Irakurtzea, gozatzea eta oparitzea. Horiexek dira Euskaltzaleen Topaguneak zortzigarrenez martxan jarri duen egitasmoaren hiru baldintza nagusiak. Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainari apirilaren 23an eman zioten hasiera Euskal Herriko hamarnaka herritan; baita Goierrin ere.
Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Segura, Olaberria, Ordizia eta Zaldibiako euskaltzale elkarteak, udaletako euskara zerbitzuak, liburutegiak zein liburu dendak elkarlanean jarri dira irakurzaletasuna sustatzeko asmoz. Egitasmoak «herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu». Irakurleari euskaraz irakurtzearen alde atsegina eta gozagarria erakutsi nahi diote.
Kanpainaren goiburuak berak dioenez, hiru dira eman beharreko pausoak. Lehengoa irakurtzea da, euskaraz irakutzea. Horretarako, herriko udal liburutegian edozein liburu maileguan hartzea nahikoa da. Bigarren pausoa da etxera eramandako liburuarekin gozatzea. Liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa bat bete behar da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi duen norberak. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dio irakurleari, hitzartutako liburu dendan erosketa egiteko. Liburuak %25 merkeago erosteko aukera izango da txekearekin; %50 merkeago euskara elkarteren bateko bazkide izanez gero. Azkeneko urratsa da liburua oparitzearena; langun bati, senide bati nahiz norbere buruari.
Kanpainak bi hilabeteko iraupena izango du, ekainaren 30era arte egongo baita liburutegietan erosketa-txekeak lortzeko aukera; uztailaren 5era artekoa horiek liburu dendan erabiltzeko.
Uda begirako kanpaina
Euskaltzaleen Topaguneak aurreko urteetan ikusi ahal izan duenez, kanpainak «eragin positiboa» izan du herritarrek herriko liburutegietan egiten duten euskarazko liburu mailegu kopuruan. Izan ere, egitasmoaren helburuetako bat ere bada euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea.
Segurako udal liburutegiko arduraduna da Celes Goitia beasaindarra. Gertutik ezagutzen ditu berak segurarren irakurketarako gustuak, eta gomendioak ematea ere tokatzen zaio. Negu partean, eguraldiaren eraginez, liburutegian jende gehiago ibiltzen dela dio berak; «udan liburutegira etortzen direnak dira benetako irakurleak», dio barre artean.
Segurako irakurleek euskarazko liburuetara edo gaztelerazkoetara jotzerakoan, nabarmen bereizten ditu bi talde nagusi Goitiak. Haurrak eta gaztetxoak dira euskaraz irakurtzen dutenak; helduek orokorrean, gazteleraz. Segurako kasua ez da berezia, ordea; herri gehienetan errepikatzen da.
Horren lekuko da Ekain Mendizabal Ordiziako Mujika Liburudendako saltzailea. Helduek haur edo gaztetxoentzat aukeratzen dituzten liburuak gehienetan euskaraz izaten diren arren, norberarentzat gaztelerazkoak aukeratzen dira. Toti Martinez de Lezearen Nur pertsonaia protagonista duten liburuetaraino irakurtzen dute gaztetxoek euskaraz; «hor ez dakit zer gertatzen den, baina gaztelerara jotzen dugu», dio Mendizabalek.
Hain justu ere, ohitura hori kolokan jartzea du asmo Topaguneak. Euskarazko liburuak aukeratzeko aitzakia jarri eta zaletasuna sortuz.
«Neguan jende gehiago ibiltzen da liburutegian,
udan ikusten da nor den benetako irakurle»
Celes Goitia (Segurako liburuzaina)«Ohitura faltagatik edo, gutxi saltzen dira
liburuak, euskaraz are gutxiago»
Ekain Mendizabal (Mujika liburudenda)«Euskaldun berria izanda, irakurle taldeari
esker ezagutzen ditut liburuak»
Ana Perez (Irakurlea)
Euskarazko irakurketaren munduan murgilduta dabilena da Ana Perez beasaindarra. Euskaltegian euskara ikasten hasi eta bigarren mailan dabil gaur egun. Euskaltegian animatu zuten Perez Beasaingo irakurle taldean parte hartzera; eta hala aritu da iaz arte.
Igartza Saria eskuratu zuen Danele Sarriugarteren Erraiak liburua izan da berak eskuartean izan duen azkenetakoa. «Euskaldun berria izanda, ez da erraza nirentzat euskaraz irakurtzea», dio Perezek. Edonola ere, Beasainen nahiz beste hainbat herritan irakurtzeko zaletasunak elkartuta biltzen dira hainbat talde. Liburuak aukeratu, irakurri eta ondoren horien gaineko gogoetak egiten dituzte. Liburuaz bakoitzak gozatzeaz gain, gainontzekoekin elkarbanatzen dute esperientzia.
Salmentak sustatuz
Topagunetik diotenez Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainak maileguez gain, liburuen salmentan ere izaten duen eragina «kontuan hartzekoa» da. Hala, liburusaltzaileei ere esku bat botatzeko aukera dute honakoa. Aurreko urteetan, egitasmoak iraun zuen bitartean, salmentetan nabaritu zela dio Ekain Mendizabalek.
Orokorrean libururik saltzen ote den galdetuta, Mendizabalen erantzuna ezezko argia da da: «Oso gutxi saltzen da. Idazle ezagunen batek libururen bat ateratzen duenean agian gehixeago saltzen da; baina hori gutxitan gertatzen da», dio. Irakurzaletasuna izan arren, liburu elektroniko edo ebook-en gorakadak ere eragin nabarmena izan dute papereko liburuen salmentan.
Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dituzte: solasaldiak idazleekin, liburu azokak nahiz irakurketa musikatuak. Egitasmoak erakundeen babesaz gain, argitaletxeen laguntza ere jasotzen du.
Eneko Aizpuruaren azkena eta Baztango trilogiarena, irakurrienak
Libururik irakurrienen zerrendetan agertu ez arren, eta
Interneten ezagun edo hedabideetan protagonista izan ez arren, harribitxi ugari daude euskal liburugintzan. Euskal literaturaz gozatzeko aitzakia ona eskaintzen dute Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea liburuak, Juan Mari Irigoienen Ipuin batean bezalak edo Harkaitz Canoren Twistek, beste askoren artean. Goierrin Eneko Aizpurua lazkaotarraren Herensuge gorriaren urtea liburua asko irakurtzen ari dela nabarmentzen dute Celes Goitiak eta Ekain Mendizabalek. Nabarmentzearren, euskaratzen ari diren Dolores Redondoren trilogia aipatzen dute. Bi ale ditu kalean: Zaindari ikusezina eta Hezurren ondarea. Liburutegietako euskarazko ale berrien apala ere betea dago: Xabier Etxanizen Sirena-hotsak edo Itxaro Araqueren Damutzen ez direnak, tartean.