Ion Muñoa
Uda gain-gainean dugu eta horrekin batera burura datozkigu gure imajinario kolektiboan txertatuta ditugun sinboloak eta elementuak. Batzuk bizi izan ditugulako eta beste batzuk ikusi ditugulako. Baina «uda» esatean, oporraldia, bidaiak, eguzkia, atsedena, hondartza, mendia, jaiak, zerbezak, txiringitoak, izozkiak, haurren udalekuak, igerilekua, belarretan aritzea… hamaika irudi datozkigu burura! Bakoitzak bere eran bizi dugu garai hau ere, baina gizarte moduan baditugu halako jokabide ustez «estandar» batzuk.
Haurrek eta gaztetxoek oporraldi luzea izaten dute eskolan. Lan finkoa (edo gutxienez hala deitutakoa) duten gehienek hilabete lanera joan gabe pasatzeko aukera izaten dute. Eta badirudi garai hori ehuneko ehunera zukutu beharra dagoela; bestela bat tontoa edo dela. Badirudi urte guztian dozenaka egun txar edo erdi-purdiko pasatzea erraz onartzen dugula, baina udako egun zoragarri, magnifiko eta libre horietan denbora ondo aprobetxatu behar dela. Badirudi kanpora ez doanak ez duela oporrik egiten; badirudi Euskal Herriko festa guztiak pasatzen ez dituen gazteak ez duela garaiari dagokion uda bizi; badirudi haurrak hiru hilabetez ekintzaz eta egiteko planifikatuz beterik ez badaude, ez dela uda ona haientzat. Hainbeste aurre-espektatiba sortzen ditugu!
Bizi ditugun garaiotan, urtean zehar ere pasa beharreko penditz eta malkarrekin nahikoa ez, eta gero irailean aldapa omen dago! Urte guztia eta uda beste modu batera planteatuko bagenitu, ez ote litzateke iraileko aldapa ordekaxeago izango?
Eneritz Gorrotxategi
Batzuen opor sasoia besteen lan aukera bihurtzen da, eta zer esango dugu bada! Lanerako aukera izanda, pozik gainera! Urtean zehar lanik izan ez duenak gustura hartuko ez du bada, uda sasoiko lana? Egia da krisi egoera baliatzen ari direla hainbat ugazaba, lan prekarioak soilik eskaintzeko eta ez da gauza bera noski, oporrak norberaren erabakiz sasoi batean edo bestean hartzea, edota derrigorez hartu behar izatea.
Oporrak beraz, lanaren ordaina badira, nola hasi oporretan pentsatzen, lanik ezean? Oinarrizko gaietan pentsatzearekin nahikoa lan duenak, oporretan pentsatuko duela iruditzen al zaizu? Ez al ditu oporrak «luxutzat» hartuko? Uste dut askorentzat iraileko aldapa, urteko aldapa gogorraren beste zati bat baino ez dela.
Aipatzen dituzun estandar horiezaz gain beste mila alternatiba ere badaudela iruditzen zait, eta zertarako estandarrak bete? Ez al da zilegi oporretan norberak nahi duenaz gozatzea? Ni, beti izan naiz alternatiba zalea, eta eguneroko martxatik irtenda, (iratzargailua ez jartzearekin eta erlojua eskumuturretik kentzearekin) opor usainean jartzen naiz. Ez dut uste estandarrak betetzeagatik opor sasoi hobea edo okerragoa izango denik. Norberaren gozamena baldin bada helburu, norberak aztertuko du non topa dezakeen bilatzen duen hori; etxe inguruan, herrian bertan, milaka kilometrotara… Beraz, oporretan, gozatzea lortzen baduzue eta zoriontsu bazarete, bejondeizuela!