Gizakiok nola elikatu beharko genukeen galdetzen hasita, hainbat eta hainbat aukera ditugu gaur egun. Informazio kopurua ia-ia mugagabea da, eta egunero datu gehiago agertzen dira, eta baita dieta eta produktu zoragarriei buruzko makina bat propaganda ere.
Panorama horretan, nola elikatu erabakitzea aukera pertsonala eta, asko jota, taldearena, izan daitekeela pentsa dezakegu. Baina, posible al da, «ondorio handiegirik gabe» praktikatzen diren alternatiba horien guztien artean gizaki guztientzat egokia izango den oinarrizko elikadura definitzea? Elikatzeko garaian modu jakin baten barruan kokatu beharrean, ez al litzateke zentzuzkoagoa eta logikoagoa «jendearen askatasuna» errespetatzea, eta bakoitzak ondoen iruditzen zaiona jatea? Gauza bat, ordea, ezin da ukatu: gizaki guztiok gorputz bera dugu, edo anatomia bera, hobeto esanda, eta gure planetako izaki bizidun guztiak espezie eta elikadura-talde jakin batekoak diren bezalaxe, naturako animalia-espezie bat garen aldetik, guri, gizakioi, dagokigun elikadura mota bat ere izan beharko litzateke.
Elikadurari buruzko ideia ugariek, ordea, gure gorputzarekiko errespetua eta elkarrizketa desagerrarazi dituzte ia. Ez genituzke kanpokoen iritziak hain kontutan hartu behar, baina bai gure gorputzak esaten diguna. Garai bateko nahiz gure garaiko elikadura-teorien artean saltoka ibiltzea ez da bidea, gure gorputza berbera baita duela milaka urtetik. Era berean, elikagaiak ez genituzke aukeratu behar gure ahosabaiari gustatzen zaionagatik bakarrik, garrantzitsuena elikagai horiek gure organoen gustukoak izatea baita. Ez gaude behartuak zientziak eta hark jarritako ordutegiak betetzera; benetan garrantzitsua da gose eta egarri sentimenduei jaramon egitea.
Otso batek ez du aukeratzen «nahi duena» jatea, edo teoria interesgarriak jarraitzea. Otso bat da. Haragia jan behar du. Naturak gorputz bat eman dio, eta baita gorputz horri dagozkion elikagaiak ere. Animalia basatiek beren gorputzaren beharrak asetzen dituzte, senez, eta horregatik osasuntsu jaio, bizi eta hiltzen dira. Baina guk, guztia eztabaidatzeko adimena garatu izanagatik, galdu egin ditugu gure gorputza zaintzeko sena eta sentsibilitatea.
Elikatzeko garaian, adimena da gure etsairik handienetakoa. Hain zuzen ere, pertsona eta gizarte intelektualizatuenak dira gaizkien elikatzen direnak. Goserik sentitu gabe jaten dugu, adimentsuak garelako eta badakigulako «jateko ordua» dela. Likido asko hartzen dugu egarririk sentitu gabe, «medikuek esaten digutelako ona dela». Eta gero gaizki sentitu arren, «buruan irudikatzen zaigun» hori jan nahi izaten dugu.
Hobeto elikatzen ikasteko eta, orokorrean, hobeto bizitzeko, gehiago sentitu eta gutxiago pentsatzen hasi beharko genuke. Zer jan eta nola jan erabakitzea ez da «ondorio handiegirik gabeko» erabakia.
Hurrengo batean aztertuko dugu gizakioi dagozkigun elikagaiak zein diren, eta zergatik!