasterketa hunkigarria da».
Korrika egiteko zapatila pare bat baino ez da behar, eta taldean korrika egiteko bidaideak baino ez. Lilatoian parte hartzeko gogoarekin nahikoa da.