Tere Madinabeitia
Aste Santua eta Santikutz jaiak tarteko, gure umeek bi aste eta erdiko oporraldia izan dute, eta ez dakizue zer nolako buruhaustea sortu duen horrek gure etxean, ohiko zaintzaileak ere, amonak, oporrak hartu dituelako eta Benidorm aldera joan delako. Semeak handiak egiten hasiak dira, baina oraindik heldua behar dute inguruan. Kontua da… zein heldu? Zeinek dauzka hainbeste jaiegun garai honetan? Biok lan egiten dugun etxe honetan jai eskatu behar izan dugu geure lantokietan, ardura txandaka banatzeko. Kanpoko batek ere lagundu behar izan digu beste egun batzutan ere. Eta umeak? Hauek ere aztoratuta ibili dira, ordutegirik gabe: gauean berandu, goizean beranduago, otordu kontuak nahastuta, Wii eta Play Stationera lotuta, erabat alpertuta… Beharrezkoak dira horrelako etenaldiak ikasturtean zehar, ez dut zalantzan jartzen, baina etxeko martxa hankaz gora jartzen dutela ere ez dit inork ukatuko.
Eta ez dit inork ukatuko ere, udako opor luzeekin antzeko egoera bizi izaten dugula gurasook. Udalekuak, udaleku irekiak, aiton-amonen herria, era guztietako ikastaroak, kirola, ingelesa… Gutako askok antolatuta dugu dagoeneko ekaina bukaera eta uztaila, eta abuztua, Aste Santuan opor gehiegirik hartu ez badugu behintzat, familian igarotzeko izaten da, denok batera oporretan, horrek eragiten duen estres puntuarekin. Itzuleran, irailaren lehen astean behintzat, berriz ere arazoak, eskolak hasi arte. Izua zabaltzen hasita dago. Eta guztiaren ondoren, ondorioa: eskolan bezala ez daude inon gure txikiak eta ez hain txikiak.
Idoia Luzuriaga
Nola ez gara ba izutuko? «Kontziliazioa» deitzen zaio honi. Utopia, gehituko nioke nik. Sistemaren aldaketa sakona behar dugu denboraren erabilera malgua lortzeko. Malgua diot, garaian garaikoari heldu ahal izateko, egoerara egokitu ahal izateko, ezustekoei aurre egiteko. Azken aldian entzun da agenda politikoan gai hau, baina beste hainbat bezala, borondate kontua da eta nahi duten izen ponposoarekin eta «plan estrategikoa» abizenak jarrita ere, egokitzeko nahia besterik ez da; askotan falta dena, alegia. Bi aste eta erdiko oporraldia aipatu duzu hasieran Tere, baina, egia da, hemendik hilabete eta erdira oporraldi luzeena dator! Eta berriro malabarismoa egitea. Bada, gure seme-alaben ardurarekin gaude orain, eta horretan aitona-amonek ez digute hutsik egiten merezitako oporrak hartzeko ez bada, honez gain udaleku irekiak, udako kanpamentuak eta hamaika gaien inguruko ikastaroak daude. Hala nola moldatuko gara, beti egin izan dugun bezala, baina gizarte honek zaintza ikusezina bihurtzeko egiten duen ahalegina ikaragarria da. Eta zaintza beti da garrantzitsua. Orain etxeko txikienena, baina berehala gure helduena. Ez dakit jabetu ote garen eraiki dugun sistema honetan pertsona helduen gaineko zaintzarako espaziorik ez dugula utzi. Zaintza eta beharra dutenen gaineko ardura ez luke eromena izan behar, guztiok dugulako zaintzeko eta hala behar dugunean zainduak izateko eskubidea. Tartean, animoa eta indarra!