Raquel Buscak (Zumarraga, 1966) nomada bat dela dio. Bere bizitza den barkuaren lemak sarritan aldatu du norabidea, eta telebistaren erritmo bizkorrean lan egin ondoren, orain Ezkioko Goiti baserrian bizi da eta bere bikotekideari ogia egiten laguntzen dio. Larunbatetan ogia saltzen du Zumarragako azokan.
Zuek egiten duzuena ogi ekologikoa da, ezta?
Bai, ogi hauek egiteko kalitate handiko produktuak erabiltzen ditugu. Ogi mota asko ekoizten dugu, baina kantitate txikian. Oinarrian ura, gazta eta irina daude; lehengai bakoitza baina, ederki zaintzen dugu. Orearen legamiatzea ere bereziki zaintzen dugu, eta ez diogu behar baino denbora gutxiagoan altxatzea eskatzen; ogiari behar duen denbora ematea oso garrantzitsua da.
Legami naturala erabiltzen duzue; zeintzuk dira bere ezaugarriak?
Ura eta irina nahastu eta bost egunen buruan bizia sortzen da, hortik dator ogia. Prozesua harrigarria eta natural-naturala da aldi berean, bakteriak sortzen dira, bizia, alegia! Batzuetan Jesukristok ogiak biderkatu zituela diotenean prozesu hau bera kontatzen ari direnaren ustea daukat.
Irina zuek ehotzen duzue orain
Luis Mari Amiama bikotekideak errota bat erosi du orain gutxi, Ezkio-Itsason eta berak ehotzen du alea. Aleak nahastu ere egiten ditu, eta ogi integrala arintzen du, edo zuriari bihi gehiago sartu…
Zuena ekoizpen txikia dela esan duzu.
Bai, finean ogia egiteko modu honek filosofia zabalago batekin egiten du bat: gutxirekin bizi, eskuekin lan egin, bizitzeko adina ekoitzi… Biharko mila ogi eskatuko balizkigute ezingo genuke enkargua bete. Ez genuke, hala ere, enkargu hori bete nahi, ogia ez baitugu aberasteko egiten.
Nolatan iritsi zinen ogiaren unibertsora?
Ni nomada bat naiz, paseko txori bat. Kazetaritza ikasi nuen eta urteak egin ditut Madrilen, Valentzian, Argentinan… lanean. Telebistan lan egin dut, telefonoa beti eskuan, hegazkinetik hegazkinera eta hoteletik hotelera ibilitakoa naiz. Bizimodu horrekin nekatuta Zumarragara etorri nintzen.
Jira-biran ibili nintzen bolada batean, eta telebistara itzuli behar izan nuen bizimodua ateratzeko. ETBrako lan egin nuen, Vaya Semanita-ko ekoizlea izan naiz 8 urtean, Goazeneko ekoizlea, Goenkalekoa… Zinean azken lan batzuk egin, eta, erabat ahituta, mundu horretatik urrundu nintzen. Bikotekideak laguntza behar zuen ogiarekin eta halaxe hasi nintzen.
Goierriko zein Gipuzkoako herri askotan banatzen duzue zuen ogia.
Zumarragatik Donostiaraino azoka askotara joaten gara, bereziki, Goierrikoetara. Belar-denda, produktu ekologikoen denda, eskola… Gero eta gehiago da modu kontziente batean elikatu nahi duen jendea.