Gizakioi dagokigun elikadura zein den eta zergatik aztertzekotan geratu ginen azken artikuluan eta horixe egingo dugu. Gure gorputzaren beharrak zein diren argi eta garbi ikusi ahal izango dugu bere egitura, kalitate eta diseinuari erreparatuta.
Aurreko guztiak kontuan hartuta nola osatuko genuke platera?
- Zerealak jatorduko elikagaien %50 izan behar du pisuan (eskukada bat gutxi gorabehera): arroza, garagarra, artatxikia, oloa, garia, zekalea… findu gabeak eta uretan egosiak. Ah! Chocokrispis, kellog’s eta horrelakoak ez dute balio, gaur egun jende gehienak uste baitu horiek jatea dela zerealak jatea.
- Barazkiak jatorduko elikagaien %35 izan behar du pisuan (bi eskukada gutxi gorabehera): tipulak, azenarioak, kalabazak, porruak, arbiak, brokoliak, azaloreak, bardana, Loto sustraiak, aza txinatarra, aza berde kizkurra edo buru-aza eta hosto berdeak…; eta itsasoko barazkiak ahaztu gabe: algak! Gurean lau urtaro ditugunez, ez da komeni barazkiak gordinik jatea, ezta denbora luzean sukaldatuak ere, gehiengoak egiten duen lez. Izan ere, gordinik janez gero, hesteetako flora kaltetzen da, haizeak sortzen dira, eta ondorioz, elikagaiak ez dira ondo xurgatzen; aitzitik, asko sukaldatuz gero, nutrienterik eta bitaminarik gabe geratzen dira.
- Lekaleak eta eratorriak, jatorduko elikagaien %10 izan behar du pisuan (lau goilarakada gutxi gorabehera), eta osoko zerealekin batera, gure gorputzak behar dituen proteina osoak ematen dizkigute: azukiak, soja beltza, dilistak, garbantzuak, mungo babarrun berdea, tofua, seitana tempeh-a, natto…
- Jatordu nagusietako %5a osatuko lukete zopek, haziek, fruitu lehorrek, olioak, shoyuak, misoak, ongailuak eta pickleak.
Eta ez ahaztu! elikagaiak direla, baita ere, inguratzen gaituen guztia: ingurunea, familia, lagunak, hezkuntza, arnasten dugun airea, entzuten duguna, esaten duguna…. Horrek eragin handia du guregan, eta, horregatik, asko zaindu behar ditugun alderdiak dira, batez ere baxu antzean gabiltzanean…