Aitor Sarriegi
Telebista-kate nagusietako berriak ikusi ezinda kalera irten ninduan lehengo batean. Parkean Champions League osoan baino talde gehiagotako elastikoekin ikusi nitian umeak, eta zer pentsatua eman zidaan. Ez diat agure petralarena egin nahi, baina gogoan al dek telebista-kate gutxi zeuden garaian berrien garaian berriak ematen zituztenekoa? Eguraldia eta kirolak bukaerako bi zipriztin hituen, ez gehiago eta ez gutxiago.
AEBetako serieetan ikusi genitian lehen eguraldi-gizon/emakumeak. Hona ere berehala zabaldu huen moda, eta hasieran berrietan beraien txokoa eman zitzaiean. Gerora ibilbide bitxia izan dik eguraldiak, bere programa propioa izaterainokoa. Eguraldiaren baitako lanak baztertu ditugun honetan ez dek oso normala eman diogun tartea. Berri nagusietako titularrak ere lapurtzen dizkik tarteka, gainera: gaur Etxegaraten elurra. Ezta lehen aldia balitz ere!
Eta kirola? Tokitan zeudek kirol-adituak kirol-saioetan soilik irteten ziren garaiak. Hauek ere aurkezle nagusiaren ondoan jarri eta ia hark adinako protagonismoa izatera iritsi dituk. Pentsa, igogailuko elkarrizketa inozoak ere izaten ditiztek berrien hasieran! Espainiako kateetan kirolaz ez, baina R. Madril eta Bartzelonaz hitz egiten ditek orduerdian. Eta kito. Beste baterako utziko diagu Ukrainiako azken berriak edo Audientzia Nazionaleko azken bidegabekeriak kontatu dizkigun ahotsak berak sofak, aseguruak, kredituak edo amona bera saltzen dizkigunekoak, «publizitatea» ertz batean jarrita.
Ataungo ume-kozkorrak Chelsea Bayern baino hobea dela esan ziok Zaldibikoari. Bera Mourinhoren alde dagoela. Euskadi Irratiak «Anima ezazu Gorria» dioen iragarkia jarri dik. Une batez, Osasunarentzat balio lezakeela pentsatu diat. Edo, zergatik ez, amets egin eta Nafarroa osoko selekzioarentzat. Aa gizaajoa…
Iñaki Apalategi
Igogailuko elkarrizketak zer esan ez dakienarenak izaten dituk sarri, eta akaso, albistegitan ere zer esan ez zekitek. Edo akaso ondoegi zekitek zertaz ez hitz egin, eta eguraldiaz hitz egiten ditek, ziur aski hau izango duk. Gainera, jendeari egunsentiko giroa argazkitan isladatu eta bidaltzeko tartea ematen zaiok; baina komeni denean, giroa bero-bero dagoen beste hainbat tokitako irudiak propio ezkutatu… ez duk giro!
Garai bateko kirol adituak aipatzen dituk gero. Horiek, gizon burusoil eta betaurrekodunak izaki, bestelako saioetan hobeto ematen dutenaz jabetu dituk telebistak, eta –pertxentak komunikatzaile hobeak dudarik gabe– dituk oraingo kirol adituak, kirola esanda belar gainekoa bakarrik (eta ezta hori ere) ulertuta behintzat.
Kazetaritza omen duk hori, KZritza. Ktik Zra doazen gaiak landu eta Atik Kra artekoak ahaztu dituztela zirudik sarri, bai. Baina tira, gure esku ere bazagok soka horren parte izaten jarraitu ala ez. Ba al dakik zer esaten zian Groucho Marxek? «Telebista oso edukatiboa iruditzen zait. Norbaitek pizten duen aldiro, ondoko gelara joaten naiz eta liburu bat zabaltzen dut».