Dakigun eran, ETAk armak uztea erabaki zuenetik, puri-purian daude bake-prozesua, bizikidetza eraikitzea, adiskidetzea, gertatuaren kontaera egiatia, biktimak, presoak… Elkartasun, Enpatia eta Errukiaz tratatu beharreko gaiak denak ere. Nik gaur bakarrari helduko diot: bizikidetza eraikitzea herrian. Bizikidetza kinka larrian al zegoen, bada? Bai, borroka armatuaren garaian hala egon da, batez ere herri txikietan. Eta hori ez da bere onera etorriko gauetik goizera, baina etorriko da, eta uste dut baikorrak izateko obligazioa daukagula.
Eta zer egin behar da horretarako? Nire iritziz, boluntarismo hutsak ez du balio. Asmo onek, lan pertsonalik gabe, ez dute fruiturik ematen. Lehenengo baketze-prozesua eta bizikidetza-esperientzia geure buruarekin egin behar dugu. Inportantea da bakoitza bere buruarekin adiskidetzea: den bezala onartzea, gero bestea ere den bezala onartzeko. Sakon-sakonean denok bat garela esperimentatzea, sare batean lotuta bezala gaudela ikustea. «‘Zu’ beste ‘ni’ bat zara», esaten dute maisu espiritualek.
Zer esan eta zer isildu. Nolanahi ere, ez gaitezke hasi inori ezer aurpegiratzen, bakoitzak onartu eta aitortu nahi duen hartatik kanpo. Sufrimenduaren uhinak harrapaturiko jende asko dago, eta ez da komeni zaurian hazka ibiltzea. Gertaturikoa hor dago, baina aurrera egin behar dugu horra murriztu gabe.
Bakoitzak bere bidea egin behar du, besteei ezer exijitu gabe. Adiskidetzea ez da etorriko sortzen diren foro artifizialetatik, nahiz eta beharrezkoak diren teorizazio-lanerako, baizik eta bakoitzaren lan pertsonaletik, erlazionatzeko eratik: zabiltzan tokian hitz egin, parte hartu gabe egon zaren ekintzetan parte hartu, sartzen ez zinen tokian sartzen hasi, kalera maizago atera, baina zeure burua bortxatu gabe, giroak berak eramanda.
Sekulako garrantzia du presentean bizi izaten ikasteak, presentea dela denbora erreal bakarra garbi ikusteak eta ari garen hartan atentzio osoa ipintzeak. Zahartu garelako, ez geratu etxean: gure belaunaldian sortu zen gatazka, eta badugu erantzukizuna baketze-prozesuan.
Egoaren ezaugarrietako bat da arrazoi izan nahia. Ez dugu tranpa horretan erori behar. Egia osoa ez dauka inork.
«Hilketarik gabe, edozertaz hitz egin daiteke». Bada, hori praktikan ipini behar da lagunartean ere. Poteoko kuadrilla itxiak irekitzea hobe. Eztabaida zibilizatuak egiten ikasi behar dugu. Gerra «galdu», «irabazi» eta antzeko terminoak desager bitez gure hiztegitik. Bakea hain da gauza ederra, merezi du esfortzu txiki bat egitea.
Ondo etorriko litzaiguke elkarri entzuten ikastea eta informazio-iturri zabalagoetatik edatea. Nik baneuzkan ikusi ezin nituen programak, batez ere zenbait pertsonak parte hartzen bazuen. Ari naiz pixkana-pixkana gainditzen, eta berriturik sentitzen naiz.
Gatazkaren zipriztinek askori ukitu digu. Pasatu da, ordea. Beste zerbaitetan hasteko tenorea da. «Jaiotzeak hiltzea zor du», esaten da; baina ez hori bakarrik, baita bizi izan zaren momentuko zirkunstantzia historikoak onartzea ere. Gainera, azkenean, bizitzak beti konpentsatzen du, beti orekatzen du balantza.