
Idazle askok idazten dute euren buruaz; batzuek modu agerian, eta beste batzuek mozorropean. Aitortza hori egiten dutenek, euren testuak Memoriak, Autobiografia edo Gutunak izenburupean aurkezten dituzte. Besteek, nobela edo poesia idatzi dezakete esate baterako, fikziozko pertsonaia baten ahotan idazlearen beraren sentimenduak, esperientziak, hausnarketak jarriz.
Irakurleari, normalean, hau guztia ez zaio gehiegi interesatzen, irakurlearen eta idazlearen artean badagoelako halako isileko hitzarmen bat: «Nik ez dut galdetuko idatzitakoa errealitatea den ala ez, baina baietz sinestarazi behar didazu». Alegia, sinesgarritasunean datza testuaren arrakasta.
Halere, batzuetan, idazleak trebezia handiz lortzen du sortu duen pertsonaiaren intimitatearen muga konbentzionalak gainditzea. Izan ere, ez gaude ohituta gizarteak zenbait gairen inguruan, kontzientziak ez astintzeko, ezarri duen ahokoa kentzen duen idazlea topatzea. Normalean, sexua, bortizkeria, tortura, heriotza, zenbait gorputz espresio edo hilketekin loturiko gaiak izan ohi dira; tabuak alegia. Irakurleak, orduan, idazleak bere kontzientzian ireki duen arrakalaren atarian ikusten du bere burua (askotan, kontatutakoarekin identifikatua sentitu delako, baina, inori aitortzen ausartzen ez delako), eta, harrituta, zalantza sortzen zaio: «Ezinezkoa da idazleak esperientzia hauek berak bizi izan ez baditu, hain ondo ezagutu eta kontatzen jakitea». Segidan, irakurlearengan morboa pizten da; kontakizun autobiografikoa den jakin nahi du. Kazetariek ere galdera bera egingo dute. Idazleak ohiko beste konbentzionalismo batera jotzen du orduan erantzuteko, esanez idazle guztiek hitz egiten dutela euren buruaz, berari zehatz-mehatz gertatu ez, baina inguruan bizi izan dituen kontuak direla, eta horrelako hainbat erantzun topiko.
Aitortuko dut morboso hitzaren esanahia hiztegian begiratu behar izan dudala (badaude, erabileraren poderioz, jakintzat ematen ditugun hitzak, baina askotan hitzaren esanahi zehatza ez dugu ezagutzen). Morboari buruz zera dio hiztegiak: bizipen desatsegin, anker eta debekatuetarako joera obsesiboa.
Gauzak horrela, ematen du idazleak nahiz irakurleak ahaztu egin dutela literaturak bi oinarrizko ezaugarri dituela: bata, gizakia eta gizartea ezagutzeko bide bat dela; bestea, jolasa dela, idazlearen eta irakurlearen arteko jolasa.
Beraz, testu batek zenbat eta modu sinesgarriagoan eman gizakiaren berri, are eta hobea irudituko zait niri, eta horretarako gizakiaren alderdi ilunenean murgildu behar badu, are interesgarriagoa. Horregatik, esango nuke irakurle morbosoak baino lehenago, idazle morbosoak daudela. Nik, neuk, aitortuko dut gogoko ditudala, gizakiaren erraietara jotzen dutelako.
Bizitza literarioen inguruko gogoeta hau aitzakia bakar batekin idatzi dut: Danele Sarriugartek, iazko Igartza sariaren irabazleak, argitaratu berri duen Erraiak liburua irakurtzera gonbidatzea. Morbo handiko idazlea iruditu zait; ez, liburuak autobiografia literario bat eman dezakeelako, baizik eta hainbat tabu gainditu eta gizakiaren eta gure gizartearen erraietara jo duelako.