Gauza gutxirekin asko egin daitekeenaren adibide da Ordiziako nesken areto futbol taldea. Bigarren mailan ari dira jokatzen, oso maila ona emanez, eta Gipuzkoako erreferente dira euren modalitatean. 1988an sortu zen taldea, eta sorreratik, gertu-gertutik jarraitu du Emilio Ortiz lehendakariak. Hasierako urte haietan bezala, gaur egun ere 20tik 30 urte arteko 12 neskak osatzen dute taldea.
Bigarren mailarako igoera ez zaie zerutik erori. «Sekulako aldaketa eman du taldeak azken urteetan», dio Iñaki Heras entrenatzaileak. Herasek entrenatzaile gisa aritzeko prestakuntza jaso zuenetik dinamika, estrategia eta jokatzeko modua asko aldatu dela diote. «Zehatzago entrenatzen dugu orain, denbora, gauzak lantzeko modua… Asko hobetu dugula uste dut. Garrantzia gehiago ematen diogu orain teknikari eta taktikari» dio Herasek.
Afizioa goraka
Kirolak «harrapatu» egiten duela diote Herasek eta Ortizek. «Ez da ia batere hitz egiten emakumezkoen areto futbolaz, baina, norbaitek zerbait entzun eta partidaren bat ikustera etortzen bada, harrapatuta geratzen da, eta asko eta asko itzuli egiten dira».
Emakumeek jokatzeak jendea ez duela erakartzen uste dute eta, gainera, «hamaikako futbolak kalte asko» egiten diela, «batez ere, Realak taldea atera zuenetik». Horren aurrean, areto futbola «askoz ere erakargarriagoa» dela diote, «hamaikaren ordez bost lagunek jokatzeak jokoa asko azkartzen duelako». Horregatik, areto futbola probatzeko eta taldean sartzeko gonbidapena luzatu nahi dute.
Lehen maila eskura dute
Aurtengo urtean dena ematera doaz, eta lehen mailara igotzeko ametsa gero eta gertuago dute. Asteburu honetan Bartzelonan jokatuko duten partida irabazita egingo dute saltoa. Lehen mailara igotzeak, ordea, «egoera asko aldatuko luke: ekonomikoki egun behar dugunaren hirukoitza beharko genuke. Egun, Beasaingo Estanda enpresak babesten gaitu, baina egoera aldatuko balitz, laguntza gehiago beharko genuke», dio Ortizek.
Beraiek bezala bigarren mailan dauden beste talde gehienek «masaje-emaileak, botileroak eta halako beste zenbait luxu» badituzte ere, gutxiagorekin asko lortu du Ordiziako taldeak. «Meritu handia dute gure neskek ere, ez dute ezer kobratzen, eta borondatez etortzen dira», dio Herasek.
Taldean, hamabitik lau goierritarrak dira, baina gainerakoak kanpotik etortzen dira: Tolosaldetik, Donostitik eta Gasteiztik, besteak beste. Urte bukaeran diru pixka bat sobratzen bada beraiei ematen diete, erregaietan bakarrik ere asko gasatzen dutelako, trukean ezer jaso gabe.
Jarraitzeko indarra «taldeko giro onak» ematen dietela diote: «Familia bat gara eta oso giro ona dugu. Inork taldearen erritmoa oztopatzen badu edo gatazkak sortzen baditu, abisu bat ematen diogu, eta jarrera hobetu ezean, ez diogu taldean jarraitzen uzten».
Maite Gonzalez kapitain
Herasek eta Ortizek taldeko Maite Gonzalez jokalari ordiziarraren lana azpimarratu nahi izan dute. Taldeko ordiziar bakarra da Gonzalez kapitaina. «Beste talde batzuetara joateko proposamenak jaso ditu, baina, berak hemen jarraitzeko erabakia hartu du beti», diote; «oso pozik gaude berarekin».