Hiru urte bete ditu Lazkaoko Beneditarren Artxibo berriak. 2010eko abenduan inauguratu zuten eraikina, monasterioaren alboko bi solairuko etxe modernoa eta egokia. 2011ko udaberrian eratu zuten fundazioa beneditarrek, Lazkaoko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Artxiboa ez da baltsa, ordea. Etengabeko iturria da hara iristen den funtsen emaria. Lehendik iturburu oparoak eta emankorrak aurkitu izanagatik.
Lehena eta oraina nabarmen bereizi ziren duela hiru urteko erabaki horietan. Hiru laguneko taldea ari da gaur egun lanean. Juan Joxe Agirre zubigilea bera, Miren Barandiaran beasaindarra eta Etxahun Galparsoro donostiarra. Tarteka, artxibozain gehiago hartzen dituzte. Orain, adibidez, Euskadiko Ezkerrak emandako artxibo handia sailkatzen laugarren kide bat ari da, diru laguntza bat tarteko.
Artxibo «bizia» da Lazkaokoa. «Etengabe ari gara jasotzen. Egunero zer edo zer iristen da». Euskodok elkartearen bitartez, baita Angel Gainza zaletu bilbotarraren borondatezko material bilketari esker ere.
Biltzaile sarea osatuta dauka, aspalditik, Lazkaoko artxiboak.Gainera, elkarlanean jarduten dira artxiboak. Batek errepikatuak dituenak besteei ematen dizkie, eta alderantziz. «Juan Joxerekin hasi zen, 1980an», dio Barandiaranek. Bertako biltegirako ez ezik, euskal artxibistika mugimendu osoa abiarazteko ere giltzarria izan da Agirre.
Aro aldaketarekin, azpiegitura erosoagoak, baliabide hobeak eta kontserbaziorako baldintza egokiak irabazteaz gain, metodologian ere asko aurreratu dute. Eta horretan ari dira gaur egun, buru-belarri: material guztia deskribatzen, sailkatzen eta ikertzaileen eskaerak bat-batean erantzun ahal izateko ordenatuta gordetzen.
Batetik, Juan Joxe Agirrek monasterioko ertz batean pilatuta zeukan material mordoarekin ari dira, oraindik. Bestetik, egunero jasotzen dutenarekin. «Lehenengo antolatu egin behar da, zeren material guztia nahastuta etortzen zaigu. Hemen, batez ere, material politikoa eta soziopolitikoa interesatzen zaigu, eta horren inguruan dagoena: sindikatuak, euskarak ere pisu handia izan du, protestak…», dio Barandiaranek.
Juan Joxeren kaxa
Euskal Herriaren luze-zabalean bulego, egoitza eta lokal askotan dago Juan Joxe Agirre idatzita duen kaxa huts bat. Elkarteek, alderdiek, erakundeek edo Lazkaoko harrobiaren garrantziaren berri duen edonork hara botatzen ditu sortzen dituen kartelak, afixak, agiriak. Eta betetakoan, Lazkaora.
Bildumatan bereizten dute, gero, artxiboan. Gaika, alderdi politikoka, edo kasu berezietan, arloari dagokiona sortuta. Goierrik bere bildumatxo bat badu, herrietako agiri batzuekin, 1970eko hamarkadatik.
«Oraindik lan asko dago egiteko, deskribatzen eta sailkatzen», dio Galparsorok. «Nik 15.000 kartel inguru sailkatu ditut, baina 35.000 daude. Hala ere, dagoeneko ikertzaile bat zerbait zehatzaren eske etorzen denean eman diezaiokegu». Informatizatuta daukate artxiboaren edukia.
Galparsoro izan zen, langile laguntzaile bezala, Agirrerekin hasi zen lehenengoa, orain zazpi-bat urte. «Material asko zegoen, baina dena pilatuta. Izugarrizko kaxa pila, bata bestearen gainean. Egon bai, baina horrela edukitzeak ez zuen inolako erabilgarritasunik».
Oraingo lana «hau dena» deskribatzea dela argi du Barandiaranek. Baina ez da horretan geldituko: «Helburua jendeak erabiltzea da, bestela alferrik ari gara gordetzen. Jendeak erabiltzeko, baina, jakin egin behar da zer dagoen, eta ondo antolatuta eduki».
Etorkizuna, itxaropentsu
Beste zenbait erakunderen kontrara, Lazkaoko artxiboak etorkizuna ondo bideratuta dauka. Batetik, biltzaile eta laguntzaile sarea ikaragarria delako, boluntarioki eta musutruk ekarpenak egiten dituztenak. «Horrek izugarrizko balioa dauka. Lan boluntarioa da, ez dugu ezer ordaintzen. Urtetako lanaren fruitua da, konfiantza baten ondorio ere bai. Zorionez, jarraitzen du, eta espero dugu jarraituko duela. Sare horren balioa ezin da diruz ordaindu», dio Barandiaranek.
Bestetik, sortu den azpiegitura jasangarria delako, epe luzera ere. «Honen kostua oso merkea da: hiru pertsonaren soldatak eta eraikinaren mantenimendua. Ez da izugarrizko dirutza gastatzen hemen. Nik uste artxibo honek etorkizuna ziurtatuta daukala», gaineratu du Galparsorok.
Garbi dituzte zeintzuk diren etorkizuneko proiektuaren zutabeak: jasotzea, kontserbatzeko. «Hau ez da ezer patrimoniala, ez da liburutegi publiko bat. Gauza hauek jasotzeko eta gordetzeko dira, ahal bada betiko». Eta, bigarren zatia, «garrantzitsuena», eskatzen duenari zerbitzua ematea.
Gauza batek duen balioa inork eman nahi dion hori izan ohi da. Lazkaoko artxiboari askok aitortu diote altxor izaera.
Atzeko historia ere bertan
Euskal Herriari buruzko artxiboa sortu du, baina une bakoitzean galdetu beharrekoa da Juan Joxe Agirre zertan ari den. Edozeri heltzeko nagirik ez baitauka. Aita gurea munduko 700 hizkuntzatan idatzita ageri den txosten bat sailkatzen ari da gaur egun. Tartean, euskarazko 100 aldaera desberdin ere baditu.
Duela hiru urte arte, Agirreren burua zen artxibo erraldoiko ordenagailua. Zer eskatu, Google bilatzaileak baino lehenago emango zuen eskura. Paper, agiri, aldizkari edo kartel bakoitzaren historia ere ia-ia bai baitaki. Atzeko historia da, Agirrek bere eskuz idatzia, lehen lerrotik.
Hainbeste daki, ezen bisitaria proban jartzea ere gustatzen zaio. «Zein da lehenengo egunkari nazionalista?», galdetu dio, tupustean, kazetariari. Eguna? Euzkadi? Ezta usainik ere. «El Correo Vasco. Sabino eta Koldo Arana anaiek egin zuten. Maiatzean hasi eta irailera arte. Gobernuaren aginduz debekatu zuten. Hori da lehenengo egunkari nazionalista. Eta hemen dago», dio Agirrek.
Halako bildumak eskuratzeko, etenik gabe bila jardundakoa da Agirre. «Ez dago sinisterik! Debalde, batere dirurik gabe bildu ditut denak. Orain diruarekin ere ezin dira lortu, ez daude eta».
Igandeetan ere lanean
Ezin konta ahala gertaera ditu. Kontatzen dituenak, eta ez dituenak. Eguneroko artxibozain lana gutxi ez, eta larunbat-igandeetan aldizkariak enkuadernatzen ditu. Txiste bat gogorarazi dio argazkilariak: Igeltseroak bere laguntzaileari: ‘Atseden hartzen duzun bitartean, igo itzazu adreilu batzuk’. Halaxe da Agirre: euskal historia garaikideari eraikin onena egin dion igeltseroa.
4.000-5.000
Jasotako agiriak. Urtean funts edo agiri kopuru horixe sartzen da Lazkaoko Beneditarren Artxiboan. Dohaintzan emanak dira, pribatuek, erakundeek nahiz mota guztietako elkarteek. Gehientsuenak kartelak izan ohi dira, Euskal Herria toki oparoa delako kartelgintzan. Aukeraketa eta inbentarioa egiten dute artxibora iritsi orduko.
6.800
Aldizkariak. Aldizkarien tituluak 6.800 inguru dituzte. Bakoitzaren ale kopurua, asko aldatzen da gero. «Balio handiena, askotan, bi zenbaki besterik ez dituztenek daukate, ez dagoelako besterik», dio Barandiaranek. Politikari edo soziopolitikari buruzkoak dira. Goierrin argitaratzen zirenak eta direnak, horiek denak jasotzen dituzte.
35.000
Kartelak. Azken lau hamarkadetako historiaren erakusgarri grafiko interesgarrienak dira. Guztira 35.000 baldin badaude, 15.000 edo 16.000 dauzkate katalogatuta, oraingoz. Antolaketarako, 208 apal kaxoidun dauzkate, artxiboaren luzera osoa hartzen dutenak. Kaxoi bakoitzean zer dagoen informatika datu-basean daukate jasota.
35.000
Eranskailuak. Artxiboaren beste bilduma baliotsu bat dira. «Kartel txikiak dira eranskailuak», dio Juan Joxe Agirrek. Euskal Herriarekin zerikusia dutenak bakarrik gordetzen dituzte, bai afixak, bai pegatinak. «Galbahea pasa beharra dago, errepikatutakoak asko iristen direlako, edo hemengo gaiekin loturarik ez dutenak», dio Galparsorok.
4.000
Egutegi txikiak. Agirre 1958an hasi zen poltsikoko egutegitxoak biltzen eta gordetzen. 4.000 inguru dauzka. «Hasieran denak berdinak ziren, baina Franco hil ondoren, 1975ean, hasi ziren politikoak ere». 56 urteotan urtero-urtero jaso ditu, eta urte bat ere huts egin gabe dauzka bilduman.
1970
Urtetik Goierriko bilduma. Atal berezi bat osatzen dute Goierriko gaiek, alderdi politikoetan edo gainontzeko bildumetan kabida ez duten agiriek. 1970eko hamarkadan hasi zen Agirre. Uraren eta urtegien arazoak, eskualdeko osasungintza eta ospitalea, herrietako kultur asteak, Jakintza asteak, omenaldiak… daude.