Edozein futbolarirentzat helburu dena lortu dute Eibar taldeko bi goierritarrek:
1. Mailara igotzea. Dani Garcia zumarragarrak eta Alain Eizmendi beasaindarrak
armagile hirian historiari tiro egin diote, eta erdiz erdi jo.
Inork gutxik pentsatuko zuen duela urtebete igandean zer pasatu zen. Eibar futbol taldea 2.B Mailatik 2. Mailara igo zen, lehen ere urte mordoa lehiatutako esparrura. Baina, guztien ezustekorako denboraldi bikaina osatu, eta Liga bukatzeko bi jardunaldi falta direnean, matematikoki Espainiako 1. Mailara igotzea lortu zuen, Ipuruan, Alavesi irabazi ondoren.
Lehen aldiz jokatuko du Eibarrek maila gorenean, 74 urteko ibilbidean. Europako liga indartsuenetako zelai txikiena (5.250 ikusle) eta taldea duen herri txikiena izango da. Hori dena egia bihurtzen bi jokalari goierritarrek parte hartu dute. Alain Eizmendi (Beasain, 1990) eta Dani Garcia (Zumarraga, 1990). Zuhur baina seguru ziren Alavesen partidaren aurretik, igoko zirela. «Lehenengo gure partida, eta gero datorrena datorrela», zioen aurreko astean Garciak. Eta lortu dute.
«Izugarrizko denboraldia egin dugu, ez genuen pentsatu ere egiten hau. Merezi izan dugulako igo gara», dio Eizmendik. Garciarentzat, 2013-14 denboraldia «pentsaezina» izan da, eta «joko borobila» egin dutela iritzi dio.
Halako balentria lortzeko —ligako aurrekontu txikienetakoa du, 3,9 milioikoa—, faktore bat baino gehiago uztartu direla aitortu du Garciak: «2. Mailan egon den liga ero horretan, futbolean jada ez du kalitateak bakarrik balio. Taldeak gauzak egiteko duen gogoak balio du, batez ere. Eta maila honetan gu gara gogo gehiena jarri duen taldea. Bi arloak ditugu: gogoa, eta kalitatea ere bai. Nahasketa ona, egin duguna egiteko».
Lehiakortasuna. Hor dago gakoa Eizmendiren ustez. «Guk talde oso lehiakorra dugu. Gaizka Garitanok [entrenatzailea] ez dauka inongo arazorik, jokatzen duenak jokatzen duela, badakielako ondo egingo duela». Denboraldi guztian «gozatu» egin duela dio beasaindarrak. «Goian egotea guretzat ametsa da; igotzea, zer esanik ez». Aldagelan zegoen konfiantza handiak eta partidaz partidako lanak erdietsi dute, bere aburuz, lorpena.
Beste ‘jokoak’ irabazgai
Eibarrek zelaian lortu du 1. Mailan aritzeko eskubidea. Izerdiz eta lanez. Ez da nahikoa izango, ordea. Klubaren kapitala handitzera behartu du Espainiako Kirolaren Kontseilu Gorenak, eta abuztuaren 6rako 1,7 milioi euro gehiago bildu beharko du (2,1 milioiko kapitala izateko). Bestela, 2. B Mailara jaitsiko da.
Futbolariek egingarri ikusten dute kapital handitzea. Duela bi aste 400.000 euro batuta zeuzkan klubak. «A Coruñan Deportivori irabazi ondoren, 125.000 euro gehiago bildu ziren. Igota, nik uste dena ondo joango dela, eta azkenean bilduko dela behar den dirua», dio Garciak. Bestetik, «kirol arloa ekonomikoari tiraka» ari zaiola nabarmendu du Eizmendik. «Taldea ondo badoa, beste arloa ere ondo joango da. Ez da inongo arazorik egongo 1. Mailan aritzeko», dio Eizmendik.
Baina Gipuzkoa den herrialde txikian ere eragina izan dezake. Bai harrobiko egituran, bai futbol profesionalean. Reala eta Eibar; Eibar eta Reala. Elkarren artean lankidetza ituna duten bi klub lehiaketa berean ariko dira. Futbolariek ez dute arazorik ikusten hor ere: «Polita izango da. Eibarren modu sinestezinean biziko dute, eta Realarentzat ez dut uste eragozpena izango denik. Erabat kontrakoa baizik: itundutako klub bat 1. Mailan egoteak berari ere lagun diezaioke, jokalariak hazten. Derbi polita izango da», azaldu du zumarragarrak.
Egoera «berezia» izango dela iruditzen zaio Eizmendiri. «Baina bi taldeak dena lortzera irtengo lirateke elkarren aurka ari direnean ere. Realak onura jasoko luke, Eibarri utzi dizkion jokalariak futbolistikoki eginago itzuliko dizkiolako».
«2. Mailako futbol ero honetan jada ez du
kalitateak bakarrik balio, gogoak baizik»
Dani Garcia (Eibar taldeko futbolaria)«Kirol arloa tiraka ari zaio ekonomia
arloari. 1. Mailan aritzeko arazorik ez da egongo»
Alain Eizmendi (Eibar taldeko futbolaria)
Eta paradoxa oraindik gehiago kizkurtzeko, Eibarreko bi goierritarren egoera dago: biak Realaren jokalariak dira izatez. Garcia 2012-13 denboraldirako utzi zion Realak Eibarri, eta Eizmendi iazko udan. Hala ere, hor ere badago irtenbindea, biei ala biei ekainaren bukaeran bukatzen baitzaiei Realarekin duten kontratua.
Eizmendik, esate baterako, Realaren aurreneko taldearekin 2. Mailan debuta egin zuen, Juanma Lilloren garaian. Partida bat jokatu zuen. Garciak, bere aldetik, aurten ezagutu du 2. Maila —aurrez Alacanten jardun zen—. Datorren urtean derbi gipuzkoarra Eibarrekin jokatzeko aukerarik baldin badu, zumarragarrak garbi du: «Beti irteten naiz oso motibatuta, baina Realaren aurka gehixeago irtengo nintzateke».
Etorkizunaz, irribarre
Dani Garciak sasoiko partida guztiak jokatu ditu, txartelengatik zigortuta egon den biak izan ezik. 37 neurketa, denak hasieratik. Gehien jokatu duena da, Irureta atezainaz aparte. Eibar historikoaren euskarri sendoa izan da, zelai erdian. «Abantaila batekin abiatu nintzen: Alain denboraldi honetan etorri da, berria zen taldean. Ni iaztik nengoen, eta entrenatzailea konbentzitu beharrik ez duzu. Iazko joko mailan segitzea zen nire egitekoa. Gaizkak [Garitano] konfiantza izan du nirekin, eta eskertua natzaio».
Eizmendik ere izan ditu aukerak. 28 partidatan jokatu du, 16tan hasieratik. Bi gol ere sartu ditu. «Minutuak baditut, eta hori eskertzekoa da. Nire postuan —erdilaria da— eta orokorrean talde guztian jokalari oso onak daude. Sartzen zail dago».
Etorkizunari buruz, futbolariek ohi duten hitz neurtuz jardun dira. Lehenengo helburua Alavesi irabaztea zen; gero 1. Mailara igotzea. Horiek uste baino lehen lortuta, datorren urteko asmoez ez dute hitz erdirik aurreratu. Irribarre egin du Garciak. «Nire ordezkariarekin ez dut hitz egin. Esan nion denboraldia bukatu arte Eibarren zentratuta egon nahi nuela. Gero, etortzen dena, ongi etorria». Eizmendik ere «momentuz» ez du ezer loturik. Etorkizuna, ordea, primerakoa dute.