Aniztasunaren mahaiak antolatuta kutur arteko azoka egingo dute Urretxun
ekainaren 7an. Jatorri guztietako urretxuarren erakusleihoa izan nahi du azokak,
etorri direnen eta bertakoen arteko elkar ezagutza sustatzeko
Egun Urretxun sei milatik gora lagun bizi dira, guztiak urretxuarrak. Batzuen genealogia zuhaitzean atzera joanda, adar guztiak Urretxun geratzen dira. Beste batzuen adarrak, aldiz, Gipuzkoan bertan, Extremadurako bailaratan, Afrikan, Amerikan zein Asian hedatzen dira. Urretxu mosaiko bat da, horrenbestez. Mosaiko horren baitan eratzen den kultur aberastasuna azaleratzea, erakustea, nabarmentzea eta balioztatzea da Aniztasun Mahaiko kideen grina.
Datorren larunbatean egingo duten bigarren kultur arteko azokak Urretxu populatzen duen aniztasun horren ikur eta erakusleiho izan nahi du. Hainbat herrialde egongo da bertan, ordezkatuta eta nork bere herrialdeko gastronomia, dantzak, musikak zein ohiturak erakutsiko ditu. Azoka ez da, halere, aniztasun mahaiaren ekintza bakarra; lana sakonagoa da. Urretxuko Udalak 2009an abian jarritako proiektuaren muina urretxuarren artean elkar ezagutza bultzatzea izan da hasiera-hasieratik. Iñaki Arriaran udaleko gizarte zerbitzuetako teknikariaren hitzetan, «elkar ezagutza baita beldurrak eta aurreiritziak uxatzeko bidea». Proiektua Urretxuk jasotzen duen aniztasunaren diagnosia egiten abiatu zuten. Ikerketa kuantitatiboak kopuruak eman zituen eta kualitatiboa kanpotik etorritakoen beharretan oinarritu zuten, besteak beste.
Aniztasun mahaia
Bigarren urrats batean, egitasmoa erakundeetatik komunitatera eraman zuten, herritarrengana, alegia. Hala, kanpotik etorritakoak nola bertan jaiotakoak deitu zituzten eta aniztasun mahaia osatu zuten. Arriaranen esanetan, «harrera ona izan zuen urretxuarrengan, eta udaletik mahaiak behatoki funtzio bat izatea ere nahi genuen». Bide batez, 2012-2013an garatutako ekintza plana martxan jarri zuten eta horren barruan Urretxu Biziz dinamika sortu zuten. Bideo sorta bat egitea erabaki zuten. Kanpotik etorritako urretxuarrak eta bertakoak hartu emanetan jarri zituzten bideo horien bitartez. «Bideoek sare bat sortzen lagundu, eta aniztasunaren inguruko gogoeta zabaltzeko modua ere izan zen», gogoratu du Arriaranek. Bideoetan urretxuarrek beren oroitzapenak, bizipenak eta sentipenak kontatu zituzten.
«Bertakoen eta etorri direnen elkar ezagutza
da beldurrak uxatzeko bidea»
Iñaki Arriaran (Urretxuko teknikaria)«Aniztasun mahaiko kideek errespetatzen
nautela senti arazten didate»
Mohamed Omar (Urretxuar pakistandarra)
Aurten aniztasun mahaia berritu egin da eta kide batzuek lekukoa hartu diete bidea hasi zuten beste kide batzuei. Elkar ezagutza erdietsi bidean, ekintza bateria daukate esku artean. Ostegunetako pintxo potea nazioarteko bihurtu zuten orain gutxi, eta hainbat herrialdetako pintxoak eman zituzten tabernetan. Ekintzak arrakasta itzela izan zuen. Arriaranek azaldu duenez, «aniztasuna zeharka ahal beste ekintzatan landu nahi dugu, dagoeneko egiten direnak aprobetxatu eta gure ukitua eman».
Henna ikastaroa egiteko asmoa daukate, baina ikastaroa propio egin baino, adibidez eguneko zentrora eramatea pentsatu dute. Cricket ikastaroa antolatu zuten, eta haurren harrera bikaina izan zen. Hala, behin ikastaroa amaituta, oraindik ere cricketean jokatzera joaten dira.
Harrera plana
Elkar ezagutza bultzatzeaz gain, aniztasun mahaiak beste eginkizun bat dauka. Urretxura etortzen direnek dituzten beharrak identifikatu eta harrera programa bat diseinatu nahi dute eragile guztien elkarlana sustatuta. «Eskola moduko bat sortu nahi dugu, non eragileek irakasle lanak egingo dituzten», dio Arriaranek, urtea amaitu baino lehen ikastaro bat egin nahi dutela gehituz.
Dagoeneko aniztasunarekin lanean ari diren eragile guztien artean sarea osatu nahi dute: «Ez dugu ezer berria asmatu, indarrak metatu nahi ditugu».
Aniztasun mahaiaren partaideak aldatu dira iaztik hona, eta Aurten hasi da Mohamed Omar pakistandarra: «Mahaiko kideek zer pentsatzen dudan galdetzen didate eta errespetatzen nautela sentitzen dut», dio. Euskal Herrira iritsi aurretik Frantzian eta Italian bizi izan da, baina han ez du hemen aurkitu duen gizatasuna topatu. Hala ere, «autobusean nire ondoan jarri nahi ez duenik aurkitzen dut, eta etsigarria da. Horregatik, elkar ezagutza sustatzea giltza dela uste dut». Omarrek cricket eskolak ematen dizkie haurrei. Pakistango 43 lagun bizi dira Urretxun. Omarren hitzetan, «mahaira etortzeko esaten diet baina askorentzat hizkuntza traba bat da». Mikel Babiano urretxuarra da eta mahaian parte hartzen du. Atzerrian bizi izan da luzaroan eta mahaia beldurrak kentzeko «antidoto onena» dela dio, «bertakoen eta etorri direnen arteko zubi bat da». Babianok beldurrak ezjakintasunarekin zuzenean lotu ditu, «ifrentzua elkar ezagutza da eta ezagutzarekin batera aberastasuna dator». Azoka Aniztasun Mahaiaren jardunaren beste urrats bat da; mahaiak ez dio ibiltzeari utziko aniztasuna altxorra dela ederki zabaldu arte.