Inazio Usarralde
Heziketaren haritik tira egin behar dinat gaur, Joxepa! Duela gutxi Maria Jose Lera psikologoak hitzaldi bat eman zinan Lazkaon. Interesgarria izan zunan, oso. Azken batean, irakasle honek gidatzen duen Golden 5 programak begirada bat eskaintzen omen zigun: ikuspegi horretatik gure seme-alaben heziketan indarguneetan jarri behar dinagu arreta eta, ez hainbeste, ahulguneetan. Hara zer gertatzen zaigun gure seme-alabekin hitz gutxitan:
Haurrak haur izateari uzten dion arte ez al diogu horrela hitz egiten? Erortzen bada, «lasai, txiki, altxa eta saiatu berriro, oso ondo ari haiz eta!» Okerren bat egiten badu, «ai, umea, hori ez dun/k egiten. Tira, lasai, hurrengoan hobeto egingo dun/k eta!» Lehenbizikoan ez badu kasu egiten, bi besoekin heldu eta goxo esango zionagu «aizan, txinpirina, aitatxok edo amatxok hots egindakoan aurrenekoan etorri behar dun, e!?»
Baina, zer gertatzen dun haurra koxkortu ahala? Eta zer esanik ez nerabezarora heldutakoan. Ez al gaitun horrelatsu jarduten? Erortzen bada, «esaten di(n)at ba munduan baldarragorik ez dagoela!» Okerren bat egiten badu, «ai, umea, baina-baina nola egin dun/k hori? Ez dun/k sekula ikasiko. Alperrik dun/k!» Eta kasurik egiten ez badu, «baina-baina zer hago, gorra ala? Noiz ikasi behar dun/k aurrenekoan kasu egiten?»
Ba, hori, martxa horretan nola izan haiteke baikor seme-alabekin eta arreta indarguneetan jarri? Erantzunik ba al dun?
Joxepa Madariaga
Aupa, Iñaxio!, fuerte hator, aitte paperean. Ni jarriko nauk amarenean eta ea gure seme-alabak ondo hezteko prestatzen garen. Heziketari buruzko hitzaldietatik, beti, gauza bera pentsatzen irteten nauk: «Ze gaizki hezten ari garen gure alaba, dena gaizki egiten ari gara!» Eta ez duk hala, baina entzuten ditugun teoriak eta hainbat adibide praktiko gure jardunetik urruti daudela ikusten dugunez, halako etsipen sentsazioa izaten diat. Baina, bestalde, hitzaldietan entzundakoei esker gure jarduna aztertu eta hobetzeko bideak ikusten dizkiagu; beraz, zuzenketetarako aukerei heltzeko prest izaten gaituk. Ez duk gutxi!
Mª Jose Leraren hitzaldia interesgarria izan zuan, guztiz, bai gurasoon gure seme-alaben heziketarako, bai irakasleen ikasleen heziketarako eta, baita, bizitzan pertsonen arteko harremanetarako baliagarria.
Entzundakoak entzunda, hauek dituk, labur, maiz esan beharko genituzkeen esaldiak, haurrei bezala nerabeei, gazteei, helduei eta adinekoei: ederki ari haiz, geroz eta hobeto; ze ondo ari den halakoa, hitz eginez arazoak konpontzen; txalo!, behar duenari laguntza eman dio eta; hobeto ere egin dezaken/k ba hori; hi gai haiz; animo!, egin dezaken/k eta. Lagunduko dinagu/diagu eta lortu baietz!
Penak eta ezinak hor zaudek, badizkiagu, noski, baina ezezkoak eta kexak alde batera utzi eta, elkar errespetatuz, zuzentasunean, pozik eta zoriontsu bizitzea helburu hartzen badugu, gozatu egingo diagu. Heldu ditugun indar-guneei eta izan gaitezen baikorrak!