Gizakiak berezkoak ez dituen gaitasun asko teknologiari esker erdietsi ditu, baina nork bere kasa hegan egiteko ametsa betetzeko dago oraindik. Amets horretatik hurbil-hurbil daude parapentean hegan egiten dutenak. Bihar Parapente Eguna egingo dute Sakanan, Nafarroan. Kirol honi buruzko jakin-mina duten ehun bat lagun elkartuko dira Baiza Parapente Taldeak antolatutako jardunaldietan. Aitor Baiza taldeko kidearen arabera, «ausartenek» hegan egiteko aukera ere izango dute. Sakanako topaketan ez da goierritarrik faltako.
Biharkoa Parapente Egunaren 25. ekitaldia da. Euskal Herriko hainbat tokitatik joandako hegalariak bilduko dira Sakanan, eta «kirol hau ezagutzera emateko». Korrika egiteko gaitasuna eta altuerari beldurrik ez izatea dira parapentean hegan egiteko baldintza bakarrak.
Bestelakoan, eguraldiak baino ez du baldintzarik jartzen. Haizearen indarrak ezin du 30 kilometro orduko abiadura gainditu. Haizearen kontra ateratzea komeni da eta euriarekin irtetea ez da batere gomendagarria. Gartziak hegalariek erabiltzen duten esaldia gogoratu du: «Askoz hobea da lurrean hegan egiteko gogoak jota egotea zeruan ezin jaitsita egotea baino».
Ipar haizeak jotzen duenean Urbasako Santa Marinako ermitatik ateratzen dira, eta Iturmendin lur hartzen dute; hego haizearekin San Migeletik atera eta Irañetan lur hartzen dute.
Izen-ematea
Hegan egitean zer sentitzen den galdetuta arnasa hartu du, eta «isiltasuna, lasaitasuna eta askatasuna» aipatu ditu. Dioenez, «hasierako urduritasuna baretzen denean hegan egiten ari zarela konturatzen zara. Dena dela, onena sentitzea da».
Jose Ramon Agirre Marron ataundarrak Parapente Egunean parte hartuko du. Urteak dira Baiza taldeko kide dela eta «pozik» agertu da «gazteak indartsu» datozelako. Mendizaletasunarekin lotzen zaio berari parapente zaletasuna, eta hegan dagoenean «aske» sentitzen dela dio: «Haizea sentitzearekin bakarrik bizirik sentitzen zara». Lurrean egonda ere aske sentitzen dela zehaztu du. «Dena dela, hegan egiten duzunean askatasuna bestelakoa da».
Biharko Parapente Egunaren egitarauak goizetik iluntzera arteko ekintzak hartzen ditu. Hegan egiteko aukera emango dute, baina horretarako aurrez sakanaparapente@gmail.com helbidean izena eman behar da.