Bi urteko bidea egin du dagoeneko GoiBerri aldizkariak, eta iritsi gara 100.zenbakira ere. Eskuartean duzun zenbaki hau da, zehazki, 100.a. Goierritarra eta Otamotz aldizkarien baturatik sortua, Goierri osoa ere batu nahi izan dugu bide honetan, eta eskualde izaera indartu, Goierri egiteko tresna izan baita GoiBerri zenbakizzenbaki.
Goierritar ugarik izan du orri hauetan hitza emateko aukera, eta hitzak hizki bihurtuta, eskualdeko bi zutabe garrantzitsuren sustraiek luzatzen jarraitzen dute. Zuhaitza hazten joan da bi urte hauetan, eta hazten doa, adarrak sendotzen, eta hitzak loratzen. Asteroko fruitua da orain GoiBerri, Goierriko Hitza egunkariaren osagarri; eta ongarri ditu sarean hitzak irudi bihurtzen dituen euskarriak.
Zenbaki borobila da 100, eta zenbakia borobiltzen jarraitzeko helburuz jarraituko dugu lanean. Eskualdeko 22 herrien eta goierritarren arteko harremana saretzen indartuko dira zuhaitz honen adarrak, Goierriko gizartearen laburpenak indartuko baitu aurrerantzean ere paper zuria, goierritar ugariren topaleku izaten jarraituko baitu.
Euskara oinarri hartuta, erronka ugari ditugu aurreantzean, zenbakiak eta urteak borobiltzen joateko. GoiBerriren webgunea berritzea izango da aurtengo helburu nagusietako bat, garai berrietara egokitzeko bidean paperaren osagarri izango baita aurrerantzean ere Interneteko orrialdea, baina modu osatuagoan. Eta Goierriko Hitza egunkariaren 10.urteurrenak emango digu bigarren zenbaki borobila.
Urrian iritsiko da Hitzaren urteurrena ospatzeko garaia, baina bitartean izango da urteurrena gogoratzeko tarterik. Izan ere, 100 zenbaki, hamar urte ete hamaika kontu ditugu oraindik –eta gutxienez– elkarrekin egiteko. Eta zuekin egiten jarraitu nahi dugu. Elkarrekin jarraitu nahi dugu zenbakiak borobiltzen.
Gero eta gehiago zarete zuen konfiantza GoiBerrin jartzen duzuenak (harpideak, irakurleak, enpresak, publizitatea jartzen duzuenak, banatzaileak, kolaboratzaileak, langileak…) eta zuek egiten duzue astero GoiBerri. Horregatik, lerro hauen bidez, zuenganako esker ona luzatu nahi dut, eta zenbakiz zenbaki, orriz orri eta hitzez hitz orain arteko bidetik jarraitzeko gonbita luzatu nahi dizuet. Izan ere, zuek gabe, zaila da bidean aurrera egitea; zuhaitzak loratzen eta indartzen jarraitu behar du, elkarrekin zenbaki borobilak borobiltzen jarraitu behar du.
Eskeine Legorburu
(GoiBerriko zuzendaria)