Alex Areizaga
Arrasti on Custodio Bienzobas kriojenizatua. Trantsizioa, Jon, eta botagura. Adolf Suarez hil dala (ups, o-a ahaztu zait) eta transizioaren baloreak goraipatzen entzun behar izan ditut, betikoak. Trantsizioaren transkripzioa irakurri duen belaunaldia gara gu Jon. Ez dugu bizi izan zuzenean, baina ez guk ez inork ez du egin, goierritar zaharrenak ere ez. Berak esango du hobekien, errepideetako kontroletan transiziorik eman den ala ez; tortura desagertu al den; gorrotoaren ofizializazioa amaitu al den… Zaharrenek gogoratuko dute. Arazoa ez da alzheimerra; kolpeka moldatu nahi den memoria baizik; ahaztu dezagun, egiak ez duela existitzen, baina bai gezurrak, eta ahaztu dezagun, gezurrari lapurtu nahi diogula lur zati hau, min emateari utzi diezaion.
Oraindik ere sufritzen ari gara, «atado y bien atado» delakoa. M gaizto bat jarriko nioke aurretik, eta bakoitzak ikus dezala zergatik eta zertarako. Baina amaieran S bat gehituta, neri euskal jendartea datorkit gogora. Hilda gatxeberek, eta ez nuen nik esan: Burges putaz beteta dagoen munduko herririk iraultzaileena. Berriro ere besteak zitatuz: euskalduna naiz, eta arraro nago, Jon.
Jon Plazaola
Alienizatutako jendarteak, sistemaren megafono errepikakor eta unidirekzionalek kondizionaturiko artalde horrek, bai egin diola Suarez zenari trantsizioa, omenaldi, ohore eta laudorioz betetako trantsizioa lurtarren artetik zerura, San Pedro beraren filtrorik pasa beharrik gabe.
Halare, zeruko atariko zaindari ei denak aspertzen hasia egon behar du dagoeneko; Adolforen lurretik zerurako trantsizio hori Espainia berarena baino luzeagoa izaten ari den honetan. Suarezen gorpua fresko iritsi zen lehen hileta elizkizunetara, baina ia deskonposizio egoera aurreratuan behar du azken «omenaldietan». Nork erabakitzen du, bide batez, omengarria zer den eta zer ez? Non dago kriterioa? Zer da zilegi eta zer ez? Benetan ezagutzen al dugu jendeak, «trantsizio», niretzat ein batean fiktizio eta kontinuista izan den horren «buque insignia» izandako Suarez zintzo, garbi eta ia santua izendatu dutenaren lana, obra arte eta partea? Zergatik omentzen ditugu itsu-itsuan joan direnak, joandakoan euren balioa mila aldiz biderkatu balute bezela, nahiz eta ez jakin zer kristo, norgatik eta zergatik egin zituen egindakoak? Bizi garenok benetan hain inutilak eta ezjakinak al gara? Nire ustez, bai.