Joxepa Madariaga
Bazatorrek, hemen duk zurrunbiloa Goierrin, Iñaxio! Euskaraz bizi nahi dut pentsatzen eta sentitzen dugun guztiok zurrunbiloan sartu eta indarrez eragiteko garaia. Euskaraz bizi nahi dut pentsatzen eta sentitzen ez dutenak ere erakarriko ditugunak. Euskararen erabilera sozial normalizatua diagu helburu. Horretarako, Kontseiluak piztu ziguk sua eta elkarlanari heltzera goazak. Euskararen normalizazio prozesuak denok behar gaitik, estrategia baten barruan, denok elkarrekin. Lau zutabe behar dizkik talde lanak, armonian eta elkarrekin lanean: 1)Corpus juridikoa, legeak, arauak, ordenantzak, udalak, Foru Diputazioak, Eusko Jaurlaritza… 2)Plangintza: helburu, epe eta ebaluazio sistema zehatzak. 3)Baliabideak: ongi hornituak eta kudeatuak. 4)Herri gogoa: aurreko hirurek ez zigutek balio, herrietan lanean ari garen talde, elkarte eta norbanakoen indarrik gabe. Jendeak ematen ziguk boterea, jendearekin eta jendearentzat egin behar diagu lan.
Administrazioa, kirola, alor sozioekonomikoa, hirigintza, aisia, kultura, hezkuntza eta beste hainbat zerbitzu: denok elkartu behar diagu. Euskalgintza deitzen dugun saila, taldea, sektorea oso zabala duk, kirol taldeetatik hasi eta merkatarietara, hainbat talde, hainbat jende dituena barnean. Koordinazioak, horrexek huts egiten ziguk, hori falta diagu. Bakoitza geure zilborrari begira jardun ordez, elkarrekin aritzea zail egiten zaiguk.
Pozik nagok eta esperantzaz blai, gogotsu eta borondate onez hasi baikaituk elkartzen. Beraz, urrutira iritsiko gaituk! bai horixe.
Inazio Usarralde
Pozik eta gogotsu sumatzen haut, Joxepa! Ni ere hire ideia bati helduz hasiko naun: «Euskararen erabilera sozial normalizatua diagu helburu». Ondo. Eta zer ulertzen dugu normalizatu hitzarekin? Hori dun niri datorkidan lehenbiziko galdera.
Diskurtso batek halatsu zion: «Bai, ni ere euskararen normalizazioaren alde nago. Bakoitzak erabili dezala nahi duen hizkuntza, bestea behartu gabe». Hori diotenak ez ditinat egundo ezer egiten sumatu euskararen alde. Alderantziz, egiten duten pittina beste norabide batean beti.
Badun beste diskurtso bat ere, borondatea bai baina beti hitzetan geratzen dena: Euskaraz bizi nahi dut bandera balkoian, Ibilaldian Kilometroak Oinez Urratsez urrats Arabaraino dabilena, edo haurrak ikastolan edo D ereduan matrikulatzen dituena… eta gero euskara haurrekin eta zakurrekin soilik darabilena.
Martxoaren 8an ari naizelarik hau idazten, feminismoaren ekarpen batekin lotuko niken nik normalizatzea. Alegia, gizarte honetan gizon-emakumeok aukera eta baldintza berberak eduki behar ditugun moduan, hiztun gisa, euskaldunok eta erdaldunek aukera berberak beharko genitizkenan. Hori ulertzen dinat nik normalizatu egoerara iritsi behar dugula diogunean.
Jon Sarasuak dioen gisan, izan gaitezen aurrena elean hiztun, gero eleaniztun izateko. Nola? Sentituz, pentsatuz eta (hitz) eginez bihotza, burua eta mihia libre eta koherentziaz astinduz.