«Bertsotan sentitu litekeen sentsazio onena eta pozik handiena hemen izan nituen. Kartzelako bigarren bertsoan, errepikapenean jendeak ez zidan bukatzen ere utzi, txaloka eta oihuka. Hotzikara edo halako zirrara bat sentitu nuen». Joxe Munduate bertsolariak hala gogoratu du 1989an Gabiriako Osinalde bertso sariketa irabazi zueneko saioa. Historia luzeko sariketa da, 43 urtean zehar gazteei plaza, txanda eta aukera eman diena. Estimatua da, horrengatik. Baita urteen eta lanaren poderioz lortu duen ospearengatik ere.
1971n sortu zuten herriko gazteek, Euxebio Igartzabal, Joxemari Landa eta Migel Agirre buru ziren taldean. Bertsolari gazteak izan ditu, beti, helburu eta objektu. Garai hartan ugari ziren antzeko lehiaketak: Ampo saria, Idiazabalgo Zepai, Añorgako Orixe, Zarauzko Lizardi, Errenteriako Xenpelar… Zumarragako Galeperrakoa bukatu zenean hasi ziren gabiriarrak, han bultzagile zen Luzio Gabiria herritarrarekin batera.
«Osinalde, niretzat bereziki, ziklistentzat Tourra bezala zen. Oso mutikotan hasi ginen entzutera etortzen, Iker Zubeldiarekin. Osinalde ametsa zen, guretzat egindako saioa; sariketa bat baino gehiago, lagunarteko saioa», dio Iban Urdangarin ataundar irabazleak.
«Gabiriako ikur bihurtu da sariketa hau», borobildu du Mikel Mendizabal itsasondoarrak. Hitz ederrak dituzte denek Osinalderekiko. «Bertso munduan zerbait egitea zen hasi ginenean gure helburua. Gabirian errespetu bat izan da antolatzen jarraitu ahal izateko, herriko jendearen aldetik laguntasun bat. Inork ez du dudan jarri», gogoratu du Igartzabalek, iraupen luzeari buruz.
Urritasuna oparo bihurtu
Lehenengo urteetan «nahiko lan» izaten zuten sei bertsolari gazte biltzeko. «Gero, pena zen sei bakarrik hartu eta beste denak uztea», dio Igartzabalek. 1998an eskualde mailako izaera hartu zuen Osinaldek, aurretik hiru saio antolatuta. Gazte ugaritasunak eta plaza beharrak bultzatu zituzten. 1980ko hamarkadako eskolarteko lehiaketek eta bertso eskolen lanak eman zuen fruitua.
«Gure garaian, bertsolariak taldeka edo labekadaka sortzen ziren. Eskolarteko lehiaketek jarri zuten mugarri bat», dio Mendizabalek. Garaiak eta egoera hobera aldatu arren, Osinaldek eskolatik helduarorako jauzia markatzen jarraitu du. «Hau titulu bat da. Gabiriakoa irabazi beharra zeukan aurrera egin nahi zuenak».
Arrakastaren gakoa, Munduateren irudiko, saioaren estiloa da: «Eserita kantatzeak lasaitasun bat ematen du, afal giroan. Hemen, gainera, beste bertso estilo bat gehiago baloratzen da. Entzulea ere bertsozale jantzia da: bertso ona txalotzen da, eta beste toki batzuetan agian izena gehiago».
Publiko «aditua» da Mendizabalen ustez Gabiriakoa; «ona» Urdangarinentzat: «Niri ez zait tokatu, baina ikusi dut bertsolaria isildu denean bertsoaren erdian, segi ezinda, entzuleek lagundu izan diote bukatzen, denen artean. Soziedadeak bukatu izan dio bertsoa askotan».
Gaur egun antolaketan dabilen Jokin Muruak dioenez, afari formatuan egitea «berezia» da; «ez dago beste leku askotan horrela egiten den sariketarik. Arrakasta eduki du». Soziedadeak ematen duen espaziotik handiagora ez igarotzeak ere —130 bat afaltiar izaten dira, entzuten gero 200 bat— goxotasuna bermatzen du.
Mikel Mendizabal:
«Osinalde titulu bat da. Gabiriakoa irabazi beharra
zeukan aurrera egin nahi zuenak»Joxe Munduate:
«Jendeak bertso batean ez zidan bukatzen utzi,
txaloka eta oihuka. Zirrara egin zidan»Iban Urdangarin:
«Osinalde ametsa zen; sariketa bat baino gehiago,
lagunarteko saioa zen guretzat»
Ez bertso-afari moduan, ez bestela. Eskolaren habiatik irten berri diren bertsolari gazteentzat Osinalderen eta Goierriko beste hiru sariketen antzekoak falta direla deitoratu du Urdangarinek. «Osinalde irabazi eta gero bukatu zen puntu batera iristen zinen. Ez zeneukan besterik. Hemen kantatu eta irabazteko beldurrez egoten nintzen; ‘orain non kantatu behar diat nik berriz, holako giro batean?’. Sariketa gehiago antolatzea ona izango litzateke. Bertsolarientzat, behintzat, ikaragarria zen».
Behin Osinalden irabazten duen bertsolariak ezin du gehiago parte hartu. Gaur egun, bestetik, bi aldiz parte hartzeko aukera eman ahal dute, gehienez ere, bertsolari asko daudelako kantatzeko gogoz.
Osinaldek, lehenengo eta behin, Gabirian bertso zaletasuna pizteko balio izan du, antolatzaileen iritziz. Bestetik, Goierrira hedatu da sariketa-antolatze sarea. «Osinaldek ekarpen handia egin dio, eta egiten segitzen du, bai bertsozale aldetik, bai bertsolari gazteen aldetik. Inork ez luke gaur eguneko Goierriko bertso mugimendua ulertuko Osinalderik ez balego», dio Munduatek.
«Sari honek errespetua eskuratu du, bertsolari denek etorri nahi dute», dio Mendizabalek. Urdangarinentzat, eskolartetik eliterako tartea betetzeko «aukera bakarretakoa» da Goierrin: «Oso ondo egina, eta jendeari ailegatzen zaio».
KRONOLOGIA
1970eko hamarkadaren hasieran sortu zuten Osinalde sariketa. Orduz geroztik, egitura eta izaera nagusiei sendo eutsi die, nahiz eta aldaketa batzuk txertatu.
Sorrera.
Lehen sariketa plazako Erbie elkartean jokatu zen, 1971ko martxoaren 6an, «elurra hasten zuela». Patxi Iraola zaldibiarrak irabazi zuen. Beste bertsolariak hauek ziren: Florentino Goiburu (2.a), Xabier Zeberio, Joxe Mari Mujika, Etxaluze eta Felipe Barandiaran. Imanol Lazkano eta Luzio Gabiria izan ziren epaile, Migel Agirre gabiriarra aurkezle.
Emakumeak.
Osinalden kantatu zuen lehenengo emakumezkoa Arantzazu Loidi izan zen, 1984an. Sariketa irabazi zuen lehenengo emakumezkoa, berriz, Maialen Lujanbio, 1992an. Harrezkero beste bederatzi neskak irabazi dute; azkeneko sei edizioetan, bostek.
Mende laurdena.
Jokatutako 42 sariketetatik, batean ez zen lehiaketa izan, 25. urteurreneko saio berezia egin zelako 1996an.Lehen etorritako bertsolariek kantatu zuten.
Hedapena.
Saio batean sei bertsolari gazte gonbidatzetik, hirutan hemezortzirentzat lekua egitera igaro zen egoera. 1998an sortu ziren Argi-Berri (Ordizia), Axari (Idiazabal) eta Armuño (Brinkola) sariak, kanporaketa modura baina saio beregainak. 2000n Aztirik hartu zuen Brinkolaren tokia, eta 2013an Zaldibiako Osinberdek Idiazabalgoaren lekukoa.
Bitxitasunak.
- Kataluniako TV3 telebistak grabatu zuen Osinalde saioa, 1999-an, Euskal Herriari buruz landu zuten erreportaje berezirako.
- Saio aurreko afariaren menua berdina izan ohi da urtero: arkume odolaren pikatxa-tortilla, arkume errea letxugarekin, gazta eta sagar-goxoa, eta fruta.
- Gaur egun ezin da erre.
- Mikrofonorik ez da erabiltzen. Entzuleen aldetik erabateko isiltasuna eskatzen eta jasotzen da.