Maite ditut gailurrak/argiak ez beste/ ai hegaztia banintz/gainik gain nenbilke»-dio Lizardik bere olerki batean, eta ahapaldi zoragarria irakurtzen ari naizenean, udaberri honetan tontorrean hegaztiek gorenetik, askatasunean, biltzen eta astintzen dituzten hegoetan erreparatzen dut, haiek izango duten atsegina imajinatu nahiz, eta atsegin hori neure egiten dut sentipen aske horrek bihotzondoa ikutzeraino; izan ere, hain da berezia eta erakargarria txoriek joan-etorrian egiten dituzten hegadak! Sentipenok gozatzen ari naizela, garai honetan basoak izan duen aldaketaz ohartzen naiz, iraganeko kimuek hosto dotore izateraino hartu duten indarraz, eta apaingarriok zintzilikatuta ikusiz, zuhaitzon enbor-adarrak txorien kantaz jantzirik, txoriek zuhaitzei soinua eskainiz, zuhaitzek txoriei isiltasuna opatuz, naturak asko erakusten digula pentsatzen dut. Hala, biziaren mirariok gure bizitzotan nahita, kausalki eta ez kasualki, aurkezten zaizkigula hausnartzen dut, erakusgarri izateaz gain, irakasgarri ere izanez, barruz etengabe hasten joateko.
Gure egunerokotasunean harat-honat gabiltza, norajoanean, baina geure baitan murgilduegiak, nora joan sakonaz ahaztuta, eta jakina, pertsona bakoitza lasterraren autobidean galduta gure gogoaren bolanteak nora eragingo ditugun jakin gabe, mila egoera nahasietan, mugikorrak, whatsapp-ak erreta, azken gertakizuna ondokoari jakinarazi nahian, neurririk gabeko kontrolezean, pantaila liluragarrian galduta, gure begien aurrean aparatutxook elkarri begiratzeko gandu zabala jarrita, izan ere sareak ondotxo baitakizki, arraien antzera, gizakiak bere harietan kateatzen. Asko oroitzen naiz Mikel Laboaz, hark egin zituen komunikazio-inkomunikazioz; uste dut Mikelek berak lan itzelik izango zuela gaurko inkomunikazioak kantatzen, zer kantatzeko eta antzezteko gai franko izango zuen eta. Ikusi besterik ez dago, naturan erreparatzea ahaztu zaigula, nahiz eta ikasle-irakasleek hezkuntza mailan, agenda 21 bezalako proiektuetan, egiten duten lan ederra, eta honelako ekimen asko dira zenbait taldek egiten dihardutenak; nik beti mirestu ditut gure herriko mendizale elkarteak, eta gure natura garbitzen eta zaintzen aritzen diren baserritarrak… hauei, besteak beste, nire eskerrik beroenak. Baina sentiberatasuna zaindu eta elikatu behar dugu izaki, gizakiok elkar zainduz, oreka eta armonia hori mantendu gura badugu, hain zuzen erraz baitzaigu norberekerian gure kemen guztia jartzea eta besteek egindako lana eta ilusio guztia zapuztea, eta hori nire ustez, ez da bidezkoa.
Aukera txukunik izan dut jende sentiberarekin aritzeko, beraien disziplinen inguruko azalpenak ematean, apalki, urratu duten bidea erakutsi didate, era berean, tartea eskaini didate nire berri haiei jakinarazteko; hala, elkarrizketak, elkarrekiko begiruneak egin du guztia, zerbait naturala sortu du, elkarrekin hegan egiteko aukera eman, introspekzio lanean arituz, atsegin dena azaleratuz. Osagai natural eta maitagarri horren ildotik sortu behar dira proiektuak, elkartasunean, espazioak elkarri emanez, gure ego eta geurekoikeriak osinik sakonean utziz, gure mamuei bulkada bakoitzean irtetzen laga gabe, proiektuaren apostu zintzoa eginez, esku hartzean ezer kendu edo gehitu behar badugu proiektuaren mesederako izateko, ez gure nabarmenkeriaren podium-ean ikus gaitzaten erakusteko. Hori da, benetan, gizakiok osatzen dugun basoan, txoriek zuhaitzekin egin ohi duten bezala, isiltasuna entzutea, eta zuhaitzen asmoa, txoriak egiten duen legez, kantuaren soinuz zabaltzea, guztia basoaren mesederako, hori da mendi gailurretan diren hegaztien antzera, aske, ase espazio zabaleko zeruak gure artean bermatzea. Horregatik egiten dut neuk apostu, eta zeuk?
Andoni Salamero (Irakaslea)