Libratu gara! Bai, ez goaz kartzelara. 2009an abiatutako 40 gazte independentiston aurkako auzia denon absoluzioarekin amaitu da, eta bi ondorio nagusi utzi ditu ebazpenak: poza lehena, eta poztu garenok osatzen dugun gehiengo berria; legeak borondatea duela aginte, bigarrena, legerik aldatu beharrik gabe borondatea dagoenean sufrimendua ez areagotzeko neurriak hartzea ez dela horren zaila.
Poza, noski, gurea lehenbizi, norbere burua libre ikusteaz gain, militantzia kide izan garen 40ok ez dugulako berriz espetxera joan beharko. Poztu gara gu, eta poztu dira gure ingurukoak. Baina esango nuke ia denok poztu gaituela absoluzioak. Gure antzeko mundu ikuskera dutenak eta kontrakoa dutenak. Ebazpena ezagutzearekin batera poza sentitu dugun denok gehiengo berri bat osatzen dugu, Gu berri bat. Izan ere, azken urteetan Euskal Herrian ireki dugun aro berriarekin konponbidearen alde, bakearen alde, garai berri baten alde egiten dugunok gara gehiengoa.
Epaiketaren amaieran Gu berriaren adierazpena deitu genuena egin zuten publiko 40 pertsona ezagunek. Orri hauetara ere ekarri genuen adierazpen hura. Laburrean, politikak epaitegietatik irten behar zuela genion, eta bazela garaia denok irabazle egingo gaituen etorkizuna eraikitzeko. Genion epaitegietako erabakiak garai berri baterako trantsizio ikuspegitik aplikatu behar zirela, eta gure ebazpena horren adibide da.
Ez dute legerik aldatu, gu absolbitu gaituen legedi berberarekin dozenaka herritar espetxeratu dituzte, espetxean dira batzuk, eta zigorra beteta kalean beste asko. Ikuspegi hori bera, ordea, gatazkaren ondorioen zuzeneko biktima direnei ere aplikatu behar zaie. Legea ez da oztopo irailetik aurrera abiatuko dituzten epaiketa berriak eteteko, legea ez da oztopo preso diren gaixoak aske utzi eta urrun direnak gerturatzeko, legea ez da oztopo espetxe politikan sakoneko aldaketak eman eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren egoera arintzeko… Ez da legea arazo, borondate falta baizik.
Zoritxarrez gure absoluzioa salbuespena da, oraindik, ez arau. Gure epaiketaren amaieran 40 herritarrek egin bezala, orain gu 40 absolbituok gure egiten dugu azken hitz hura, gehiengo berriaren adierazpen hura, eta gure egiten dugu harresiak zeuden lekuan zubiak eraiki nahi ditugula dioen adierazpena, etorkizunerako ilusio eta justizia zubiak eraiki behar direla dioen adierazpena. 40 militante irabazi ditu konponbideak, guri ere sufritzea tokatu zaigun arren, ez dugulako sufrimendu hori mendekurako edo bestearen aurka egiteko erabiliko.
Denon artean, ebazpena ezagutu eta poztu garen denon artean igaro behar dugu konponbidearen zubia. Lehendik nahikoa sufritu duenak gehiago sufri ez dezan, sufrimendu berririk sor ez dadin eta guk independentzia eta sozialismoa, eta parekoak lehenesten duen proiektu politikoa defendatu ahal ditzan, aukera berdintasunean eta herritarren borondatea muga bakar gisa.
Libratu gara, eta orain guk oihukatuko dugu Libre! antzeko egoera sufritzeko arriskuan diren guztien defentsan.