Futbola ez da milioika zaletu dituen kirol bakarra. Europatik, Hego Amerikatik eta Afrikatik kanpo, beste batzuk arrakasta handiagoa dute. Pakistanen eta Indian, adibidez, kriketak. Bi herrialde horietan kirol nazionala da eta sekulako kriket estadioak dituzte. Urretxuko eta Zumarragako haurrek kirol hori ezagutzeko aukera dute, Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetasun mahaiari esker.
Mahai horren helburu nagusia kanpotik etorri diren urretxuarren eta bertan jaio direnen arteko harremanak sustatzea da. Kideetako batek, Mohamed Omar pakistandarrak, kriket ikastaro bat antolatzea proposatu zuen, eta guztiek begi onez ikusi zuten bere proposamena.
Ikastaroan 64 haurrek eman dute izena: 6 eta 8 urte bitarteko 29k eta 9 eta 12 bitarteko 35ek. Lehen eskola apirilaren 6an hartu zuten eta guztiak oso pozik gelditu ziren: haurrak, irakaslea eta udal ordezkariak.
Omarrek 25 urte ditu eta 2009an atera zen Pakistandik. Egun, Urretxun bizi da. «Hemengo kuadrillakoek asko maite naute eta jendeak oso ondo hartu nau. Oso pozik nago».
Ikastaroa «oso ondo» hasi dela dio. «Mutikoak gustura aritu dira eta bi talde sortu ahal izango ditugula uste dut. Oso gogotsu aritu dira eta hori da garrantzitsuena. Oso pozik nago eurekin». Gipuzkoako beste herri batzuetan kriket taldeak dituzte dagoeneko. «Bergaran eta Arrasaten, adibidez, taldeak dituzte. Egunen batean Urretxukoak haien kontra aritzea gustatuko litzaidake».
Haurren iritzia
Neska-mutikoek ere oso pozik bukatu zuten entrenamendua. Aimar Tome, Jokin Idigoras, Ander Josue, Iker Agirrezabal, Eñaut Agirrezabal eta Xuban Udabe izerdi patsetan zeuden oraindik galderak erantzun zituztenean. «Ez genuen kirol hau ezagutzen, baina asko gustatu zaigu. Batearekin pilota jotzea da gehien gustatu zaiguna. Datorren astean ere oso gustura etorriko gara. Ea talde bat osatzerik dugun», esan zuten.