Iñaki Apalategi
Berriro ere berandu gabiltzak elkarrizketa osatzeko… emailean gure txanda dela jaso orduko, buruari idazteko gai posibleen inguruan buelta batzuk eragin, bakar bat ere emanez, beste tarte batetarako utzi… eta egunak pasa eta pasa, halaxe gertatzen zaidak azkenaldian. Hire elkarrizketa hasierarik ere ez zaidak iristen, eta hala ere egunak pasa eta pasa; hiri ere antzera pasako zaik ziur aski.
Ez zekiat ziur, baina 15 bat urterekin idatziko nian nire lehendabiziko Goierritarrarako bertsoa, Beasaingo festei, langabeziari, edo tokatzen zen gaiari eskainia, nolako ilusioarekin idatzi ere! Astea pasako nian buruan ideiak bildu eta tolestu, zer eta nola esan… eta Beasaingo Bideluze plazan zegoan kioskoan entregatu, «Goierritarrarako bertsoak dira hauek» esanez.
Argitaratutakoan ere, buruz nekizkian bertso horiek irakurtzen nizkian, eta a zer ilusioa ezagunek irakurri zituztela entzutean! Eta zer esanik ez, hireak eta besteenak ere gustora irakurtzen nizkian, «bertsolari onek» idatzitako bertsoak.
Ez nagok ziur Goierritarra izateari utzi zionean ala lehenago, gai bati jarritako bi bertso haietatik elkarrizketa bidezko artikulura pasa gintuan, eta han ere gustora, okurritutako gaiei buruz hizketan edo gaizki esaka, baina orain… orain berriro ere epea lepoa estutzen. Konturatzerako, bizitza erdia baino gehiago zeramaat Goierritarra/GoiBerrirako idazten, eta pentsatzen diat orain 16 urte nian grin hori orain ere izan behar duela besteren batek, eta gustora asko hartuko lukeela tartetxo hau nahi duena esateko, ezta?
Aitor Sarriegi
Ez nauk ni ere errepasoa egiten hasiko. Pentsa, urte batzuk gehixeago dauzkagunok Goardia Zibilak itxi zuen Euskaldunon Egunkariaren hasierako urteetan ere idatzi genizkian bertsoak; artean ume mokoa izango hintzen!
Arrazoi dek gauza batean hala ere. Hilean behingo konpromisoa hartzen denean, edo lau astean behingoa, gaiari bueltak emateko hilabete osoa duala iruditzen zaik. Eguneroko martxak, ordea, bezperan (edo dataz kanpo), presaka eta nola-hala funtzionatzera eramaten hau azkenean askotan, eta ez dik hori merezi eskuetan aldizkaria hartzen duenak. Utzi izan dizkiat lehen ere horrelako enkarguak iritsi ezinda; bereziki gogoan diat Argiako bertso jarriena, hamabi sorta osatzeko konpromisoa hartu eta hamaika eginda utzi nuena, hara ere estu iritsi eta hamabigarrenak ezer berririk ekar zezakeenik sinetsi ezinda.
Atsedena behar diat nik ere. Hik esan bezala, izango dek espazio hau guk baino hobeto beteko duenik, eta tartean behin behintzat gustura irakurri gaituenik bada, gero arte esatea geratzen zaiguk. Orriotan ez bada afalosteren batean edo oholtzaren batean segiko diagu gure burutazioak botatzen.
Eskerrik asko eta laster arte!