Aritz Egea korrikalariak (Urretxu, 1984) iaz utzi zuen maila berean ekin dio mendi lasterketen urteari: goi-goian. Etzi Zegama-Aizkorri maratoian irtengo da, aitortu ez duen helburu bat buruan duela. Hasieratik dena ematera irtengo da; «edo lasterketa oso ona, edo oso txarra» atera dakiokeen arren.
Hasi duzu mendiko lasterketen denboraldia. Zer moduz?
Igandean denboraldiko bosgarren lasterketa izan zen, orain arte nahiko motzak. Aurreko laurak bigarren egin eta azkenekoa lehenengo bukatu dut. Beraz, pozik. Orain arte sentsazio txar samarrekin ibili naiz, baina etorri dira onak. Jokin Lizeagak jarritako entrenamenduak jarraitzen ditut, eta banekien ondo ari nintzela. Mendian ez nuen solturarik nabaritzen. Baina puntua aurkitu dugu; orain mantendu, eta kito.
Lasterketa «motz samarrak», zuretzat zer dira?
Egia esan, motz samarrak ere ez, maratoi bat ere egin dudalako. Aizkorrira begira egin nuen. Besteak maratoi erdiak izan dira, eta bat 10 kilometrokoa ere bai. Zegama-Aizkorrirekin alderatuta, motzak.
Gaur egun mendi lasterketetara bakarrik dedikatzen zara?
Bai. Nire ibilbidea nahiko luzea da. Afizionatuak arte txirrindularitzan ibili nintzen. Unibertsitatera iritsi eta pixka bat bete nintzen; entrenatzeko denbora gutxi, eta utzi egin nuen. Urtebetera, triatloian hasi nintzen, eta oraindik denbora gehiago behar nuen entrenatzeko. 2010ean Hawaiin izan nintzen, eta handik etorritakoan helbururik gabe bezala sentitu nintzen. 2011ko denboraldia hasi nuen triatloian, baina erdirako esan nuen emateko guztiak emanda nituela. 2012an mendi lasterketetan hasi nintzen.
Iazko urtea, zer moduzkoa?
Oso ona. 2012an, hasitakoan, lesio dezente izan nituen, hankak mendirako ohitu gabe neuzkalako. Iaz Aizkorri oso ona egin nuen, niretzat ere sorpresaz. Denboraldi bukaerako Munduko Kopako probatean 3. egin nuen, eta hori izan zen onena. Munduko Kopan sailkapen orokorrean 4. eta Espainiako Kopan ere 4. geratu nintzen.
Bigarren urtea izateko ez dago batere gaizki.
Ez, ez. Egia esan, oso-oso gustura geratu nintzen. Banekien ondo ibiliko nintzela, baina hain ondo ere ez nuen uste.
Horrenbeste kiroletan arituta, zer ezinegon izaten duzu? Beti gauza bera egiten asetu agian?
Bizitza kirolik gabe ez nuke ulertuko. Beste gauza asko ken ditzaket, baina kirola ez. Baina beti helburu batzuekin egiten dut. Txirrindularitzan gaztea nintzen, eta gozatzea zen. Triatloian Hawaii zen helburua; egin nuen. Mendi lasterketetan, Aizkorri; egin nuen. Aurten, berriz, Aizkorri hobetu eta Munduko Kopan lan txukuna egin nahi dut. Etorkizunean beste helburu batzuk topatuko ditugu.
Zeuk aurretik jarritako maila gainditzea duzu erronka?
Aitak aspaldi esan zidan ni erronka zalea naizela. Erronkak jarri beharra dauzkat, eguneroko entrenamenduak egin ahal izateko. Ikaragarri gozatzen dut entrenatzen. Lehiakorra naiz, baina neure buruarekiko.
Kirolak bizitza mota bat markatzen dizu?
Ikuspuntu batetik, bai. Entrenamenduak bete nahi ditut, eta orduan, bizitzako beste gauza guztiak horren inguruan jartzen ditut. Lana, entrenamenduak eta beste denbora guztia —gehiegi ez da geratzen— ahal dena egiteko. Jan aldetik ez naiz zaintzen, esateko. Askotan esan didate gimnasiora joateko, indarra hartzeko; baina ez naiz joaten, ez zaidalako gustatzen. Azkenean, nire helburua kirolarekin gozatzea da, besterik gabe. Nire bizitzaren zati handi bat da, baina gozatzeari uzten diodanean, utziko dut.
Zegama-Aizkorri igandean da. Faboritoen artean ikusten duzu zuk zeure burua?
Faboritoa, ez. Faborito bakarra dago, eta ia-ia %100ean nago berak irabaziko duela: Kilian Jornetek. Beste batzuk podiumerako edo lau ordutik jaitsi ala ez, saltsa horretan ibiliko dira. Gu hortik urruti gaude. Nire asmoa iazko marka (4:17 ordu) hobetzea da. Dezente jaisteko asmoa daukat, eta horretara aterako naiz. Edo lasterketa oso ona aterako zait, edo oso txarra, baina hasieratik arriskatuko dut.
Beraz, lau orduren azpitik?
Ez, ez. Lau orduren azpitik ezinezkoa da. Hori oso gutxiren esku dago.
Jornet aipatu duzu, eta aurreko astean Kanarietan ikusi zen gizakia dela. Bigarren egin zuen.
Niretzat, jendeak irakurketa okerra egin du: berriz erakutsi du ez dela gizakia. Bi aste ere ez zeraman korrika. Orain arte Norvegian eskiatzen aritu da, zero graduan edo hotzago. La Palmara joan, 30 gradu, 70 kilometro korrika, eta bigarren egin du. Beraz, gizakia den hori, ez dakit bada nik… [barreak]
Zer egutegi eta helburu dituzu 2014rako buruan?
Lehenengoa Zegama-Aizkorri da. Presio bat sorrarazten dit karrera horrek, nire buruari jartzen diodana, helburu bat delako. Ondoren dena lasaitzen da. Helburu pertsonala Munduko Kopan aurrera ibiltzen saiatzea da. Nire esku baino gehiago lehiakideen esku egongo da, korrikalari profesionalak edo erdi profesionalak azaltzen direnean, haiei kontra egitea oso zaila delako. Munduko Txapelketa Chamonixen izango da, sanjoanetan, eta hori ere helburu garrantzitsutzat daukat.
Zegama-Aizkorrik zer dauka berezia? Horren ona da?
Nik urte bakarra daramat kanpoan lehiatzen, eta antzeko zerbait Italian bakarrik ikusi dut. Gainera, logikoa izan daiteke, han sortu zelako skyrunning modalitatea, eta kultura nahiko sendoa daukate horren inguruan. Baina hemengoa zorakeria bat da. Eguraldi txarrarekin ere beste karreretan normaletan baino jende gehiago egoten da. Datak ere eragina dauka, Munduko Kopako lehenengoa izanda jendea gogoz etortzen delako, eta munduko onenak izaten direlako. Iaz denboraldiko lasterketa onena kontsideratu zuten. Zer edo zer berezia badauka. Zegama, Zegama da, ez dauka besterik.
Triatloia kirol gogorra da. Mendi lasterketak ere ez dira atzera geldituko, ala?
Niri triatloiak baino askoz esfortzu gutxiago suposatzen dit, entrenamendu aldetik batez ere. Eta gozamen gehiago, momentu honetan. Beraz, gutxiago eginik gehiago gozatzen ari naiz. Mendian entrenatzen duzu, eta denbora konturatu gabe pasatzen da. Faktore psikologiko hori positiboagoa da mendian. Bestetik, urtez urte maila handitzen ari da mendi lasterketetan, errekorrak hausten ari gara edozein probatan. Baita ere egia da aurrean ibiltzen den jendearen eta bigarren mailakoen artean aldea gero eta handiagoa dela. Podiumeko jendetik 4-5.era denbora-tartea asko hazi da; maratoi erdi batean 10 minutu agian. Duela urte batzuk hori ez zen gertatzen Euskal Herrian.
Horrek zer esan nahi du, euskal eliteko korrikalariak munduko elitera inguratzen ari zaretela?
Niri grazia egiten dit elite deitzen didatenean. Ni langile bat naiz, hau hobbytzat daukat. Serioago hartzen dugula, ez da beste ezer. Baina aurrean geroz eta maila handiagoa dago, baina hala ere, oraindik kirol oso berria denez, munduan ere ez da maila ikaragarria, historia gehiagoko kiroletako elitekoek duten bezala, txirrindularitzak, atletismoak edo errepideko atletismoak.
Profesionaltaunarekin inoiz egin duzu amets?
Ez, sekula ez. Gainera, horrekin nahiko kritiko naiz. Askotan bilatzen da kiroletik bizitzea, baina diru laguntza publikoetatik, eta ez zait gustatzen. Nire ustez, kirol profesionala baldin bada, kirolak bere kabuz eutsi beharko lioke, babesle bidez edo dena delakoa. Baina ez erakunde publikoek emandako diruaren bitartez.
Goierriko Bi Handiak, Ehunmiliak… Ultratrailek tentatzen zaituzte?
Egunen batean egingo dut. Ehunmilietara ez dakit ailegatuko naizen, baina G2H posible ikusten dut. Orain egiten ari naizenarekin ez da bateragarria, entrenamendu aldetik eta. Gainera, uztailean harrapatzen zaitu. Baina hemendik urte batzuetara egingo dut, ziur.