Ikasketak Goierri Eskolan egin zituen Iñaki Zabalok (Ordizia, 1968), Arrasaten ingeniaritza ikastera joan arte. 1992an itzuli zen atzera, lanera. Hogei urte zuzendaritza karguetan daramatza, azkeneko hamarrak zuzendari. Eskolaren historiaren erdia —aurten 50 urte bete ditu— barrutik ezagutu du. Elkarlana eta garai bakoitzera egokitzen jakitea nabarmendu ditu Zabalok, balio handienak.
Ospakizunak abenduan hasi zituzten, eta asteazkenean dute ekitaldi nagusia, 10:30ean, Eskolan. Han izango dira Urkullu lehendakaria eta Garitano ahaldun nagusia. Liburua ere egin dute, Joseba Imaz eta Mikel Urteaga kazetariek, nahiz ez den orain iritsiko.
Zer dauka ospatzeko Goierri Eskolak, urteez gain?
Belaunaldi asko izan ditugu 50 urteetan, eta horiek hezi ditugu. Hasieran guraso elkarte zena 1986an Goierri Fundazio bihurtu zen, eta giltzarri garrantzitsua izan zen, babes juridikoa eta baliabide ekonomikoak eman zizkiolako. Eskualdeko 18 udal eta 40 enpresa daude. Ikaslan 1987an fundazio modura sendotzea, Goieki sortzea, ingeniaritzako ikasketak txertatzea 2001ean… Lortek etorri zen gero, eta azkena, kontzeptu bezala, Goierri Berrikuntza Gunea. Hori dena du ospatzeko.
Zertara egokitu behar izan du Eskolak bere ibilbidean?
Liburua egin duen Joseba Imaz kazetariak aipatzen du gure DNAn dagoela zer egiten ari garen zalantzan jartzea; ondo dagoen, nola den posible egitea, nola berrikusi… Orain ari gara berriro bueltak ematen, egoera ikusita. Eskualdeko lehen diagnostiko bat egin da, beste batzuekin alderatuta, eta horrekin birplanteatuko dugu norantz jo.
Etengabe pentsatu du Eskolak non dagoen eta nora joan nahi duen. Bidaia denok egin behar dugu, elkarlana ezinbestekoa da. 50 urteotan, lanbide heziketan 8.200 ikaslek lortu dute titulua, eta portzentaje handi bat Goierriko enpresetan dabil lanean. 9.200 langile pasatu dira ez arautuko formatuan, 90 tematika desberdinetan, gaitasuna teknikoak eta kudeaketakoak hobetzeko. Eta, 13 urteotan, ia 400 ingeniari lizentziatu dira.
Hasierako printzipioei eutsita?
Bailarako beharrei erantzutea da gure bokazioa, formakuntzan eta zerbitzu tekniko-teknologikoen aholkularitza eskainiz enpresentzat. Goierri Eskola gizartearen ekimen modura jaio zen, eta horri eutsi dio bilakaera osoan. Hezkuntza teknikoaz gain, giza-heziketari ere balioa eman dio.
Krisi garaian gaude, nahiz eta Goierri beste toki batzuk baino gutxiago erasotu duen. Nola irtengo gara?
Sekreturik ez daukagu, ez bada lana egitea eta elkarlana sustatzea. Hiru urtean behin, gogoeta egiten dugu, eta urtero berrikusi, interes taldeek (gurasoak, administrazioa, enpresak eta beste eragileak) zer esaten duten ikusteko, ahalik eta gertuen hurbiltzeko beharretara eta itxaropenetara. Azken aldaketek eskatzen dute azkar eta egoki erantzutea. Zorionez, eskualdean ditugun enpresa garrantzitsuak nazioarteko merkatuetan lehiatzen ari dira, eta estatus hori mantentzeko lan handia, ona eta gaitasuna izan dute.
Nazioarteratzea izan da hain gaizki ez egoteko gakoa?
Bai. Diagnosian azaltzen da, giltzetako bat izan dela eskualdeko enpresa asko hemendik eta Espainiatik kanpora egotea beren produktuak merkaturatzen. Langabezia tasa %13 da Goierrin, pasatzen ari denarekin; 1991n %18 genuen. Beste eskualdeekin alderatuta, datu ona da, zenbakiz. Baina garrantzitsua da lana sortzea; lan kualifikatua eta kalitatezkoa.
Eskolak zer paper du horretan?
Gogoetak egin eta interes taldeei entzuten diegunean, ikusten da ikasleak teknikoki ondo prestatuta ateratzen direla. Baina beste gaitasun batzuk ere behar dira, geroz eta gehiago: taldean ondo lan egitea, komunikazio gaitasuna, kanpoan saltzen denean hizkuntzaren tratamenduan arreta handia… Eta mugikortasuna. Gure kulturan ez dago hori. Sei hilabete lanera Kanadara, AEBetara edo Errusiara joatea kosta egiten zaigu. Bestetik, iniziatiba, sormena eta egiten denarekin ez konformatzea ere behar dira.
Goierriko ekonomia, historikoki, metalgintzak elikatu du, nagusiki. Zer egin beste herrialde batzuetako ekoizleek tokia ken ez diezaioten?
Kuriosoa da, hainbeste urte kostatu da maila horretara iristea, eta bizpahiru urtean beste potentzia batzuk iritsi dira, ez agian puntu horretaraino, baina gertu bai. Produktuak, lehengaiak, teknologia eta makinak saldu egiten dira, baina hor pertsonak daude. Balio erantsia pertsonak ematen die. Pertsonekin ondo lan egitea da hurrengo erronka.
Epe motzean, eskualdeko enpresa traktoreek —eta auxiliarrek—, ez dugu uste aldaketa handia izango dutenik ekoizpen mailan. Baina, 2045erako, demografia garapenean, biztanleria-adinaren piramidea txanpinoi formakoa izatea aurreikusten da: enborra mehea eta burua handia. Enborreko pertsonek mantendu beharko dituzte goian daudenak. Hala, osasunarekin lotutako sektorea indartu egingo da.
Eskola hasi da osasungintzako ikasketak eskaintzen.
Bai. Behar berriak daude, eta enpresak ari dira jada osasun sektorean mugitzen. Udalek eskatuta, menpekotasun egoeran daudenei arreta berezia emateko pertsonak prestatzen ari gara. Arrakasta izan du.
Bestetik, zalantzarik gabe, energia sektorea ere berpiztu egingo da, eta zorionez eskualdean baditugu enpresa indartsuak arlo horretan. Nanoteknologiak ere aipatzen dira; beharbada iritsiko dira, baina epe labur batean ez; ertain-luzera.
Eskolaren fundazio eredua mistoa da: erakunde publikoak eta enpresak. Bien ala bien finantza zailtasunak ikusita, arriskurik badu Eskolak?
Arriskurik, ez. Eragile horien laguntzagatik ailegatu da gure Eskola besteen eredu izatera. Beti ongietorriak dira, baina zorionez Eskola ez da eragile horietatik jaso ditzakeen laguntzetatik bizi. Haien ekarpenak berrikuntzara bideratuta daude, ez ohiko gastu arruntera. Goierri Eskolak beste iturri batzuk bilatu eta aurkitu ditu.
Etorkizuna nolakoa datorke?
Gure ezaugarri bat izan da garaian garaiko gizartearen beharretara egokitzea. Amaierako helburuen fokua elkarlanean jarri behar da. Goierriren onura bat da, nahiz sentsibilitate desberdinak izan, denok helburu komun batekin ari garela: elkarlanean eskualdea garatzeko.